Gaur, uztailaren 11n, 12:00etan, hileta elizkizuna izango da Gasteizen, Maria Sortzez Garbia katedralean, Katedral Berria esaten dioten horretan, 1936ko uztailaren 18an herriaren nahiaren kontra altxaturiko tropa kolpistek hil zituzten hamalau euskal apaizen oroigarri.
Horixe izango da Bilboko, Gasteizko eta Donostiako apezpikuek proposatu dituzten ekitaldietatik publikoena eta nabarmenena, aurreko astean Oroimena garbitu, egia zerbitzatu, barkamena eskatu dokumentua argitara eman ondoren. Haien ustez, «egiteke dagoen eskakizun bat» da, eta, horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaie «oroimena garbitzea». Horregatik, hau egitea erabaki dute: hileta elizkizuna egitea; «baztertu zituzten haien» oroigarri bat argitaratzea elizbarruti bakoitzeko aldizkari nagusian; eta eraildako hamalau apaiz haien izenak aipatzea parrokia bakoitzeko hilen erregistro ofizialean. Izan ere, Elizaren egiturak ez ikusiarena egin die heriotza horiei hirurogei eta gehiago urtean, eta bi bakarrik zeuden izena emanda modu ofizialean elizbarrutietako eta parrokietako erregistroetan: Martin Lekuona Etxabeguren eta Gervasio Albizu Bidaur.
Ahaztuak 1936-1977 taldekoek begi onez ikusten dugu bai dokumentu hori argitaratu izana eta bai dokumentuan proposatzen diren ekitaldiak. Jokabide hori esperantza iturri gertatzen da; izan ere, ez dator bat Francoren erregimenaren biktimen inguruan Elizak duen jarrerarekin, hark Te Deum monokorde bat kantatu baitie beti bai «gurutzadaren martiriak» dohatsu bihurtzeko prozesuei, bai eliz artxiboak ikertzeko eta sinbolo frankistak kentzeko ukoari -sinbolo horiei harrera goxoa egiten zaie oraindik hainbat eraikinetan, besteak beste Gasteizko Katedral Berrian-.
Garrantzitsua iruditzen zaigu dokumentu hori eta, jakina, agidanean euskal Elizak horren bitartez hartu nahi duen jarrera berria ere bai, baina esan beharra dago oraindik ere osatu gabea iruditzen zaigula eta kontraesanak dituela. Ezin dugu ahaztu ez Elizari egiten diogun kritika sentitua eta ez harekiko urruti sentitzeko arrazoi logikoa. Eliza -eta hemengoa ere haren parte da- ez da aparte geratu Egia, Erreparazioa eta Justizia eskatu denean Francoren erregimenaren biktimentzat; aitzitik, nahiko gogor egin du eskaera horien kontra...
Egingo ez du, ba: hileta hori egiteko aukeratutako lekua, jendaurrean «oroimena garbitzeko» eta «egia zerbitzatzeko» aukeratutako lekua, sinbolo frankisten gordailu nagusietako bat da Euskal Herrian.
Izan ere, zein leku aukeratuko, eta 1969ko irailaren 24an Francisco Franco kolpista genozidak inauguraturiko katedrala, gorte faxistetako presidentea eta erregimeneko zenbait ministro lagun zituela.
Era berean, ez dugu ulertzen dokumentuan eta bertan egiten diren proposamenetan zergatik aipatzen diren hamalau apaiz horiek bakarrik, bazter batean utzirik Francoren erregimenak hildako gainerakoak.
Hori guztia ikusirik, Ahaztuak 1936-1977 frankismoaren biktimen taldekoek -eta tartean gara kristau komunitateko kide diren/garen batzuk- zorionak eman nahi dizkiegu euskal apezpikuei, hartu duten erabakiarengatik, eta bihotzez animatu nahi ditugu bide horretatik segi dezaten, irmo, behar den guztia. Horregatik, eskatu nahi diegu gaurko, aurreneko neurri gisa, estal dezatela eliz barrenean dagoen arrano inperial frankista. Hala egin ezean, hantxe egongo da, geldi-geldi, hiletaren buru: surrealismoa, batetik, eta apaiz haienganako eta frankismoaren biktima guztienganako burla ankerra, bestetik.
Era berean, hau eskatu nahi diegu euskal apezpikuei: beren indar guztiaz eskatzeko, beste hainbatekin batera, modua izan dadila gure senide erailen izena jartzeko erregistro zibiletan, orain arte ezinezkoa baita gehienetan. Alegia, modua izan dadila erregistro zibiletan egiteko orain elizbarrituetako eta parrokietako erregistroetan hamabi apaizen izenekin egingo dena.
Gainera, eskatu nahi diegu ahal duten guztia egin dezatela beren jokabide eta proposamen berri horietara biltzeko Iruñeko artzapezpikua, Perez monsinorea; izan ere, hark bat egin izan du beste batzuetan, gustura asko gainera, euskal apezpikuekin, baina oraingo dokumentu horretan ez da ageri haren sinadurarik.
Hori esanda, Ahaztuak 1936-1977 taldekoek babesa eman nahi diogu euskal apezpikuen ekimenari, eta, horregatik, erabaki dugu ekitaldi propio batean ematea babesa; horrek, alde batetik, parte hartzeko bidea zelaituko die kristau komunitateko kide ez diren/garen frankismoaren biktimei, eta, bestetik, parte hartzeko bidea zelaituko die hileta egiteko aukeraturiko lekua ezegokitzat jotzen dutenei, kristau komunitateko kide izan zein ez.
Ekitaldi hori elkarretaratze isila izango da, gaur, larunbata, uztailaren 11n, Gasteizko Katedral Berriko eskaileretan, 12:00etan. Apaiz erailen oroimenezko hiletak iraun bitartean izango da elkarretaratzea; apaiz haien eta frankismoaren biktima guztien oroigarri egingo dugu, eta haientzako Egia, Erreparazioa eta Justizia eskatuko ditugu, denak ere hain premiazkoak eta hainbeste atzeratuak.
(Berria. 09 / 07 / 11)