Harridura. Hori da gehien errepikatu den hitza, azken astean Donostiako Urumea ibaiaren ertzean 1936ko gerrako zazpi fusilatu hilobiratuta zeuden bi hobi aurkitu dituzten langileen artean. Harridura ere hobi horietan indusketa lanak egiten aritu direnen artean. Izan ere, batetik bestera bi metro eskas zeuden, eta ez zen ohikoa inguru haietan hilobiratzeak egitea. Gorpuzkinak norenak diren argitzea da orain kontua. Ia erabat ziurtatuta dute gorpuzkinak errepublikazaleenak direla.
Iragan asteko astelehenean aurkitu zituzten lehen gorpuzkinak Donostiako seigarren zubiko lanak egiten ari diren beharginek, Urumea ertzean. Langileek epaitegira jotzea erabaki zuten. Iñaki Egaña historialariak langile horiek izandako jokabidea nabarmendu du. «Halako obretan lur asko mugitzen da, eta batzuetan gertatzen da gorpuzkinak aurkitzea. Baina langileek ez dute horren berri ematen. Kasu honetan ez da horrela izan, eta eskertzekoa da».
Epaileak lanak geratzea agindu, eta ingurua itxi zuen. Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Medikuntza Legaleko adituen esku utzi zituen indusketa lanak. Hasiera batean Independentziako Gerran hildakoen gorpuzkinak ote ziren pentsatu zuten. Baina aurkitutako elementuek ezeztatu egin zuten uste hori. Gorpuak 36ko gerrako fusilatuenak ziren.
Ez zuten espero Urumea ertzean 1936ko gerran fusilatuen gorpuzkinak aurkitzea. «Bi bandoek fusilamenduak egin zituzten inguru haietan, baina, ondoren, gorpuak ez zituzten han hilobiratzen», azaldu du Egañak. Frankisten gorpuzkinak Donostiako Polloeko hilerrira eramaten zituzten. Beraz, gorpuzkinak ez ziren frankistenak.
Frankismoaren aurka borrokatu zirenak, aldiz, atxilotu eta Ondarretako kartzelan sartzen zituzten. Ondoren Oiartzungo, Hernaniko edota Bidebietako hilerrietan fusilatu eta hobiratzen zituzten. «Kasu honetan, ziurrenik, Falangeak Bulebarrean zuen zentrora eramango zituzten; ondoren Urumean fusilatu eta hobiratzeko».
Handik egun gutxira beste hobi bat aurkitu zuten, aurrekoaren bi metrora. Bertan beste lau lagunen gorpuzkinak aurkitu zituzten. «Ez dugu uste egun berean fusilatuak izan zirenik. Hala izan balitz, normalena hobi berean hilobiratzea izango litzateke».
Hemendik aurrera hezurrak norenak diren identifikatzeko lanak hasiko dira. Horretarako, hezurren azterketa antropologikoa egingo dute, hildakoaren adina eta gorpuzkera zehazte aldera.
Oso lagungarriak izango zaizkie, halaber, hezurrekin batera aurkitu dituzten objektuak. «Beste indusketa batzuetan objektu gehiago aurkitu izan ditugu. Uraren ondorioz usteldu edo desagertu egin dira».
Aurkitutako objektuen arabera, lehen hobian aurkitutako gorpuzkinetako batzuk udaltzain batenak izan daitezkeela uste dute. «SS idatzita duten jaka bateko sei botoi aurkitu ditugu, eta Udaltzaingoarekin baieztatu ahal izan dugu botoi horiek orduko udaltzainen jaketakoak direla».
Bestelako objektuak ere topatu dituzte: zapatak, botoiak, jaurtigaiak... «Bigarren hobian 1933 idatzita zuen orrazi bat aurkitu dugu, eta halako datuen ia ziurtasun osoa ematen digute gorpuzkinak 1936ko gerrakoak direla esateko».
Auzia epailearen esku dagoenez, haren erabakien zain daude. Oraingoz, ez dute uste inguru haietan hobi gehiago agertuko direnik. «Inguruko lurrak jada porlanarekin estalita daude».
(Berria. 09 / 07 / 9)