sábado, julio 11, 2009

OROIMENA ARAZTEKO


Oroimena arazteko, batzuetan, beharrezko da ahaztea». Iaz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzon 1936ko gerrako fusilatuen eta desagertuen auzia ikertzen hasi zenean, historia ez harrotzeko eskatu zuen, hitz horiekin, Antonio Maria Rouco Varela Espainiako Gotzainen Batzarreko presidenteak. Gaur, helburu berarekin -«oroimena araztea»-, meza egingo dute Gasteizko Katedral Berrian. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko gotzainen ekimenez, 36ko gerrako «garaileek hil eta isilpera baztertu zituzten apaiz haiek» gogora ekarriko dituzte. Frankista eta erreketeek 14 apaiz fusilatu zituzten 1936 eta 1937 artean. «Ez zitzaien egin zegokien hileta elizkizunik, eta kasu gehienetan ez zen haien heriotza erregistratu», gotzainek kaleratu duten agiriaren arabera. Hiletarik eta epaiketarik gabe hildako apaizek, gaur hartuko dute atseden.

Arazoa lehendik dator, etorri. 36ko gerran hildako 498 erlijio gizon eta emakume dohatsu izendatu zituzten, Erroman, 2007ko urriaren 28an; tartean baziren 16 apaiz nafar. Zerrenda horretan, baina, ez zeuden Francoren osteek fusilatutako apaizak. Hutsune hori sarri gogorarazi diete gotzainei. Hala aitortu zuten Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak, Joan Maria Uriarte Donostiakoak, Migel Asurmendi Gasteizkoak eta Mario Izeta Bilboko gotzain laguntzaileak, hilabete hasieran idatzi zuten agirian. «Egiteke dagoen eginkizun» hori bete nahi dute gotzainek. «Egia zerbitzatu nahi dugu, hori baita justizia, bakea eta adiskidetzea eraikitzeko oinarri funtsezkoetako bat», esan dute. Baztertuei duintasuna aitortu, eta haien senideei mina arindu nahi dietela jakinarazi dute. Argitu dute ez dela haien asmoa zauriak irekitzea: «Alderantziz, zauriak sendatzen edo leuntzen lagundu nahi dugu».

Euskalgintzari lotutako apaizak

Martin Lekuona izan zen frankistek hil zuten lehen apaiza. Errenteriako (Gipuzkoa) elizako apaiz laguntzailea zen, eta 28 urte zituela hil zuten, Hernanin (Gipuzkoa), Gerbasio Albizurekin. Hura ere apaiz laguntzailea zen Errenterian. Donostiara, Ondarretako kartzelara, eraman ohi zituzten atxilotuak, eta Hernanin edo Oiartzunen (Gipuzkoa) fusilatzen gehienak. Jose Ariztimuño Aitzol, ihesean atzemana, Jose Adarraga Hernaniko parrokiako apaiza, Alejandro Mendikute Donostiako kaperaua, Zelestino Onaindia Elgoibarko apaiz laguntzailea eta Jose Otano apaiza ere urrian hil zituzten, Hernanin. Jose Iturrikastillo eta Jose Ignazio Peñagarikano Oiartzunen fusilatu zituzten. Euskalgintzarekin eta abertzaletasunarekin loturak zituzten fusilatutako apaiz gehienek. Jose Markiegi eta Leonardo Guridi Arrasateko (Gipuzkoa) apaiz laguntzaileek, esaterako, euskarazko irakasgaiak eman zituzten herriko lehen ikastolan. Haiekin batera, urriaren 24an edo 25ean, Jose Joakin Arin Arrasateko artzapeza ere fusilatu zuten, Oiartzunen. Hirurak Te Deum kantatzen igo bide ziren hilerrira. Bizkaian ere fusilatu zituzten apaizak: Jose Sagarna Markina-Xemeinen fusilatu zuten, eta Roman de San Jose Urtiaga Zornotzan. Azkena izan zen Urtiaga, 1937ko maiatzaren 16an hil baitzuten. Oroimenean hartuko dituzte gaurko mezan, eta bi bertso kantatuko ditu Martin Lekuona zenaren ilobak, Andoni Lekuonak. Ekitaldian izango dira, bestalde, Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua eta Iñigo Urkullu EAJko presidentea.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak ere gogo onez hartu du gotzainen ekimena: «Elizak 70 urtez izan duen jarrera ofizialaren aldaketa itxaropentsua da». Elizak sinbologia frankista ezabatzeari uko egin eta garai hari buruzko ikerketak trabatu izan dituela salatu du taldeak. Hain justu, Katedral Berrian «arrano inperial faxista duen ezkutu erraldoia» dagoela nabarmendu du Ahaztuak taldeak, eta eskatu du, elizkizunerako, ikur hori estaltzeko. Hala ere, gotzainen ekimena babestu eta zoriondu du taldeak, eta kontzentrazioa egingo du, elizkizunak dirauen bitartean, elizako eskaileren alboan.

Motzean

Elizkizuna. Gaur izango da Gasteizko Katedral Berrian, 12:00etan. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko gotzainek deitu dute ekitaldia.

Fusilatuak.

1936ko urria eta 1937ko maiatza artean 14 apaiz fusilatu zituzten frankistek: Jose Adarraga Larburu; Gerbasio Albizu Bidaur; Jose Joakin Arin Oiartzabal; Jose Ariztimuño Olaso; Leonardo Guridi Arrazola; Jose Iturrikastillo Aranzabal; Martin Lekuona Etxabeguren; Jose Markiegi Olazabal; Alejandro Mendikute Lizeaga; Zelestino Onaindia Zuloaga; Jose Otano Migelez; Jose Ignazio Peñagarikano Solozabal; Jose Sagarna Uriarte; eta Roman de San Jose Urtiaga Elezburu.

(Berria. 09 / 07 / 11)