Hau gaizki doa. Euskal apaizeriaren zati handi bat jazarria dago. Eliz-giroan euskalduna izatea bera jatorrizko bekatua da». 1936ko hitzak dira horiek. Joxe Migel Barandiaranek erbestean idatziak. Ihes egitea lortu zuen gerratik, heriotzatik. Harekin batera, 110 bat apaiz iritsi ziren Ipar Euskal Herrira. «Erbesteko ogia mingotsa da», idatzi zuen egunerokoan apaizak.
Mingotsagoa, heriotza.
Jose Adarraga, Gerbasio Albizu, Jose Joakin Arin, Jose Ariztimuño Aitzol, Leonardo Guridi, Jose Iturrikastillo, Martin Lekuona, Jose Markiegi, Alejandro Mendikute, Zelestino Onaindia, Jose Otano, Jose Ignazio Peñagarikano, Jose Sagarna eta Roman de San Jose Urtiaga apaizak frankistek hil zituzten 36 gerran. Elizak ahaztu egin zituen, «oroimena arazteko». Atzo lehen meza eskaini zitzaien, Gasteizen. Gotzainek «egia zerbitzatu» nahi izan dutelako.
Baina errepublikarrek hildako 498 erlijioso dohatsu egin zituzten Erroman 2007an.
Bekatuak luze iraun du. Eta irauten du.
(Berria. 09 / 07 / 12)