domingo, julio 26, 2009

BALIO DEMOKRATIKOAK GALDEGIN DITUZTE, 36KO "SARRASKIA" EZ ERREPIKATZEKO

Txile, Argentina, Bosnia... Frankismoan errepresioa jasan zutenei atzo Donostian egin zieten omenaldia, eta antolatzaileek herrialde horiekin parekatu zuten 1936an Euskal Herrian jazo zena. Donostiako Oroimen Historikoaren Taldeak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu zuten ekitaldai. Ekain hondarrean zazpi hezurdura aurkitu zituzten Donostian, bi hobitan sartuta, lurpean bi metrora. Bigarren saihesbiderako lanak egiten ari diren lekuan agertu ziren, lehen burdinezko zubia zen lekuan. Han bertan egin zuten atzoko omenaldia. «Justizia, baina letra larriz», eskatu zuten antolatzaileek, eta «frankismoak erraustu zituen balio demokratikoak» berreskuratzera deitu zuten. «Balio horiek egingo baitute iragana berriz ez errepikatzea», Martxelo Alvarez, Ahaztuak-eko kidearen hitzetan.

2009 urtean, oraindik senide desagertuak edukitzea, non dauden ez jakitea, tamalgarria dela nabarmendu du Alvarezek. Desagertuak ekarri ditu gogora, «ez soilik frankismokoak». Eduardo Moreno Bergaretxe eta Jose Migel Etxeberria gogora ekarri ditu. «Jon Anzarekin ere galdera bera egin beharrean gaude», adierazi du Alvarezek. Horregatik, 1936ko «sarraski hura ez errepikatzeko, egiazki demokratikoa den sistema bat» galdegin du.

Fusilatuen nortasuna

Donostian aurkitu dituzten azken gorpuzkinen lekua, ez zen fusilaketak egiteko ohikoa, atzoko ekitaldian hitza hartu zuen Iñaki Egaña historialariaren hitzetan: «Hernanin edo Oiartzunen fusilatzen zituzten errepublikarrak». Baina errepublikarrek ere fusilatu zituzten zenbait frankista. Garai hartan Donostiako gobernadore militarra zen Leon Carrasco fusilatu zuten, besteak beste. Ikerketa oraindik zabalik dagoela ohartarazi arren, Egañak adierazi du zazpi errepublikarren gorpuak lurperatu zituztela leku hartan, eta «miresmena eta errespetua» eskatu du haientzat. Bestalde, jakinarazi du DNA probak egin dizkietela gorpuzkinei. Laster edukiko dituzte emaitzak. Bide batez, eskerrak eman dizkie langileei, «lurra irauli eta lanekin jarraitu» beharrean, epaileari berri eman ziotelako.

36ko gerraren ondorioz, 400 donostiar fusilatu zituzten. Orduko biztanleen erdiak -40.000 lagunek- ihes egin zutela kontuan hartuta, «biztanleriaren %1 inguru fusilatua izan zen» Egañaren hitzetan: «Kasik holokaustoaren pareko datua da, zenbaki eskandalagarria, baina oso garrantzi gutxi eman zaio».

Omenaldian 100 bat lagun bildu ziren, saihesbideko lanen artera sartuta. Ertzainak ere bertaratu ziren. Ekitaldian zirenei adierazi zieten lanen eremu barruan egoteko baimenik ez zutela. Hizlariak, abeslariak... Bata bestearenjarraian aritu ziren, ekitaldia presaka bukatu beharrez. Beñat Gaztelumendi bertsolariak tartea hartu zuen bi bertso osatzeko. Hala kantatu zuen lehenengoan:
Urterik urte, gure kondena

izan degu ahaztura,

baina egiak egiten dio

historiari hazkura.

Azpian bortxaz ehortzitako

hori ez ote degu ba,

odol gaineko demokrazia

faltsu baten hezurdura?

(Berria. 09 / 07 / 26)