Gaur, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kide diren Josu Ormaetxea, Andoni Txasko eta Aitor Fernandez de Ortega epaituko dituzte Arabako Lurralde Auzitegian, 2006an Martxoaren 3ko Biktimei eginiko omenaldian Ertzaintzak karga eginez sorturiko istiluen ondoren atxilotu baitzituzten, «terrorismoa goraipatzea» leporatuta.
Atxiloketak burutu zituen Ertzaintzak Auzitegi Nazional espainolean aurkeztu zituen karguak, baina han, behin auzia aztertuta kausa amaitutzat eman zuten, Poliziak azaldutako gertaeretan ez baitzegoen «terrorismoaren gorazarrea» adierazten zuen zantzurik. Ondorioz, Arabako Lurralde Auzitegira bidali zuten auzia, eta bertan 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute Andoni Txaskorentzat, 26koa Josu Ormaetxearentzat, eta 30ekoa Aitor Fernandez de Ortegarentzat.
Elkarretaratzea
Hori dela-eta, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak, ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek eta Arabako ezker abertzaleko batzarkideek, besteren artean, Ertzaintzaren jokabidea Gasteizko langileriaren eta Martxoaren 3ko espirituaren aurkako eraso zuzena dela adierazi dute, polizia txostena gezur eta faltsutasunez gainezka dagoela salatzeaz gain. Horregatik txostena eta salaketa baztertzeko eskatzen dute, auzipetuei kalteak ordaindu eta polizia zein politika mailako ardurak zuritzearekin batera. Azkenik, eskakizun horiek entzun eta onets ditzala eskatzen diote egungo Barne sailburu Rodolfo Aresi, alegia, aurreko sailburuak ez bezala, egiteko.
Mobilizazioak
Martxoaren 3ko atxilotuei elkartasuna adierazteko idatzia sinatu dutenak auzipetuen errugabetasunaren alde agertu dira. Gainera, martxa bat antolatu dute gaurko, 11.00etan, Martxoaren 3ko Biktimen monolitotik auzitegiraino prozesatuak lagundu eta elkartasuna adierazteko. Amaieran elkarretaratzea egingo dute epaitegian auzia hastean, 12.30ean hain zuzen. Ekitaldietan Gasteizko langileei parte hartzeko eskatzen diete, eta nahi duenak www.martxoak3.org webgunearen bidez ere elkartasuna adieraz dezake.
ERABATEKO BABESA
Arabako Batzar Nagusietako ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek erabateko babesa adierazi diete hiru auzipetuoi eta, era berean, auzibidea kritikatzeaz gain, berau bertan behera uzteko ere eskatu dute.
(Gara. 09 / 07 / 7)