domingo, julio 19, 2009

ERREPRESIO FRANKISTAREN GEOGRAFIA

Ez da izango, ziurrenik, errepresio frankistarik bortitzena jasan zuen herria. Baina adibide ona da Dulantzi (Arabako lautada), 1936ko altxamendu militarrak eta ondorengo diktadurak utzi zuten sufrimenduaren geografia ulertzeko. Milaka lagun hiltzeaz gain, beste milaka kartzelatu, ondasunik gabe utzi, eta, era batera edo bestera, zigortu zituen Francisco Francoren agintaldiak.

Eraso horien guztien berri jasotzea ez da lan erraza. Guardia Zibilak 1938ko abuztuan zuen informazioaren arabera, Dulantziko hamasei lagun espetxeratu egin zituzten, beste lauk ihes egin behar izan zuten, bost laguni ondasunak kendu zizkieten, eta beste hamazazpik isun ekonomikoak jaso zituzten. Alderdi ezkertiar edo abertzaleetako kide izandako beste herritar batzuk zigortu zituzten, halaber. Lautadako beste herri batzuetan - Gordoan edo Zalduondon, esaterako - fusilatzeak ez ziren falta izan.

Francok zuzendutako altxamenduaren 63. urtemuga bete zen atzo. Egun hori baliatuz, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak jardunaldia antolatu zuen Dulantzin, frankismoaren errepresioa salatzeko eta memoria historikoaren beharra eskatzeko.

Eguerdiko hamabietan txalaparta soinuekin abiatu zen ekitaldi nagusia. Aurretik, herriko errepresaliatuen berri ematen zituzten afixak paratu zituzten antolatzaileek plaza nagusian.

PPren «arinkeria»

Iraganeko gertaerak eta gaur egungo egoera parekatu zituen Lander Garcia Ahaztuak elkarteko kideak bere hitzaldian. Izan ere, joan den martxoan frankismoaren biktimei aitorpena eskaintzeko mozioa eztabaidatu zuten Dulantziko Udalean. Ez zen aurrera atera, ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak soilik babestu zutelako. EAJ abstenitu egin zen, eta PPk nahiz PSE-EEk aurka bozkatu zuten.

PPk emandako argudioak gogor kritikatu zituen Garciak. «Eskandaluzkoa da nolako arinkeriaz tratatzen den frankismoaren genozidioa». Halaber, herritar gehienak mozioak eskatzen zuenaren alde daudela ziurtatu zuen.

Sozialisten jokabidea ere kritikatu du Ahaztuak-ek. Izan ere, herritik ikur frankistak kentzearen aurka bozkatu eta egun gutxira, PSOEko gazteek horixe bera egiteko eskatu zuten, Memoria Historikoaren Legea betetzeko.

Jardunaldia bukatzeko, kalejira batek Dulantziko kaleak zeharkatu zituen. Une hori baliatu zuten hainbat lagunek gezi eta uztarri falangistak zituzten xafla metalikoak atari batzuen goiko partetik eraisteko.

Frankismoko biktimen aldeko Artikako hilerriko oroitarria suntsitu dute

Lau Haizetara Gogoan plataformak atzo jakinarazi zuen Artikan (Nafarroa) errepresio frankistak hil zituen hamazazpi lagunak omentzen dituen oroitarriari eraso egin diotela eta suntsitu egin dutela. Erasotzaileek parean Viva Cristo Rey (Gora Kristo Errege) idatzi zuten.

Erasoa salatzeaz gain, ez dela azken hilabeteetan gertatu den bakarra izan nabarmendu zuen plataformak, ohar baten bidez. Nafarroan bertan, Artesiagan eta Iragi-Bidankozen erasoak egin dituzte, baita Aritxulegin (Gipuzkoa) ere.

(Berria. 09 / 07 / 19)