Martxoaren 18an amaitu zen Oñatiko kultur etxean antolatu genuen erakusketa: Gerra Zibila eta Errepresioa Oñatin. Eta Intxorta 1937 Kultur Elkartekook helburuak nahiko ondo bete direla esan behar dugu. Erakusketatik 1.030 pertsona pasatu dira. Gehienbat pertsona nagusiak, gerra lehenengo pertsonan sufritu zutenak nola edo hala, 40 urtetik gorako pertsonak. Gazteak, oso gutxi: institututik bi gela, 30 ikasle guztira. Bertako arduradunek esan digutenez, aurretik izandako erakusketa handienekin konparatzekoa izan da. Lehenengo hitzaldian 40 pertsona egon ziren, eta 105 bigarrenean.
Orain arte gordeta egon den historia (XX. mendearen hirugarren hamarkadakoa, 1930-1940 urteen bitartekoa) ikusi eta gero, askok zorionak eman dizkigute. «Benetan erakusketa ikusgarria!». «Izugarrizko lana, eskerrik asko!». «Denon memoria berreskuratu behar dugu». «Justiziarik ezin da egin, baina behintzat egia azaldu nahi izatea eskertzen da». «Ordua zen!»... Poema bat ere utzi digute horretarako jarri genuen koadernoan: Niña republicana/ sal al balcón/ que si tu no sales/ no sale el sol.
Beste helburu bat zen, historia osatzen joateko, oñatiarren partaidetza bultzatzea: 20 pertsona etorri dira erakusketara, argazki eta dokumentu berriekin; horietatik 18 gerra galdutakoen senideak izan dira, eta bi, gerrako irabazleen senideak. Oñatiarrekin talde bat sortzea ere beharrezkoa ikusten genuen, informazioa batu, osatu eta zabaltzeko. Eratu dugu taldea, eta lanean dihardu; lau oñatiar eta arrasatear batekin, hiru historialari, kazetari bat eta abokatu bat elkartu gara. Argitarapen baterako idazlana prestatzea eta elkarrizketen ikus-entzunezko grabaketen bilduma egitea izango dira lan ildo nagusiak. Horretarako, behar-beharrezkoa izango da oñatiarren parte-hartzea.
Gertaera haiek ez errepikatzea da helburua. Horretarako, beharrezkoa da eragin zituen sufrimendua eta mina zenbaterainokoak izan ziren jakitea. Hamarkada asko igaro badira ere -40 urte diktadurapean eta 33 urte gehiago demokrazian-, frankismoaren biktimen historia jaso gabe dago oraindik. Zauriak behingoz itxi egin behar dira. Eta lehenbailehen egin beharreko lana da, jada lekuko gutxi geratzen direlako.
Lortuko dugulakoan, Intxorta 1937 Kultur Elkartetik mila esker lagundu diguten guztiei.
(Berria. 09 / 03 / 26)