viernes, marzo 27, 2009

EUSKAL HERRIKO EGIAREN BATZORDEA SORTZEKO ESKATU DU "LAU HAIZETARA GOGOAN"-EK

«Bada garaia frankismoak zapaldutako biktimen inguruko egia ezagutarazteko». Hala adierazi du Lau Haizetara Gogoan koordinakundeko bozeramaile Lourdes Arteagak. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak hala eskatuta, koordinakundeak Euskal Herriko Egiaren Batzordeak izan beharko lituzkeen «ezaugarriak eta helburuak» finkatu ditu. Gainera, gatazka politikoen inguruko «hausnarketa eta eztabaida» bultzatu nahi dutela aurreratu du Arteagak.
Eusko Legebiltzarrak 2008ko azaroaren 2an onartu zuen batzordea sustatzeko ez legezko proposamena. Nolanahi ere, Arteaga zuhur azaldu da: «Giza eskubideen defentsak eta justiziak alderdien interesen gainetik egon beharko lukete, baita Eusko Jaurlaritzaren eraketaren gainetik ere». Koordinakundeak Batzordea martxan jartzeko «ezinbesteko baldintzatzat» jo du Euskal Herriko gizarte eragile guztien partehartzea bermatzea. «Legez kanporatzeak behar bezala konpondu gabeko gatazkaren adierazle argia dira», gaineratu du Gotzon Garmendiak.
Arteagak Bosnian eta Guatemalan izandako genozidioekin konparatu du 1936ko gerraren osteko egoera Euskal Herrian. «Bosnian mila biztanletik hamabost hil zituzten 1991-1995 urte bitartean. Nafarroan, berriz, altxamendu militarraren lehenengo bi hilabeteetan mila biztanletik hamabi hildako zenbatu ditugu». Datuok Hegoafrika, Argentina, Txile eta Uruguaiko genozidioen hilketa kopuruen gainetik kokatzen dute, Euskal Herria. Herrialde horietan, hilketak ez dira iristen mila biztanletik batera ere.
Egiaren Batzordeak «isiltasunarekin eta erantzukizun faltarekin» amaitzeko xedea izan beharko luke, horrenbestez. «Egia ikertzeko eta sozializatzeko beharra dago», azpimarratu du Arteagak. Aldi berean, frankismoak errepresaliatutakoen zigorrak baliogabetzeko eskatuko du koordinakundeak: «Estatu terrorismoak fusilatu eta desagerrarazi zituen pertsona guztiek eskubideak berreskuratu behar dituzte».
2006az geroztik elkarlanean
Lau Haizetara Gogoan koordinakundea 2006an sortu zen «memoria historiko antifaxista berreskuratzen dabiltzan Euskal Herriko elkarte guztien indarra biltzeko asmoz», Arteagaren hitzetan. Honako taldeek osatzen dute koordinakundea: Ahaztuak 1936-1977, Andikona, Debagoienako Fusilatuen Senideen Batzordea, Eusko Abertzale Ekintza (EAE), Geureak 1936, Izquierda Republicana, Katin Txiki, Martxoak 3 elkartea, Memoriaren Bideak, Oroituz, La Rosa Negra eta Uliako Taldea.
(Berria. 09 / 03 / 27)