miércoles, marzo 04, 2009

ALDAKETA POLITIKOA ETA SOZIALA ESKATU DUTE, MARTXOAREN 3KO JAZOERAK GOGOAN


1976ko martxoaren 3an Euskal Herriko langilerian sustraitua zegoen «borrokarako griñari» omenaldia egin zioten atzo Gasteizen. Urtero moduan, milaka gasteiztarrek gogoan izan zituzten duela 33 urte Polizia Armatuak Arabako hiriburuan hil zituen bost pertsonak. Eguerdian egindako omenaldian eta arratsaldeko manifestazioan biktimei gorazarre egin ez ezik, 1976ko «espiritua» berreskuratzeko eta aldaketa politikoa eta sozialaren alde borrokatzeko ere eskatu zuten.

Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren oroitarrian omenaldi xumea egin zuen ezker abertzaleak eguerdian, eta ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek deituta, manifestazio jendetsua egin zen arratsaldean. Atzo, gaur eta bihar, lengileok aldaketaren motorra goiburupean gogoratu zituzten atzo martxoaren 3ko gertaerak. Izan ere, 1976an bezala, gaur egun ere lan prekarietatea eta «askatasun gabezia» daudela azpimarratu zuen Eva Barroso biktimen elkarteko kideak. Eta, duela 33 urte herritar askok aurrera eramandako borrokak «gaurkotasun osoa» duela aldarrikatu zuten sindikatuek, manifestazioa hasi aurretik.

Txalaparta doinuekin ekin zioten arratsaldeko omenaldiari, Zaramaga auzoko martxoaren 3ko plazan. Lore eskaintza egin zieten langileen eskubideen eta askatasunen alde borrokatzeagatik hil zituzten bost lagunei. «Askatasuna, duintasuna eta justizia» galdegin zuten gertaera horietako biktimentzat. Espetxean dagoen Amparo Lasheras D3M plataformako eleduna ere gogoan izan zuten ekitaldian, martxoaren 3ko biktimekin urteak eman dituelako elkarrekin lanean. Berehala aske uzteko eskatu zuten.
Herriak ez du barkatuko oihuak bidea zabaldu zion manifestazioari. Oroimena, justizia, aitortza. Krisiaren kontra langileok borrrokan zioen pankartari eutsi zioten lau sindikatuetako ordezkariek. Atzetik, urtero legez, milaka lagun. Martxoaren 3ko gertaeren salaketa ez ezik, langileriaren protesta ere izan zen manifestazioan, enpresa askotariko langileek euren aldarriak entzunarazi baitzituzten. Zaramaga auzotik hasi eta Andra Mari Zuriaren plazara doan bidean «Langabeziaren aurka, langileen borroka», «Ez, ez, ez despidorik ez», eta «Polizia hiltzailea» gisako aldarriak oihukatu zituzten manifestariek.

Borrokatzeko arrazoiak

Ezker abertzaleak eguerdian egindako omenaldia ere jendetsua izan zen. Gasteizko gertakarietan hildako bost langileen senideak eta hainbat biktima ere bertan izan ziren, urtero legez, hunkituta. 33 urte igaro ostean biktimek oraindik «justizia, egia eta erantzukizunak zuritu» daitezen aldarrikatzen dutela gogoratu zuten ekitaldian.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi zuenez, Gasteizko gertakarien biktimek eta haien senideek erakusten duten «duintasuna» da egungo klase politikoak falta duena. Alderdi politikoek eta erakundeek Gasteizko sarraskiaren erantzuleak zigortzeko pausorik ez dutela eman salatu zuen. «Denak balio zuen orduan, eta denak balio du orain ere».

Gaur egun oraindik eskubide sozialak eta Euskal Herriaren eskubide demokratikoak «murriztuta» daudela azpimarratu zuen Aitor Bezares ezker abertzaleko batzarkideak. Eta, duela hiru hamarkada luze langileriak Gasteizko kaleetan aldarrikatu zuenari eutsiz, orain ere aldaketa soziala eta politikoa ezinbestekoa dela azpimarratu zuen. LABeko idazkari nagusiak, berriz, greba orokorra aldarrikatu zuen aldaketa hori gauzatu dadin.

Gasteizko gertakarietatik hiru hamarkada igaro diren arren, borrokatzeko arrazoiek bere horretan dirautela adierazi zuen Bezaresek. Euskal Herriak «jokaleku demokratikoa» lortu bitartean borrokatzeko arrazoiak badirela esan zuen. Ezker abertzaleko kidearen ustez, igandeko hauteskundeek ere argi erakutsi dute «debekuak debeku» gizartearen sektore zabal batek «bestelako etorkizuna» nahi duela Euskal Herrirako. «Hauteskunde batzuk truka daitezke, baina herri baten borondatea ez».

(Berria. 09 / 03 / 04)