miércoles, septiembre 03, 2008

IKERKETAN LAGUNDUKO DUTELA AURRERATU DUTE LAU UDAL GOBERNUEK

Memoria Historikoaren Legeak duela bederatzi hilabete sortu zuen eztabaida berpiztu du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakiak. Epaileen ebazpen eta eskariek errespetua zor diotela aurreratu du PSOEk, eta, aldiz, iraganeko zauriak irekiko dituela aurreratu du PPk. Eztabaidak eztabaida, eskaria egin zaien udal gobernuek Garzonen eskaerari erantzungo diotela aurreratu dute.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak berak hartu zuen hitza atzo 1936ko gerran eta Francoren diktaduran kalterik sufritu zutenen eskubideen babesak zor dion «errespetua» erakutsi, eta, bide horretan, eta Garzonek hasi berri duen ikerketaren alde egiteko. Mariano Raxoi PPko presidenteak inora ez daraman erabakitzat hartu du, ordea, Garzonen ikerketa. Memoria Historikoaren Legea onartu zenean esan zuen bezala, iraganeko zauriak ez irekitzearen aldekoa dela adierazi du. «1978ko Konstituzioaren onena izan zen, Espainiarrok etorkizun hobea eraikitzen hasi ginela». Bestetik, Kataluniako Generalitateak positibotzat jo du Baltasar Garzonen erabakia.

Udalak, laguntzeko prest

Alderdien iritziak alde batera utzita, hitz egin duten udal gobernuetako alkate eta bozeramaileek, Baltasar Garzon epailearen eskaerak betetzeko prest daudela aurreratu dute, atzo goizean horietako askok horren berririk ez zuten izan arren. Alberto Ruiz-Gallardon (PP) Madrilgo alkateak errespetu osoa erakutsi nahi izan zuen Garzonen eskaeraren aurrean: «Epaileen erabakiak bete egin behar dira». Jose Torres Granadako alkateak (PP) ere Garzon epaileari eskatutako informazioa emango diotela aurreratu du.

Sevillako Udalak ere 1936ko apirilaren 17tik aurrera fusilatutako edo desagertutakoen nortasuna jakiteko ikerketak hasi zituen atzo bertan bertako Udal Artxibategi Historikoaren bitartez, Alfredo Sanchez bertako alkateak (PSOE) horrela eskatuta. Kordobako alkate Rosa Aguilarrek (IU) gainontzeko alkateen iritzia berretsi du, eta gaineratu du Garzonen ekimenak familia askoren beharrei erantzuna eman diezaiekeela, baldin eta «normaltasun eta lasaitasun» testuinguruan egiten bada.

Giza eskubideen eta memoria historikoaren alde lan egiten duten Espainiako hainbat elkartek positibotzat hartu dute Garzonen ekimena, baina Espainiako Gobernuari erantzukizun gehiago eskatu diote alor horretan. «Garapen bidean dauden herrialde batzuetan gobernuek zenduak bilatzen dituzte eta familiei itzultzen dizkiete; Espainian ere horrela izan behar du», aldarrikatu du Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko presidenteordea Santiago Maciasek.

Giza eskubideen urraketa larriak izan zituztenek «egia, justizia eta ordaina» izateko bidean pauso bat dela nabarmendu du Maria del Pozo Amnesty International taldeko (AI) kideak. Dena den, lan gehiago eskatu dio Espainiako Gobernuari Memoria Historikoaren Legea garatzeko orduan.
(Berria. 08 / 09 / 3)