Hautsak harrotu ditu Espainiako Auzitegi Nagusiko epaile Baltasar Garzonen erabakiak. Katalunia, Valentzia, Aragoi eta Ponteareaseko memoria historikoa berreskuratzeko taldeek eta CGT sindikatuak, besteak beste, 15 egun izango dituzte desagertuei buruz duten informazioa epaileari emateko. Hainbat epaile elkartek diktadura auziperatzeko ezintasuna nabarmendu duten bitartean, Euskal Herrian itxaropenez jaso dute albistea frankismoaren biktimen senide eta ikertzaileek, baina errezeloz begiratzen zaio Garzonen lanari.
Martxelo Alvarez
Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kidea
«Espainiako Estatuan dagoen zigorgabetasunaren esentzia nabarmentzen du erabakiak»
«Espainiako Estatuan dagoen zigorgabetasunaren esentzia nabarmentzen du erabakiak»
«Erabakiarekin arrazoia eman die gure argudioei: Espainiako estatuan dagoen zigorgabetasunaren esentzia nabarmentzen du erabakiak. Traketsa da, 70 urte geroago, errolda oraindik eginda ez egotea eta horrek izan behar du lehen pausua. Ondo egiten bada, justizia, oroimena eta egia berreskuratzea erraztuko du. Txarto egiten bada, beste frustrazio bat izango da. Eta itzalak ere baditu erabakiak: espero dugu hau ez izatea kolpe mediatiko bat, gero benetan egin behar dena ez egiteko. Kezkatzekoa da zergatik honelako prozesuak epaile bakarraren eskuetan geratu behar duen. Hobi komun asko senideen lanari esker aurkitu dira eta lan hori Estatuak hartu behar luke. Memoria historikoa berreskuratzen ari diren taldeen datuen arabera, Valentzian, 10 hobi komunetan, 36.000tik gora gorpuzki daude eta Granadan, herrialdean, 12.000».
Iñaki Egaña
Historialaria
«Espainian dauden hobi komunen mapak aurkitu ditugu Erorien Haranean»
«Errezelo handiz ikusten dut erabakia. Gauza askotarako beranduegi da, testigantza asko galdu direlako. Epailea ez da fidatzekoa eta nola bustiko diren instituzioak, ikusteko dago. Estatuko Fiskaltzak hartu behar zuen erabaki hori, eta ez du ezer egin. Garzonek urratsa eman badu, atzean zerbait dagoelako da. Erorien Haranean eta artxibategietan egin ditugun ikerketetan kutxa batzuk aurkitu ditugu, Erorien Harana egin zeneko garaikoak, eta Espainian dauden hobi komunen mapak aurkitu ditugu bertan. Gauza interesgarriren batzuk etor litezke hortik: Euskal Herritik gorpuak eraman zituzten bertara. Hala ere, guri dagokigunez, ez dugu urrats berririk emango. Izen guztiak dakizkigu, baita non egon daitezkeen ere, eta hilketaren nondik norakoak ezagutzen ditugu. Gauza berri gutxi aterako dira; gainera, paperak faltako dira, horretaz seguru nago. Garzonen erabakiaren garrantzitsuena, Elizari egindako deialdia izan liteke. Elizak 80 urtez babestuak ditu bere artxiboak. Izan liteke alde positibo bat, bestela 10 urte itxaron beharko genituzke».
Joseba Ezeolaza
AFFNAko koordinatzailea
«Dramatikoena hil eta gero gorpua desagertzea eta non dagoen ez jakitea da»
«Argi eta garbi, neurri positiboa dela uste dugu. Desagertuentzat eta haien senideentzat ona izango da. Hala ere zuhurtziaz begiratzen dugu, lehen pausua baino ez delako. Espero dugu Espainiako Defentsa, Justizia eta Barne Ministerioek eta Elizak dauzkaten datuak emango dituztela eta hor datu berriak ere agertuko direla. Zauriak ixteko daude eta dramatikoena hil eta gero gorpua desagertzea eta non dagoen ez jakitea da. Garzonen erabakiak lagun dezake datu bilketan, baina instituzioek ofizioz egin behar luketen lana da hori. Memoria Historikoaren Legeak ez zuen ondo itxi gai hau. Nafarroan 3.300dik gora lagun fusilatu eta 1.000tik gora desagertu zirela uste dugu. Sartagudako (Nafarroa) memoriaren parkean 3.250 daude jasota».
Jimi Jimenez
Aranzadiko arkeologo eta historialaria
«Espero dezagun aurrerantzean erraztasun gehiago izatea lanerako»
«Ez da berri fresko-freskoa ere. Memoriaren legea onartu zenetik, etorriko zela ikus zitekeen. Garzon epaileak, gainera, erakunde askoren presioa jaso du azken aldian, askotan esan diote ea zergatik begiratzen zuen hainbeste kanpora, arazoa bertan izanik. Aipatzekoa da ez dela Estatua izan, epaile bat baizik, erabaki hau hartu duena. Aranzadin, arkeologia lanak egiteaz aparte, erregistro zibilak, elizetako erregistroak, artxibategiak... arakatu ditugu eta testigantzak ere bildu ditugu. Uste dut ez dela informazio berriegirik aterako, beraz. Erorien Haranean, abadia luzamenduetan ibili da orain arte. Hortik etor liteke zerbait, etortzekotan. Espero dezagun aurrerantzean erraztasun gehiago izatea lanerako. Bestela, informazioa oso sakabanatua dago eta errolda osatzeko arazoak izango ditu Garzonek. Ez dut sinesten Polizia Judizialak erregistro zibil guztiak arakatuko dituenik. Iruditzen zait prozedura luzea izango dela».
Xabier Lasa
Andoaingo Oroituz elkarteko kidea
«Propaganda hutsa izan liteke, ikusi beharko da bide honek noraino eraman gaitzakeen»
«Printzipioz albiste ona da. Andoainen ere hausnartzen ari gara bide judiziala hartzea eta positiboa da bidea irekitzea. Bestalde, Garzon epaile izarra da eta eszeptisimo pixka bat sortzen du horrek. Propaganda hutsa izan liteke, ikusi beharko da bide honek noraino eraman gaitzakeen. Txilen eta Argentinan horrelako kasuak ikertu ditu, baina urrutira joan beharrik ez dago errepresioa ikertzera. Demokraziaren lotsagarrirako, harrigarria da oraindik 36ko gerran eta frankismoan hildakoen errolda ofizialik ez egotea. 30 urteko atzerapenarekin gabiltza, jende asko hiltzen ari da, testigantzak galtzen ari gara. Instituzioek ez dute erroldarik egin, elkarteek egin dute lan hori».
Fernando Mendiola
Memoriaren bideak elkarteko kidea
«Egiaren Batzorde bat jarri beharko litzateke abian, guztien parte-hartzearekin»
«Ikerketa epaitegitik hastea ez da negatiboa, bide eman dezake informazioa ateratzeko. Izatekotan, positiboa izango da. Hala ere, erabakia oso berandu dator. Izan behar luke Estatuaren lana, eta ez epaile batek bere kasa harturiko erabakia. Estatuaren Fiskaltzak ez du ezer esan eta hor gabezia sumatzen dugu. Memoria historikoa berreskuratzeko taldeek salaketa jarri zuten, 2006 urtean. Garzonek ez die erantzun salaketa haiei; informazioa eskatu du, baina ez ditu aintzat hartu salaketak. Zalantzak sortzen dizkigu epaileak ere. Garzonen aurretik pertsona torturatu asko pasa da eta inoiz ez du ezer egin; nahiko hipokrita da orain giza eskubideen defendatzaile moduan agertzea. Erabaki hau ez da etorri epaileak interes berezia duelako, elkarteen presioak eragin du. Memoria Historikoaren Legea ere horregatik onartu zen. Ikusiko dugu zer ematen duen. Lana ongi egingo balitz, milaka eta milaka pertsonaren kasuak ikertu beharko lirateke. Salaketa honek argituko ditu 30.000 kasu horiek? Nik uste dut ezetz. Egiaren Batzorde bat jarri beharko litzateke abian, guztien parte-hartzearekin eta baliabideekin».
Koldo Pla
Txinparta elkarteko kidea
«70 urte daramatzagu itxaroten, eta orain itxaropen bat dugu: Auzitegi Nazionala»
Manuel Perona
Kataluniako Memoria Historikorako Elkarteko lehendakaria
«Zentzugabekeria iruditzen zait, huts handia da nork bere teilatuari harriak jaurtitzea»
Jaime Mayor Oreja
PPko eurodiputatua
Sartagudako Memoriaren Parkea, biktimei gorazarre
PPko eurodiputatua
Sartagudako Memoriaren Parkea, biktimei gorazarre
Maiatzaren 10ean inauguratu zuten Sartagudan (Nafarroa) 1936ko Gerraren eta frankismoaren 3.420 biktima nafarren aldeko Memoriaren Parkea. Nafarroako Fusilatuen eta Alargunen Herriko elkarteek abiatu zuten, eta erakunde ugariren laguntza bildu. Horma batean, biktimen izenak zizelkatuta daude han.
34.000
Erorien Haranean erregistratuak. Baltasar Garzon epailearen eskaerari erantzunez, Erorien Haraneko (Madril, Espainia) abade Anselmo Alvarezek esan du 34.000 hildakoren erregistroa dutela bertan eta guztiak «gerra garaian eta gerra ekintzetan hilak» direla.
Espainiako Memoria Historikoaren Legearen 12. artikulua
«Administrazio publikoek egingo dituzte, eta interesa duten guztien eskura jarriko, bakoitzaren jarduera eremuko mapak, zeintzuetan aurreko artikuluak aipatzen dituen pertsonen gorpuzkinak dauden eremuak agertuko diren, haien gaineko informazio osagarri posible guztiarekin (...)». «Eremu horiei babes berezia eman behar diete jabeek, legez ezartzen den moduan. Halaber, eskuduntza duten botere publikoek eremuak behar bezala zaintzeko neurriak hartuko dituzte».
«Aukera ematen du Memoria Historikoaren Legeak dituen hutsuneak gainditzeko»
«Pozgarria dela uste dut, baina itxaron egin beharko da, eta ikusi beharko da Garzonek ze asmorekin hartu duen erabakia. Hegoamerikan bezala, puntu eta amaierako legea ezarri zuten hemen ere. Orain Garzonek esan du humanitatearen kontrako krimenak izan zirela eta, beraz, ez direla preskribatu. Horrek esan nahiko luke 1977ko amnistiaren legea bertan behera utzi eta hiltzaileak epaitu daitezkeela. Memoria Historikoaren Legearen hutsuneak gainditzen lagun dezake».
(Berria. 08 / 09 / 3)