domingo, septiembre 14, 2008

HISTORIARI BUELTA EMATEN

Erreketeak sarraskitua izan zen Usabiaga-Oiartzabal familia "Miura· baserrira zihoazela, Elosua familiako bi seme Gaintxurizketan erailak edota Felix Arriaga kale garbitzailearen heriotza bonba batengatik. Gerra Zibileko eta frankismoaren lehen urteko dozenaka lekukotza jasotzen ditu atzo aurkeztu zuten Zigortuak ilunpetik argitara liburua. Hasiera batean aurkezpena Donibaneko Euskara eta Kultura aretoan egin behar bazen ere, ekitaldira hurbilduko zen jende andana aurreikusita Gezalara lekualdatzea erabaki zen. Baina, auditoriuma ere txiki geratu zen Joxe Luix Agirretxe, Agustina Pontesta eta Ander Leonen obraren azalpenean.

Leonek jakitera eman zuenez, lanak hiru motatako gertaerak biltzen ditu: Lezon eraildakoak (18 pertsona), herritik kanpo hildako lezoarrak (15) eta zigor gogorrak (gartzela, erbesteratzea, lanak, isunak) jasan zituzten herritarrak (107).

Estatua bi Espainatan banatzen bazen, Lezon hiru talde bereizten ziren: abertzaleak, eskubi aldeko espainarrak eta ezkerra. "Liburuan jasotzen denez, ezker aldeko testigantzak oso gutxi dira, Lezo bezalako herri erlijioso eta kontserbadorean eskubia zen nagusi", azaldu zuen historialariak.

Irailaren 13a liburuaren aurkezpena egiteko aukeratzea ez zen kasualitatea izan, 1936ko Santakrutz bezperan sartu baitziren Nafarroatik zetozen erreketeak eta matxinatuak herrian.

Leonek adierazi zuenez, hirukote honen lana 2006an hasi zen. "2006ko irailan gertaera hauen 70. urteurrena bete zenean gertaera horiek azaltzeko artikulu bat idaztea erabaki genuen", esan zuen. "Baina 71. urteurrenean hasi ginen hau serioago egiten". Honela, duela urtebete errepresioaren biktimei omenaldi bat egin zieten Gurutze Santuaren plazan eta plaka bat jarri zen bertan.

Aurten, liburua aurkeztea erabaki dute eta datorren urterako ere ideia gehiago dituzte. Adibidez, Pasaia eta Hondarribiko Udalekin hitz egin Jaizkibel errepidea eraiki zuten zigortu eta esklabo guztiei omenaldia egiteko.

Bestalde, Haritz Salaberriak hiru idazleei egindako lana eskertu zien. "Orain arte gerra irabazi zutenen historia ikasi dugu. Baina liburu honek historiari buelta ematen dio, historia aldatzen du. Bertan, herriko pertsonaia ezagun eta, batez ere, ezezagun asko azaltzen dira. Gazteok gogoratzen ez ditugun asko. Horregatik esaten dut historiari buelta ematen diola". Liburua salgai dago 10 eurotan Kulturan.

(Noticias de Gipuzkoa. 08 / 09 / 14)