domingo, septiembre 28, 2008

"GUDARI EGUNA" GOGORATU DUTE HERRIETAN, BAINA HIRIBURUETAN EZ, ERTZAINTZAK GALARAZITA

«Euskal Herria askatzeko borrokan bizia eman duten euskal militanteak» omendu dituzte hainbat herritan. Angel Otaegi eta Jon Paredes Txiki etakideak eta faxismoaren aurkako bertze hiru militante fusilatu zituzten egunaren 33. urteurrenean, ezker abertzaleak Gudari Egunaren deialdia egin zuen, borrokaren garrantzia nabarmenduz eta gudariak omentzeko deia eginez.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen Segik deitutako manifestazioak, ordea, debekatu zituen Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala, hiruretan Ertzaintzak jendeari biltzea galarazi dio. Baina hainbat herritan mobilizazioak egin egin dituzte. Bertze hainbertzeren artean, Arrasaten 500 lagun bildu dira, Lasarten 80, Laudion 180, Usurbilen 50, Leioan 60, Mutrikun 40 eta Hondarribian 80.

Ahaztuak oroitzeko

Egun berean Ahaztuak 1936-1977 frankismoaren biktimen elkarteak ere bortz gudari horien erailtzeak ekarri ditu gogora. Iruñean, Gasteizen, Derion eta Zarautzen ekitaldiak egin dituzte frankismoak hil zituen lagun guztien omenez. Gasteizen, Santa Isabelen hilerrian egin dute, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta bertze hainbat gudari fusilatu zituzten tokian. Derion ere hilerrian bildu dira, han erail baitzituzten ehunka bizkaitar. Zarauzko omenaldia Jon Paredes "Txiki"-ren hilarriaren aurrean egin dute, eta Iruñean, udaletxearen atarian, erail zituzten 3.200 bat nafarrentzat «egia eta justizia» eskatuz.

(Berria. 08 / 09 / 28)