"Ez itxaropenik galdu, laztana. Lasai hilko naiz, nire herio-tzak gainontzeko belaunaldietan halako gertaera tristerik errepika ez dadin balioko duen itxaropenarekin. P.D.: Egunsentian fusilatuko naute". Imanol Lasarta donostiarrak 1952an bere emazteari hitz horiek idatzi zizkion, Madrileko kartzela batean eraila izan aurretik.
Lasarta bezala frankisten eskuetan hil ziren donostiar biktimei omenaldia eskaini zieten atzo hainbat bizilagun eta herritarrek Alderdi Ederreko lorategietan. Ekitaldi apal baina hunkigarri baten bitartez, hildakoen senitartekoek errekonozimendua eskatu zuten eta, batez ere, isiltasunaren pisu zamatsua askatu eta galdutako haien memoria azaleratu nahi izan zuten.
Izan ere, 1936ko irailaren 13an, orain dela 72 urte, tropa frankistak Donostian sartu ziren, portutik ihesi azken txalupek alde egiten zuten bitartean. Errepresioa hasi besterik ez zen egin; hurrengo bospasei urteetan 380 donostiar hil zituzten, gutxienez. "Amaitu gabeko zerrenda bat da, kasu gehiago egon zirelako. Baina bi hildako izan baziren, gehiegi izango zatekeen", gogoeta egin zuen Iñaki Egaña historialariak, omenaldiaren hasieran.
Egañak salatu zuenez, 380 horietako inoren izeneko kalerik ez da Donostian; Mola generalaren lagun-tzaile Jose Arrospideren karrikak bere horretan jarraitzen duen arren. "Frankismoaren biktimek beren izenak urrezko letrekin agertzea merezi dute", aldarrikatu zuen.
Ahaztuak elkarteko ordezkariak ere, Martxelo Alvarezek, ez zuen errebindikazioa alde batera utzi. "Gizon haiek defendatzen zituzten ideia eta balore guztiak gauzatzeko modurik ez dagoen bitartean, omenaldia ez da erabatekoa izango".
Donostiako Alderdi Ederrera gerturatu zirenek -gehienak frankistek eraildakoen senideak- isilik jarraitu zuten ekitaldia. Tarteka, baina, baten batek ahotsa altxatzen zuen. Eguraldiak ateri eutsi bazion ere, haizeak gogor astindu zituen okasio honetarako altxatutako banderak (ikurriña, Espainiako errepublikazaleena, Sobiet Batasunekoa eta CNT eta EAE-ANV alderdienak).
Joan Mari Irigoien idazlearen olerkiek, dantzarien aurreskuak eta Gaztelumendi anaien bertsoek musika eta hitzak jarri zizkieten frankismoaren biktimen sentipenei. Unerik sinbolikoena 13.00etan etorri zen. Hildakoen senitartekoek 380 biktimen izenak jasotzen zituen panel batean larrosak itsatsi zituzten, flauta doinuek isiltasuna hausten zuten bitartean. Eta, hala, lore bana ezarri zuten biktima guztien minari.
Riegoren ereserkia, Internazionala, Eusko Gudarostearen ereserkia, Laboaren Txoria txori eta La estaca abestuz amaitu zuten omenaldia.
Beren aitaren izenaren ondoan larrosa bat jarri ondoren, hunkituta zeuden Felipe eta Feli Berasategi anai-arrebak. "Gure aitak Hipolito zuen izena. 1936ko urriaren 26an, arratsaldeko 17.30ean, Antiguako jaboi fabrikan lanean ari zela eraman zuten. Bi aste beranduago, desagertu egin zen Ondarretako kartzelatik. Maitalearekin ihes egin zuela esan zigun Guardia Zibilak, pentsa. Oraindik ez dakigu non fusilatu eta lurperatu zuten", kontatu du Felik.
Jorge Lassalle zenaren alabak ere bere aitaren izenari begira geratu ziren omenaldiaren amaieran. "Errementaria zen. Ez zeukan filiazio politikorik, baina inbidiagatik salatuko zuen norbaitek", azaldu zuten. "Ez diogu inorri kalterik opa, baina gertatu zena ezagutzera ematea justua da", gaineratu zuten.
Nekane Burutaran donostiarrak, berriz, aitona zenaren eta bere anaiaren memoriari omenaldia eskaini nahi izan zion. "Hernanin daude. Urriaren 1ean hil zituzten. Nik ez nituen ezagutu, baina etxean kontatu dutenagatik dakigu zer gertatu zen. Urteetako isiltasunaren ondoren, ongi dago horrelako ekitaldiak egitea. Sentsibilitate ezberdinetako jendea batzea da ederrena", laburbildu zuen.
"Gizon haien ideiak gauzatu ezin daitezkeen bitartean omenaldia ez da erabatekoa izango".
Martxelo Alvarez. Ahaztuak 1936-1977
"Desagertu zenean, maitalearekin ihes egin zuela esan ziguten. Ez dakigu non erail zuten"
Feli Berasategi. Frankistek hildako gizon baten alaba
(Noticias de Gipuzkoa. 08 / 09 / 14)