sábado, septiembre 06, 2008

1936KO GERRAKO BERRIZEKO BIKTIMAK OROITUKO DITUZTE IRAILAREN 11N

1937ko irailaren 11n Berrizeko (Bizkaia) alkatea zen Felipe Urtiaga eta Jose Agirre aguazila hil zituzten Francoren alde altxatuek. Egun berean, 71 urte geroago, omenaldia egingo die Berrizko Udalak 1936ko gerran hil, zauritu, espetxeratu edota erbesteratu zituzten berriztarrei. Ekitaldi instituzionala egingo dute egun horretan, eta udalbatzak onartutako adierazpen instituzionala irakurriko dute bertan.

Ekitaldira 1936ko gerrako Berrizeko biktimen senideak gonbidatu dituzte, 33 familia. Azken urtean Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak pertsona horiei buruz artxibategi militarretan eta zibiletan eskuratu duen informazioa emango diete senideei. Ekitaldiaren ostean bazkaria eta lore eskaintza izango dira, Felipe Urtiaga oroitzen duen monolitoaren aurrean. Udalak aurreratu du herriko kale bati Oroimenaren Bidea izena emango diola eta bertan zerrendatuko dituela Berrizeko 1936ko gerrako biktimen izenak.
Bestaldetik, irailaren 11tik urriaren 11ra erakusketa zabalduko dute, eta irailaren 12an 1937 gogoaren bidezidorretatik ikuskizuna emango dute Kukai eta Ttanttaka taldeek. Iñaki Etxezarragak kantua osatu du, omenaldirako espresuki, Xabier Amurizaren hitzekin.
(Berria. 08 / 09 / 5)