Intxorta mendiaren magalean ibilbide bat egokitu, bertan Gerra Zibilean pasatakoak azalduko dituzten panelak kokatu, harrera gune bat sortu eta aparkalekua eraiki. Hori guztia egin nahi dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, ingurua eta bertako historia berreskuratu eta ezagutarazteko asmoz.
"1936 eta 1937an Intxorta euskal frentearen defentsan gune garran-tzitsuenetako bat izan zen" , gogoratu zuen atzo Elgetako alkate Oxel Erostarbek. Hala, proiektuak duen garrantzi historiko, kultural eta turistikoa kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea aurreikusten du Udalak, eta horretarako harremanak hasita daude.
"Intxorta Errepublikaren eta Euskal Estatutuaren defendatzaileek erakutsitako mugarik gabeko konpromisoaren erakusle da", gaineratu zuen Erostarbek, eta hori zela eta, "estatutuari Elgetako Estatutua izena" ere eman zioten hedabideek.
"Bi ardatz ditu euskaldunon memoria kolektiboan Elgetak: batetik, ideologia desberdinetako bata-iloietako bolondres gazteek faxismoaren aurrean erakutsi zuten erresistentzia; bestetik, 36ko urrian eta hurrengo hilabeteetan Mola generalaren indar errebeldeak Bizkaira bidean gelditu izana", gaineratu zuten proiektuaren bultzatzaileek.
Hala, helburua "orduan izandako sufrimendua ezagutu eta hartatik ikastea" dela nabarmendu zuen Erostarbek. Eta horri forma emateko proiektua garatu dute dagoeneko, Intxorta 1937 elkartearekin.
Guztira, 383.000 euroko aurrekontuko ekimenak proposatzen dituzte: horren baitan sartzen dira lur sailak erostea eta ibilbidea egokitzea, baita informazio historikoa jasoko duten panelak sortu eta jartzea ere. Gainera, harrera gune bat egoki-tzeko asmoa dute Espaloia Kafe An-tzokian, etaIzen guztiak aurpegi guztiak atalean Gerrak Euskal Herrian utzitako biktimen berri jasoko dute. Gune honetan bisitariak maketa, panel eta proiekzioen bitartez kontestu historikoa ezagutuko du.
Ibilbidera gerturatzeko aparkaleku bat egokituko dute Intxortako Atea eskulturaren ondoan. Beste erakundeen parte-hartzearen zain badaude ere, aparkalekuaren obrak Udalak hasiko dituela iragarri zuten.
Guztia gauzatzeko antzeko proiektuak dituzten herriekin lankidetza bilatuko dutela ere esan zuen alkateak, Gernikarekin, esaterako.
Bestalde, urtero bezala egun hauetan garai haiek gogoratzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte Elgetan, igandean antolatu duten ibilaldia eta hilaren 24ko lore eskaintza Intxortako Atean, besteak beste.
(Noticias de Gipuzkoa. 16 / 04 / 09)