viernes, abril 24, 2009

"GERNIKA SARIAK GURE JARDUERAREKIN JARRAITZEKO BULTZADA IZAN BEHAR DUELA USTE DUGU". Lander Gartzia, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Arabako arduraduna


Orain dela hiru urtetik Lander Gartzia (Gasteiz, 1977) Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Arabako arduraduna da. Gartziaren osaba eta birraitona 1936ko gerran erail zituzten, eta oraindik euren gorpuek desagertuta jarraitzen dute. Bere aitonak, berriz, bederatzi urte egin zituen preso.

Zer suposatzen du Ahaztuak-entzat Gernika saria jasotzeak?

Saria frankismoaren biktima guztiei, askatasunaren alde borrokatu diren guztiei eta ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurka borrokatzen dugun guztioi eskaini behar zaie, Ahaztuak-ek herri mugimendu bezala borrokalari horiek ordezkatu nahi dituelako. Saria gure jarduerarekin jarraitzeko bultzada bat izan behar dela ere uste dugu, gure kontzientziazio tresna den oroimen historikoa zabaltzeko eta indartzeko laguntza.

1936ko gerraren ondorioak zuzenean bizi izan zituen herri batean jasoko duzue saria.

Gernika-Lumo sinbolo unibertsal bat da. Udalerria oroimen historikoaren sinboloa izateaz gain, askatasunaren aldeko eta errepresioaren aurkako ikurra da. Bakearen sinboloa izateaz gain justiziarena eta egiarena ere izan behar lukeela esan genezake.

Sari hau jasotzeko zeintzuk izan dira Ahaztuak-en lorpenak?

Galdera hori epaimahaikideek erantzun beharko lukete. Gure eginkizuna herriaren kontzientzia astintzea eta etorkizun hobe bat eraikitzeko gure herriaren historia gaurkotasun tresna gisa erabiltzea da. Orain arte pentsaezina zena lortu dugu: zenbait gai mahaiaren gainean jartzea. Hori ez da Ahaztuak-en lorpena bakarrik. Espainia mailan ere, frankismoak bultzatutako genozidioari eta inpunitateari nahikoa dela esateko herri mugimendu bat sortu da. Egian, justizian eta balore antifaxista eta errepublikarretan oinarritzen da mugimendu hori. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira.

Aurrera begira ze proiektu dituzue esku artean?

Gure lanak ildo bi ditu. Batetik, egia eta justizia zabaltzea. Bestetik, Euskal Herri mailan frankismoak eragindako sufrimendu eta sarraskia azaltzea, jendeak non gauden eta nora goazen argiago uler dezan. Zentzu horretan, bultzatu ohi ditugun dinamikekin (hitzaldiak, ekitaldiak, erakunde mailako salaketak, omenaldiak, erakusketak...) aurrera jarraituko dugu. Oroimen historikoa erabiliko dugu jendartearen esparru guztietan frankismoaren salaketa politikoa egiteko. Hori da gure helburua. Gaur egun jendartean ematen diren hainbat arazo frankismoaren zauria ondo itxi ez zelako ematen dira.

Zer etortzen zaizu burura Gernika-Lumoko bonbardaketaren gertaera entzuterakoan?

Gernika-Lumoko, Durangoko eta Otxandioko bonbardaketen gaineko gezurrak eta lelokeriak entzutean sentimendu ezberdinak izaten ditut. Amorrua, sufrimendua, injustizia... Bestalde, gertaera horiek gure aldarrikapenekin aurrera jarraitzeko indar gehiago ere ematen didate. Gernika-Lumoko bonbardaketa sinbolo bat da eta oroitzapena bizirik mantendu behar dugu. Ez bakarrik oroitzapenak oroitzeagatik. Gertaera hori gaurkotasunaren bitartez kontzientziazio tresna gisa erabili behar dugu.

(Busturialdeko Hitza. 09 / 04 / 24)