Gertatu zena ezagutaraztea, iraganeko zauriak ixteko. Horixe egin nahi dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak. Gerrako aztarnak berreskuratu, eta ibilbide tematikoa egokituko dute Intxortako parajeetan. Hantxe egon zelako frontea zazpi hilabetez. Gudariak lubakietan ezkutatuta. Baserritarrak ukuiluetan izututa. Borroka, eta ondoren errepresioa. Pasadizo asko daude gogora ekartzeko, ia denak latzak. Hildakoen oroimena bizirik mantentzeko. Eta berriz gerta ez dadin.
Gerra Zibila Euskal Herrian. Ibilbide tematikoa Intxortaren magalean du izena egitasmoak. Duela bi urte inguru sortu zen ideia, Intxortako Atea monumentua jarri zutenean. «Hitzaldiak antolatu genituen, erakusketa, argazkiak, kartelak, maketa egin genuen... informazio asko batu genuen, ikuspuntu askotatik», dio Jesus Gutierrez Intxorta 1937ko kideak. Liburua ere eman zuten argitara. «Udalari bururatu zitzaion ibilbidea egitea, nolabait lotzeko turismoa eta gerra». Orduantxe hasi ziren prestaketa lanak, eta proposamena jendaurrean azaldu dute orain. Atzo arratsaldean, esaterako, Elgetako Kafe Antzokira bildu zirenei.
«Ibilbidea jendearen beharretara egokituta egongo litzateke: aparkalekua, umeek jolasteko tokia, komuna...». Lubakiak, gordelekuak eta gerrako beste arrastoak berreskuratuko dituzte. Berreraiki. «Mordoa dago; artxibategi militarrean planoak lortu ditugu, eta asmoa da garai horretan zeuden bezala prestatzea». Eta, horrez gain, informazio taulak ere izango dira: argazkiekin, datuekin, testigantzantzekin... Zazpi taula. «Euskaraz eta erdaraz, koloretan eta oso erakargarriak. Testu gutxirekin, erosoak izan behar dutelako irakurtzeko. Sakondu nahi izanez gero, interpretazio gunean egongo da modua».
«Harrera gunea Espaloian bertan egongo litzateke. Ikus-entzunezko batzurekin, ideia orokorra emateko zergatik sortu zen gerra eta zer nolako eragina eduki zuen Elgetan...». Besteak beste, Izen guztiak, aurpegi guztiak atala ere sortu nahi dute: «Euskal Herrian gerra denboran hildakoen izen eta aurpegi guztiak biltzea. Ez da erraza izango, milaka eta milaka direlako, asko ezezagunak, baina gogora ekarri nahi ditugu».
Ibilbide motzena, oinarrizkoa, 20 minutukoa izango litzateke, «eta luzeena izan daiteke bi-hiru orduko txangoa; geldiguneekin, ikusteko gerra sasoiko pasadizo inportanteenak. Eta ez bakarrik fronteko kontuak, horren ondoren egondako errepresioa ere bai: fusilatuak... ikuspegi orokor batekin». Bidearen zati bat elbarrituentzat egokituko dute. Gutierrezek uste du bisita oso interesgarria eta aberasgarria gerta daitekeela. «Badago sentsibilizazioa, eta Euskal Herrian une honetan ez dago horrelako ezer». Espainiako Alcubierre mendizerrako ibilbide tematikoa (Huesca), eta Kataluniako Ebroko Batailakoa aipatu ditu; horiek hartuko dituzte eredu moduan. «Helburua antzeko zerbait prestatzea da».
Aurrekontua ia 400.000 eurokoa da. Elgetako Udalak ezin dio bakarrik aurre egin, eta Oxel Erostarbe alkateak ate joka dihardu erakundeetan. «Esperantza nahiko onak ditu, ematen du bide onetik goazela». Udala hasia da lursailak erosten. Aparkalekua ere bere kontu egingo du.
«Badakigu Eibarren ere badagoela egitasmo bat egiteko zer edo zer. Aztertzen ari dira. Datorren astean egingo dugu bilera bat bi udalen artean, ikusteko ea posible izango litzatekeen elkarlana sortzea. Orain arte erritmoak ez dira izan parekoak, baina asmoa da bien artean ahalik eta proiektu onena egitea». Gipuzkoan Errepublikaren esku geratu ziren herri bakarrak Eibar eta Elgeta izan ziren. Eibarren Akondia inguruetan egon zen frontea, eta aztarna asko daude.
Apirilaren 24ko sarraskiak
Aurreko igandean mendi ibilaldia egin zuten, Elgetako plazatik abiatuta. Asensioko ermita, Intxortako Atearen inguruak, Intxorta-Txiki... Euri zaparradek eta lokatzak ez zuten asko lagundu lubakiak ikusteko eta erasoen nondik norakoak esplikatzeko, baina Intxorta 1937 elkarteko kideek hainbat azalpen eman zizkieten bildutako 30 lagunei. Oilo-ipurdia jartzeko modukoak. 1937ko apirilaren 24an eta 25ean gertatutakoak, frankistak Elgetara sartu zirenean hain zuzen ere. Armadaburuek euren tropei 24 orduz nahi zutena egiteko askatasuna eman zieten. Eta egundoko sarraskiak egin zituzten: «20 pertsona hil zituzten inguru honetan; zazpi elgetarrak, besteak gudariak», azaldu zuen Juan Ramon Garaik. Batzuek tiroz, besteak kolpeka.
Antxuategi Bazterreko baserriaren ondoan, bertako ugazaba -Jose Bizente Garai- nola hil zuten kontatu zuen Garaik. Bonbardaketetatik babesteko, gordelekua zuten egina baserriaren ondoan, eta hantxe ezkutatuta zeuden zortzi lagun. Ezkutalekutik irten zirenean, hantxe bertan fusilatu zituzten. 11 urteko semeak dena ikusi zuen, eta «bizitza osorako hondatuta geratu ei zen; aitaren gorputza lortu zuten kanposantura eramatea, militarrei dirua emanda». Besteak inguruan lurpetatu zituzten, «bonbek egindako zuloetan». 2004an lortu zuten gorpuak ateratzea, Aranzadi elkartearen laguntzarekin.
Salvador ermitaren ondoan, oroitarri bat dago, 1937an hil zituzten lau pertsonaren izenekin. Canuto Ugalderen historia lazgarria gogoratu zuen han Garaik: «Errepublika garaian zinegotzia izan zen». Apirilaren 25ean goizean bisitan joan zitzaizkion frankistak. «Irten, eta hantxe bertan kulata kolpeka apurtu zioten burua. Semea eta emaztea atzealdetik irten ziren ihesi». Aurreko gauean, berriz, Pedro Telleria eta Francisca Lamarain senar-emazteak garbitu zituzten, «Anttoni alaba defendatzearren batez ere». 13 urte zituen Anttonik, eta bortxatu egin nahi zuten. Anttonik berak, «bizitza guztiko isiltasuna apurtuaz», 2003an emandako testigantza irakurri zuen Garaik. Gogorra. Hunkigarria. Aita tiroz hil zuten; ama, «kulata kolpeka».
«Hurrengo egunean, frankistek moro bat fusilatu zuten Elgetako plazan; akusazioa: hilketetan eta bortxaketetan parte hartzea. Baina guretzat errudunak Garcia Galiño eta Alfonso Vega izan ziren, soldaduei erabateko eskua emateagatik». Ikus www.sustatu.com webguneko bideoa. Bihar beteko dira 72 urte frankistak Elgetan sartu zirela. Lore eskaintza egingo dute Intxortako Atean eta Garairen oroitarrian, 19:00etan.
Ibilbide motzena hogei minutukoa izango litzateke, eta luzeena bi-hiru orduko txangoa»
JESUS GUTIERREZ
Intxorta 1937 kultur taldeko kidea
Intxorta 1937 kultur taldeko kidea
Nazien bunkerrak Hendaiako Abadia gazteluan
1936ko Gerrako arrastoez gainera, II. Mundu Gerrakoak ere badira Euskal Herrian. Eta asko, gainera. Hendaiako bunkerrak dira horren erakusgarri. Naziek 12.000 bunker edo gotorleku eraiki zituzten, Norvegiatik Hendaiaraino. Iaz bisita gidatuak antolatu zituzten Abadia eremuan dauden bunkerretara, Hendaian. 1940an iritsi ziren naziak Euskal Herrira, eta 1944ko udan joan ziren; Abadia gaztelua kaserna bihurtu, eta inguru guztia militarizatu zuten, lubakiekin eta bunkerrekin. Hitlerren eta Francoren Hendaiako bileraren ondotik, bi erregimenek elkarlanean jardun zuten. Harremanak hoztean, Francok ere eraikiarazi zituen bunkerrak, nazien ustezko inbasio bati erantzuteko. Gaintxurizketan, adibidez.
Marcelo Alvarez .. Ahaztuak elkartekoa
«Memoria ala negozioa?»
Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Marcelo Alvarezek bi egitasmoei buruzko iritzia eman du. Intxortako proposamena egokia iruditzen zaio: «Memoria historikoa berreskuratu eta zabaltzea da egitasmoaren oinarria, horretarako gerrako arkitektura, aztarna arkeologikoak, erabilita. Izen guztiak, aurpegi guztiak atalak ondo erakusten du egitasmoaren filosofia. Errespetua eta seriotasuna agerian daude. Egitasmo publikoa da, Udalak bultzatua». Burdinezko Gerrikoaren inguruko proposamena, ordea, ez du garbi ikusten: «Gerrikoak beste egitasmo batzuk garatzeko aitzakia dirudi. Memoria historikoa ez da, inola ere, makroproiektu horren oinarria. Memoriarekiko fribolitate eta hutsalkeria sentsazioa sortzen dute behin eta berriro agertzen diren elementu merkantilista eta enpresarialek. Egitasmo publikoa izango litzateke? Ala diru publikoarekin finantzatua baina enpresa pribatu batek kudeatua?». Memoria historikoa gizartearen ondarea dela nabarmendu du: «Ezin da esku pribatuetan utzi, nahi dutena egin dezaten, memoria baino negozioa hobetsita». Halako egitasmoak «esparru publikotik sustatu eta kudetatu behar dira, gizartearen kontrolarekin». Gogoratu du duela gutxi Burdinezko Gerrikoaren hainbat elementu desagertu zirela, «oso baliotsuak eta ondo kontserbatuak», Berangon eta Sopelan, Uribe Kostako korridorea egiteko, erakundeek hala erabakita.
Gerraren parkea, Lezaman
Intxortakoa ez da gerrako aztarnekin lotutako egitasmo bakarra. Jata-Ondo landa garapenerako elkarteak ere badu proposamen bat, Bilborako: gerrari buruzko parke tematikoa egitea, Burdinezko Gerrikoa gai nagusitzat hartuta. Egitasmo handia da: 2.650 metro koadroko museoa, jatetxe ikusgarriarekin. 17,1 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dute, museora urtero 35.000 bisitari erakarri ahal izateko. Iaz amaitu zuten aurreproiektua, ekainean. «Proposamena hor dago, garatuta, baina finantzaketa nahiko indartsua beharko litzateke, eta oraingoz geratuta dago», azaldu du Jagoba Martinez Jata-Ondoko turismo teknikariak. «Ez dakigu egingo den ala ez, eta, egiten bada, horrela izango den edo ez... Dagoen krisiarekin eta, apur bat alboratuta dugu». Egitasmoaren asmo nagusia gerrako arkitektura berreskuratzea izango litzateke, Martinezen arabera: «Gerrako aztarnak produktu turistiko moduan saltzeko, egongo litzateke interpretazio zentro bat Lezaman». Bigarren fase batean, Gorliz, Sopela eta Larrabetzuko aztarnak ere berreskuratuko lituzkete, «eta ez Gerra Zibileko aztarnak bakarrik». Oraingoz, baina, lehen faserako aurreproiektua egin dute. Abiapuntua 475 metroko bi lubaki zati lirateke; egokitu egingo lituzteke, gudarien buruhausteak erakusteko: argi eta soinu efektu bereziekin eta lurra dardara jarriaz. Tanke itxurako eraikina Eraikina ere berezia izango litzateke oso, abangoardiakoa: altzairuzko aurrealdea izango luke, eta tanke bat gogoraraziko luke. 6,1 milioi euroko aurrekontua izango luke, eta 2.651 metro koadrokoa azalera, bi solairutan banatuta. Espaziorik handiena, 1.808 metro koadro, erakusketak hartuko lituzte. Lubakien gunera iritsi aurretik, bisitariak 12 gela igaroko lituzke. Erabilera anitzeko hiru gela ere egongo lirateke, enpresek bilerak edo kongresuak egiteko alokatu ahal izango lituzketenak. Museoaren inguruek, berriz, aire libreko parkea osatuko lukete: ibilbideak egiteko aukera egongo litzateke, oinez zein bizikletan. 400 autorendako aparkalekua egingo lukete, Artxandako golf zelaitik gertu. Museoko jatetxetik itsasoa eta Urkiola mendia ikusiko lirateke. Itxaslehor konsultora turistikoak eta Egizu arkitektura enpresak egin dute azterketa. Jata-Ondo 1991ean sortu zen, eta Bizkaiko 23 udalerri hartzen ditu bere baitan, Txorierri, Mungialdea eta Uribe-Kosta. 2003an landa garapenerako elkarte bihurtu zen. Burdinezko Gerrikoa Eusko Jaurlaritzak eraikiarazi zuen 1936an, tropa frankisten erasoa geldiarazteko. 80 kilometroko perimetroa zuen, eta Bilbo aldea inguratzen zuen, portua, Ezkerraldeko industria eta Sondikako aerodromoa barne hartuta. 14.000 langile ibili ziren hura eraikitzen, horietako asko emakumeak. Ustez gaindiezina izan arren, ez zuen luze iraun.

(Berria. 09 / 04 / 23)