Haur bat besterik ez zen; Maravillas Lamberto Ioldik 14 urte zituen bortxatu eta erail zutenean. 1936an gertatu zen, Larragan (Nafarroa). 36ko abuztuaren 15ean, Maravillasen aitaren bila joan ziren gau batez haien etxera. Aita, Vicente Lamberto, UGTkoa zen eta hiru alaba zituen; zaharrena zen Maravillas. Aitari egin behar ziotenaz ohartuta, neskatxak bere aitarekin batera eramateko eskatu zien. Aita Larragako udaletxeko kartzelan sartu zuten, bien bitartean, Maravillas bortxatu egin zuten. Gizon ugarik, gainera. Gero, gertatutakoa kontatzea saihesteko, aita-alabak kamioneta batean sartu zituzten eta Larragatik kanpo, hamabigarren kilometroan, artadi baten ondoan hil zuten aita. Alaba, berriz, ipuru baten ondoan utzi zuten, hilda, berriro bortxatu ondoren. Goizeko hiru ´t erdiak ziren. Egun batzuren buruan, Lezaungo (Nafarroa) gizon batek aurkitu zituen hilotzak, lehendabizi aitarena, eta, astebetera, neska gaztearena. 36ko gerrako bortizkerien erakusgarri da Maravillasena, ileak tentetzen duen horietakoa. Hala ere, tankera horretako beste hainbat gertaera badira. Larragan, esaterako, 45 lagun gehiago fusilatu zituzten. Horiek guztiak oroitzeko, Ahaztuak 1936-1977 taldeak antolatuta, omenaldia eginen dute gaur Larragan, Maravillasen herrian, 36ko gerrako eta frankismoko biktimen aurpegia baita 14 urteko neskatxa; milaka biktimaren ikurra.
Larragako plazan hasiko dute omenaldia, 12:00etan. besteak beste, Fermin Valencak, Maravillasen omenez kanta bat idatzi zuen musikariak emanaldi bat egingo du eta, halaber, zanpantzar eta gaiteroek osatuko dute ikuskizuna. Herri bazkaria eginen dute gero, eta Larragako elkarte batean 45 fusilatuak oroitzeko plaka bat agerian jarriko dute. Azkenik, herriko hilerrian lore eskaintza eginen diote bizirik dagoen Maravillasen ahizpari, Josefinari.
Bereziki, emakumeen borrokaren ikur bilakatu nahi izan du Ahaztuak-ek Maravillas. Bortxatuak eta erailak izan diren emakume nafar guztien ikur. Javier Garcia Ahaztuak-eko kideak esplikatu duenez, gaurko omenaldiak helburu bikoitza izanen du; batetik, haien bizitza askatasunaren alde eman zutenak omenduko dituzte eta, beste alde batetik, fusilatuei dagokienez Estatuak egindako «hutsuneak» salatuko dituzte. «Estatuaren ardura izan beharko luke memoria historikoaren alderdi guztiak jorratzea, fusilatuen senideei eta errudunei dagozkienak».
Udala, omenaldiaren kontra
Aurreko abuztuan Ahaztuak-ek mozio bat aurkeztu zuen Larragako Udalean fusilatuei omenaldia egiteko eskatuz, baina osoko bilkurak atzera bota zuen ekimena. Mozio horren bitartez, fusilatuen zintzotasuna adieraztea, herriko kale bati Maravillas izena jartzea eta fusilatuak oroitzeko omenaldia egitea eskatu zuten. UPNren eta independenteen kontra bozkatu zuten, eta, PSNk, aipatu hiru atal horiek babestu zituen arren ez zuen mozioaren osotasunaren alde bozkatu. Hori dela eta, Larragako Udalaren «sentiberatasun falta» salatu du Ahaztuak-ek, eta omenaldiarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute. «Estatuak egin behar zituen halako omenaldiak edo bestela erkidego bakoitzeko arduradunek; zoritxarrez, oraindik ere agintariek atzera egiten dutela ikusten dugu, Larragan bezala».
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek frankismoko krimenak kondenatzeko abiatutako ekimena, bestalde, «zuhurtasunez» hartu du Garciak. «Nahiz eta berandu ailegatu, frankismoa kondenatzeko edozein ekimen ongi hartzen dugu, baina egia da esperientziak erakutsi digula zuhurtasunez jokatzen». Halaber, Garzonen erabakiak sortutako zurrunbiloaren ondorioz, memoria historikoaren aldeko jarduna orain hasi dela dirudiela salatu du Garciak. «Badirudi oraingo kontua dela, baina beti egon da bizirik biktima, senide eta lagunen artean. 1970eko hamarkadaz geroztik ari dira lanean senideak», ekarri nahi izan du gogora Ahaztuak-eko kideak.
Nortasun agiria
Izen propioa. Maravillas Lamberto Ioldi, 14 urteko neskatila. 1936an bortxatu eta erail zuten Larragan.
Jazoera. Bere aita Vicente Lamberto fusilatzeko eraman zutenean, Maravillas ere eraman egin zuten, hura defenditzeagatik.
Larragako fusilatuak. 1936an 46 pertsona fusilatu zituzten.
Omenaldia. Gaur 12:00etan Larragako plazan.
(Berria. 08 / 10 / 26)