Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ukatu egin du frankismoko eta 1936ko gerrako desagertuen inguruko ikerketaren aurka fiskalak jarritako helegitea bideratzea. Horretarako hainbat arrazoi jarri ditu mahai gainean: lehenik eta behin berak izan behar duela helegitea aztertu behar duena; izan ere, fiskalak errekurtsoa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko salan jarri du. Horren haritik, horrelako prozesuetan Zigor salara zuzenean «ezin» daitekeela jo adierazi du, tartean beste «hainbat pauso» eman behar baitira.
Garzon epaileak 36ko auzia ikertzeko eskumena zuela iritzita, auzia ohiko sumario bilakatu zuen. Hori ikusirik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal buru Javier Zaragozak helegitea jarri zuen pasa den hilaren 20an, Auzipetze Kriminaleko Legearen 23. artikuluan oinarrituz. Zaragozak dioenez, lege horren arabera, Fiskaltzak edota auzian parte hartzen duen edozein aldek Auzitegi Gorenera jo dezake, epaile instruktoreak kasuan eskumenik ez duela irudituz gero. Horren arabera, beraz, Fiskaltzak Garzon epaileak 36ko gerran desagertuen auzian eskumenik ez duela iritzi dio.
Dena den, Fiskaltzak ez du aintzakotzat hartu Garzon epaileak helegitea bideratzea ukatu izana eta Zigor Salari helegitea aztertzeko eskaria egin dio. Zigor arloko salak eskari hori onartu egin du, eta bilera egin ondoren memoria historiaren inguruan salaketa jarri duten 22 elkarteek eta Garzon epaileak euren iritziak azaltzen diren txostenak helarazi beharko dituzte. Txosten guztiak bildu ondoren -hogei eguneko epean-, Zigor sala berriro elkartuko da helegitea berari aztertzea dagokion edo ez erabakitzeko.
Desagertuen auzia
Garzon epaileak pasa den ostiralean, frankismoko eta 1936ko gerrako desagertuen auzia ikertuko zuela adierazi zuen. Autoan adierazten zuenez, 1936ko uztailaren 18an hasi zen altxamendu armatua «guztiz planifikatutako erabakia» izan zen eta Espainiako Gobernua bukatzea zen haren helburua. Horrez gain, epaileak adierazi zuen gertaeren azterketa «alderdikeriarik gabe eta modu nesurritsuan» eginez gero, ondoriozta daitekeela gerrako irabazleek haien zuzenbidea ezarri zietela galtzaileei eta Estatuaren tresna guztiak ezarri zituztela martxan matxinadaren alde borrokatutakoak aurkitzeko.
(Berria. 08 / 10 / 24)