viernes, octubre 17, 2008

FISKALTZAT ERREKURRITUKO DU, ETA GOBERNUAK LAGUNTZA AGINDU DIO GARZONI


Espainiako Fiskaltzak iragarri du Baltasar Garzon epailearen erabakia errekurrituko duela, haren ustez, Auzitegi Nazionalak ez duelako eskuduntzarik gai hau ikertzeko.

Fiskaltzaren arabera, delituak baliogabe geratu dira 1977ko Amnistiaren Legearen ondorioz, eta, izatekotan, aztertu nahi direnak tokiko eta lurraldeetako auzitegien eskuduntzak direla.

Espainiako Gobernuak, berriz, laguntza eskaini dio epaileari abiatu behar duen ikerketan. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak adierazi zuenez, Auzitegi Nazionalak «eskatzen dion guztia» egingo du Gobernuak. Espainiako lehendakari Jose Luis Rodriguez Zapaterok berak ere errespetua azaldu zuen Garzonen erabakiarekiko. Zapaterok errespetua agertu zuen ere errekurritzeko Fiskaltzak azaldutako asmoarekin.

Ahaztuak laguntzeko prest

Frankismoaren biktimen senideen elkarte Ahaztuak 1936-1977k «itxaropenez eta zuhurtziaz» hartu du Baltasar Garzonen erabakia. «Espero dugu ekimen hau ez bihurtzea hedadura mediatiko handiko kontu hutsa».

«Berriro adierazi nahi dugu Baltasar Garzon epailearen ekimenaren helburua bada frankismoaren biktimentzat Egia, Justizia eta Ordaintza bilatzeko orain arte izan den lege hutsunea betetzeko neurriak eta bideak aurkitzea, gure laguntza izango duela. Baina, frankismoaren biktimei beste iruzur bat egin nahi badie, aurrean izango gaituela».

Ildo horretan, Hego Euskal Herriko eremuan 6.000 bat desagertu daudela gogoratu du elkarteak, eta salatu du orain arte frankismoko arduradunek izan duten zigorgabetasuna. «Uste dugu elementu baliagarria izan daitekeela hau zigorgabetasun eredu hori gizarte eztabaidaren erdian kokatzeko».

Ahaztuakek azpimarratu egin du Garzonek frankismoaren delituei gizateriaren aurkako krimenen izaera ematea, eta elkarteak aspaldi esaten zuena berretsi duela iruditzen zaio.

(Berria. 08 / 10 / 17)