Alderdi politikoak eta erakundeak Falange y Tradicion taldearen adierazpenak entzunda isilik geratzea salatu dute Lau Haizetara Gogoan plataformak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Taldearen atzean daudenak «erabateko zigorgabetasunean» daudela salatu dute. «UPNren eta PSOEren arduradun polizialek ez dute ezer egin haien erasoaldia geratzeko, ezta epaileek ere», Lau Haizetara Gogoan plataformaren arabera. Falange y Tradicion taldeak 25 pintaketa eta mehatxu faxista bere egin ditu.
Eusko Jaurlaritzak adierazpenik ez egitea «kezkagarria» dela iruditu zaio Lau Haizeetara Gogoan plataformari. «Gerra zikinaren» beste gertaera bat dela uste du: «Agerian geratu da Nafarroako Gobernuarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat laugarren mailako biktimak direla frankismoan hildakoak».
AAMk, bestalde, honakoa jo du susmagarritzat: ekintzak burutzeko erabili duten informazioa (helburuak zehazteko, adibidez), ekintzak burutzerakoan izan duten askatasuna, eta ekintzen inguruan Poliziaren ikerketen emaitzak ez izatea.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduarentzat inpunitate osoa dute, eta horrek guztiak erakusten du polizia indarrek eta botere politikoek ez dutela inolako asmorik ekintza horien egileak nor diren argitzeko.
(Berria. 09 / 09 / 24)