jueves, septiembre 03, 2009

DIKTADURAKO BIKTIMEI JUSTIZIA EGITETIK "HURBIL" DAUDE TXILEN

Diktadura garaiko (1973-1990) erantzule kriminalak zehazten urrats garrantzitsua egin du Victor Montiglio Txileko epaileak. Bera izan zen Augusto Pinocheten aurkako prozesua abiarazi zuena; bera da orain giza eskubideen urraketekin zerikusia izan dutenak epaitzeko asmoa agertu duena. Zuzeneko erantzuleez gain, haien konplize eta kolaboratzaile izandakoak eramango ditu Justiziaren aurrera. Horregatik auzipetu ditu diktadorearen alde egin zuten 131 agente ohi, giza tragedia hura egiten lagundu zutelako. Atzo horietatik 11 atxilotu zituzten; denak marineak.

«Ikerketaren amaieratik askoz hurbilago gaude», adierazi du Victor Montigliok, kriminal guztiak Justiziaren aurrera eramateko prozesu luzeari amaiera ikusten diola adierazteko asmoz. «Kuarteletan edozelan parte hartu zuten horiek guztiak ari gara ikertzen. Biktimei askatasuna kentzean zerikusirik izan zuten argitu nahi dugu». Montiglioren ikerketa judizialak orain arte egindakoetatik urrats bat haratago egin du hala: susmopean direnen taldea nabarmen handitu du, giza eskubideen urraketen berri izan baina horiek salatu ez zituen jendea ere atxilotzeko agindu baitu epaileak.

Bestalde, Manuel Valderrama epailearen aginduz, Sergio Moreno Saravia jeneral ohia ere atxilotu zuten atzo, Pinocheten banku-kontu sekretuen auziarekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Oposizioko ehunka lagun desagerraraztea leporatzen diete besteei. Dena dela, auzipetu dituztenetatik erdiak, 60 gutxi gorabehera, inoiz ez dituzte aurrez halako delitu bategatik akusatu, eta orain arte egindako salaketen artean ere ez da haien izenik agertu. Horregatik uste du Montigliok diktadurako biktimei justizia egitetik hurbil daudela. Eta uste berekoa da Boris Paredes Barne Ministerioko Giza Eskubideen Bulegoko abokatua ere; hori dela eta, epaileari akusatuen erantzukizuna zehazten egindako lana aitortu dio.

Montigliok auzipetutakoen artean Txileko armadako bost ofizial ohi daude: Cesar Manriquez, Manuel Carevic, Fernando Chaigneau, Luis Sovino eta Sergio Castillo -hilero, armadako kide gisa, soldata jasotzen jarraitzen duten agente ohien artean dago hori-. Halaber, epaimahaiak auzitan jarriko dituenen artean dira, besteak beste, 45 azpiofizial, aire armadako hamalau kide ohi, 11 marine, Ikerketa Poliziako sei eta 32 karabinari ohi.

Eta horietatik batzuk atxilotze zentro klandestinoetan presoei galdekatzen zieten bitartean zaintza lanak egiteagatik azaldu beharko dute epailearen aurrean. Beste zenbaitzuk oposizioko kideak sarraskitze esparruraino eramateagatik, baita DINA edo Polizia sekretuko brigada operatiboetako kide izanda Pinocheten aurkariak atxilotu eta torturatzeagatik ere.

Kasu ezagunak auzitan
Hiru kasutan parte hartutakoak dira, ustez, 131 auzipetuak: Kondor eta Colombo operazioetan, eta Conferencia Kalea kasuan desagerrarazi zituzten orain ikerketaren objektu bihurtutako ehunka lagun haiek. Azken horren barruan, halaber, Hamahiruen kasua izeneko beste batekin lotzen dituzten hainbat. Kondor Operazioa 1975ean hasi zuten, eta Hego Amerikako zerbitzu sekretuen koordinazioari esker, ezkerreko militanteak zapaldu eta desagerraraztea zuten helburu.

Colombo Operazioa, berriz, 1974 eta 1975. urteen artean prestatutako iruzurra izan zen, Txileko gizarteari desagertuak «nazioarteko marxismoaren» asmakizun zirela sinestarazteko. 119 jo zituzten desagertutzat diktadurako lehen urte haietan; alabaina, bertsio ofizialak zioen haiek Argentinan edo Brasilen hil zirela.

Alderdi Komunistako lehen zuzendaritza klandestinoa atxilotu zuten Conferencia Kalea izeneko kasuan -lehen atxiloketak kale hartan egin zituztelako du kasuak izen hori-; DINAk zuzendaritzako kide guztiak bahitu ondotik hil zituen. Alderdi Komunistako bigarren zuzendaritza klandestinoarekin berdin egin zuten Hamahiruen kasua izenekoan -hamahiru ziren bigarren zuzendaritzako kideak; horregatik du izen hori-.

Armada ere auzitan

Justiziak urrats garrantzitsua egin du Augusto Pinocheten diktaduran giza eskubideak urratu zituzten guzti haiei erantzukizuna eskatuz. Alabaina, Txileko hainbat sektorek biktimek kriminaltzat jotzen dituzten horien aldeko keinuak egiten dituzte oraindik. La Nacion egunkariak argitaratutako berriak sortu du keinu horien inguruko azken polemika: Pinocheten garaiko hainbat «zapaltzailek» armadak emandako ordainsariak jasotzen dituzte. Militarrentzat aholku lanak egiteagatik, DINAko kide izandako hainbati 2.200 dolar inguruko soldata ematen diete.

Diktadurako biktimen senitartekoak izan dira berriak asaldatu dituen lehenak. Isabel Allende diputatu sozialista eta Salvador Allende Txileko presidente ohiaren alabak, berriz, «gehiegikeriak egiteaz akusatutako horiei soldata ematea iraina» dela salatu du. Gobernuari, horregatik, gertatutakoa ikertzeko eskatu dio.

Giza eskubideak urratu dituztelakoan, auzipetuta dauden hamalau agente ohi ditu soldatapean armadak gaur egun. Eta epaiketa zain bai, baina kondenarik jaso ez dutelako, Francisco Vidal Defentsa ministroak horien guztien errugabetasun presuntzioaren alde egin du. Dena dela, gertatutakoa ikertzeko batzorde parlamentario bat osatu dute.

(Berria. 09 / 09 / 3)