Eskuin muturraren izenean, gutxienez 32 «eraso faxista» egin dituzte urte honetan Euskal Herri osoan. Frankismoaren biktimak batzen dituen Lau haizetara Gogoan koordinakundeak ohartarazi duenez, era horretako ekintzak «larriagoak» izan daitezke aurrerantzean.
Eraso horien egileek izan duten «erabateko inpunitatea» eta alderdi politiko, instituzio eta komunikabide batzuen «isiltasunak eta ahanzturak» era horretako ekintzak ahalbidetzen dituztela diote. «Frankismoaren ondoren Espainiako estatuan ezarritako erreforma politikoaren inpunitate ereduak dena kutsatu du». Hala, koordinakundeak salatu du «iraganaren eta orainaren» edo «genozidio frankistaren eta Estatu terrorismoaren» arteko lotura adierazten dutela azken erasoek.
Donostian eginiko prentsaurreko batean koordinakundeko kideek haien kezka agertu dute, uste baitute azken erasoetan «jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa» gertatu dela. «Genozidio frankistaren» oroimen historikoa berreskuratzeko oroitarrietan egindako «txikizio basatiak», GALen biktima izandako Lasa eta Zabaleren oroitarriari egindakoa eta oroimen historikoaren militanteek zein ezker abertzaleko eta gizarte mugimenduetako beste kide batzuek jasotako mehatxuak izan dituzte gogoan. Alderdi eta erakundeei eskatu diete ekintza horiek guztiak salatzeko eta ikerketak abiatzeko. Halaber, biktimentzako «egia, justizia eta ordaina» lortzeko asmoz, Euskal Herriko Egiaren batzordea osatzeko eskatu dute.
(Berria. 09 / 09 / 10)