martes, septiembre 01, 2009

MUNDUA GERRAN BIGARRENEZ

Aitzakiak behar dira gerrak hasteko. Lehen gerra ontziak, lehen bonbak, lehen tiroak, halakoren bat behar du portu edo kanoiren batetik atera eta historiako pasarterik ilunenetariko bati hasiera emateko. Atzoko egunez, duela 70 urte, Poloniako mugatik gertu zen Gleiwitz irrati kateari eraso zioten Adolf Hitlerren soldaduek; sabotajea leporatu zieten poloniarrei. Schleswig-Holstein korazatua Danzig hiriko -Ekialdeko Prusiako hiri izandako horrek Gdansk izena du gaur egun-- portutik Westerplatterantz (Polonia) irten zen biharamunean. 1939ko irailaren 1a zen; II. Mundu Gerrari hasiera eman zioteneko data ofiziala.

Hura hasteko erabakia, dena dela, aurretik zuten hartuta; batzuek halako tragediarik ekarriko zuen jakiterik izan ez bazuten ere. Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak horixe leporatu zion Arthur Neville Chamberlaini, aurretik lehen ministro izandakoari; inozente eta arin jokatzea: «Otsoei jatekoa izan dezaten nazio baten zati bat entregatzea, eta hala eginda bakea segurua izango dela pentsatzea, zorigaiztoko ilusio bat da. Gerraren eta desohorearen artean erabaki ahal izan zenuen, eta desohorea aukeratu zenuen, eta gerra izango duzu».

Alemania naziak Austria eta Txekoslovakia kontrolpean hartzen bazituen, Hitlerren konkista gosea aseko zelakoan zegoen Chamberlain. Naziek herrialde haiek anexionatu bazituzten, izan ere, egiten zuten bitartean Erresuma Batuak bestaldera begiratu zuelako izan zen hein batean. Ez zuen asmatu politika espansionista haiek aurrez ikusten; eta bonbak Londres gainean erori ziren urte berean, 1940an, kargua utzi behar izan zuen.

Urtebete zen Frantziak eta Erresuma Batuak gerra deklaratu ziotela Alemaniari. Varsoviako gobernuarekin aurretik hitzartu zuten elkar laguntzeko itunak horretara behartzen zituen. Haatik, Austriarekin eta Txekoslovakiarekin ez zuten halako itunik; historian beste datarik izango zen, osterantzean. Izan ere, ez da harritzekoa txekoslovakiar gehienek gerra 1938an hasi zela pentsatzea; urte horretan bi herrialde mugakideak inbaditu baitzituen Alemaniak. Eta nazioarteak ontzat jo zuen hori.

Gezurren gerra

«Lehenengo Austriaren eta Txekoslovakiaren anexio politiko eta militarra». Esaldi hori Hitlerren ahotan jarri zuten gerra amaituta Nurembergen epaitu zituzten kriminal naziek. Furher-ak Herman Goering mariskalarekin egindako 1937ko bilera berezi hartan entzundakoa omen. Historiak, gero, bukatu gabea dirudien esaldia osatu du: Lehenengo Austria eta Txekoslovakia... eta, gero, Polonia, Danimarka, Norvegia, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo, Jugoslavia, Frantzia, Grezia... Sei urtean Europa erdia Hirugarren Reich-aren mugen barruan gelditu zen.

Nazioarteak 1937ko bilera hartan esandakoen berri izan balu; baina bestelakoak ziren Alemaniatik mundu zabalera garai haietan egiten ziren diskurtsoak. 1935ean, besteak beste, Hitlerrek Austria ez zuela anexionatuko agindu zuen: «Alemaniak ez du asmorik, eta ez du gogorik ere, Austriaren barne auzietan esku hartzeko. Anexioa ez zaigu burutik pasatu ere egin». Handik hiru urtera, edo Hirugarren Reich-ekoa egin edo gerra sufritu, bietako bat aukeratu beharrean jarri zituzten austriarrak. 1938an lehenengo aukera hobetsi zuten.

Gutxira, Erresuma Batuak eta Frantziak nazien esku utzi zituzten Sudeteak, eta ultimatum gisa Bohemia eta Moraviarekin gauza bera egitea onartu zuten; jada Txekoslovakia kontrolpean zuen Hitlerrek, eta Polonia begiz jota.

Isilpeko berrarmatzea

II. Mundu Gerraren urteurrena gogoratzeko Gdansken gaur egitekoak diren ekitaldietan da parte hartzekoa Vladimir Putin Errusiako lehen ministroa. Alboan Angela Merkel Alemaniakoa izango du, baita David Miliband Erresuma Batuko Atzerri ministroa ere. Gerrako horroreak gogoratzekoak dira, historiak irakasgai gogorrik eman dielako damu -batzuei besteei baino gehiago, azken egunetan Putinek nabarmendu nahi izan duenez-. Dena dela, iraganeko hutsak berriro gogoratzeko balioko du, eta, horregatik, Errusiako lehen ministroak kritikei aurre hartzen jakin die: «Stalinek erregimen naziarekin sinatu zuen hitzarmena onartezina da ikuspegi moraletik». II. Mundu Gerra lehertzeko zela, 1939ko abuztuaren 24an, Joachim von Ribbentrop Alemaniako Atzerri ministroak eta Viatxeslav Molotov Sobietar Batasunekoak sinatutako itunari egin dio erreferentzia.

Itun hari esker, Polonia bitan banatu zuten; mendebaldea nazientzat izango zen, ekialdea komunistentzat. Oraindik ofizialki hasteko zegoen gerrako harrapakin bihurtu zuten Polonia. Hala, astearte batez sartu ziren Hitlerren soldaduak Polonian; hurrengo larunbatean, hilaren 19an, Armada Gorriak gauza bera egin zuen. Gerrak ez zuen itzulbiderik.

Datak bat ez datozenean

Ribbentrop-Molotov akordioan elkarri ez ziotela eraso egingo hitzeman zioten batak besteari. 1941eko ekainaren 22an emandako hitza urratu zuen armada naziak. Eta Hitlerrek etxeraino eraman zion gerra Stalini; hala egin izana garesti atera bazitzaion ere. Stalinen Armada Gorriak, izan ere, indartsu berreskuratu zituen galdutako postuak, eta Berlinen erregimen nazia garaitu zuen, 1945ean.

Tiro hotsak non entzuten diren, gerra, ikusten den gerra hori, han izaten delako, ordea, errusiar askorengan 1941eko ekainaren 22 hartan hasi zen II. Mundu Gerra. Eta txekoslovakiarrentzat 1938ko irailaren 29an. Eta Hitlerrentzat, 1919an, Alemaniak Versallesko ituna sinatu besterik izan ez zuen hartan. Alemaniar askorentzat, izan ere, II. Mundu Gerra lehenengoa amaitu zenean hasi zen; nazioarteak kolonia guztiak kendu eta munduaren aurrean lotsagorritu zuen hartan. Egoera ekonomiko larrian utzi zituen I. Mundu Gerrak; alemaniarrentzat, dirudienez, ez zen gerran jarraitzea beste irtenbide hoberik.

(Berria. 09 / 09 / 1)