Ez dira berriak. Ezta ezezagunak ere. Hego Euskal Herrian eskuin muturrak ez du inoiz aparteko indarrik izan, ez bederen azkeneko 30 urteetan. Hala ere, ugariak dira Hego Euskal Herri osoan erregimen frankistaren ikur, oroitarri eta kale izenak. Badira, gauaren babesean, diktadurari eta diktadoreari gorazarre egiten diotenak ere, edo sinbologia hori «erabilita», egungo testuinguru politikoan eragin nahi duten «taldeak». Ez dira asko, instituzioen arabera, baina bai «ezezagunak».
Talde horiek, Falangearen sinbologia erabilita, Cristo Reyren izenean edo sinadurarik gabe, hainbat eraso egin dituzte azken hilabeteetan Euskal Herri osoan: 1936ko gerran frankisten aurka aritutako edo diktadurapean jazarpena jasandako lagunen oroitarriak apurtu dituzte, ezker abertzalearen ostatu eta udaletxeetan heriotz mehatxuak idatzi dituzte, hainbat herritar bahitu eta laguntza emateko eskaerak egin dituzte... Alderdi guztiek, edo gehienek, erasoak salatu dituzte. Baina ez guztiak. Eta ikerketei dagokienez, eraso bakar bat ere ez dute argitu oraindik instituzioek.
Gertakari horiek kokatze aldera, memoria historikoaren alorrean aritzen diren zazpi adituren iritziak bildu ditu BERRIAk. Guztiek argi dute egungo giro politikoaren «babesean» eman direla erasoak. Ñabardurak daude iritzi batzuen eta besteen artean, baina gailentzen den ideia da halako ekintzak ez direla kasu bakartuak, eta egileek «inpunitate» osoa dutela egiten dutena egiteko. Gainera, erasoak «kuantitatiboki eta kualitatiboki» ugaritu direla nabarmendu dute.Halako ekintzak «betidanik» ezagutu badira ere, adituak kezkatuta azaldu dira. Halako ekintzak amaitzen ez badira giroa «gaizto» daitekeela uste dute.
Soka ez da eten
«Gatazka politikoa konpontzen ez den bitartean, badirudi denak balio duela». Iñaki Egaña historialariaren arabera, faxismoaren aurkako borrokan «salbuespena» da Espainiako Estatua Europan. «Ez da inoiz hausturarik egon aurreko eta egungo erregimenen artean, eta horrek, hein handi batean, ahalbidetu du halako fenomenoen bizi iraupena». Egañak uste du Espainiako egungo intelektual eta politikoen artean oso errotuta dagoela «faxismoaren diskurtsoa»: «Errebisionismorako joera handia dago». Ez du uste, baina, azken erasoen atzean Falangea dagoenik. «Oso gutxitan ikertu dituzte eraso horiek, baina ikertu dituztenean, ikusi da atzean ez zegoela Falangea eta bai, ordea, Guardia Zibila edo haiekin harremana duten taldeak. Arazoa da arrastoak egonda ere, ez dela ikerketarik abiatzen».
Falangearen izenean jarduten diren hamaika alderdietatik bakar batek ere ez dauka pisurik ez egitura sendorik Euskal Herrian. Floren Aoizek dio Euskal Herrian beti existitu direla eskuin muturreko alderdiak, baina nabarmendu du ez dutela horrela jokatzeko ohiturarik: «Pizgarri bat behar dute horretarako». Aoizek «inpunitatea eta konplizitate» hitzak nabarmendu ditu. «Ez dut esan nahi Estatuak aginduta egiten dituztenik ekintza horiek. Baina gauza jakina da Estatuko zerbitzu sekretuak beti egon direla infiltratuak talde horietan. Gainera, denok dakigu zenbatekoa den Euskal Herrian dugun polizia kopurua. Beraz, erasoak ez badira argitzen, ikertu nahi ez dituztelako izango da».
Josu Txueka historialariaren arabera, ez dirudi halako ekintzak «mozkorraldi baten» emaitza direnik. Talde txikiak direla uste du, gazteak, antolatuak, eta, agian, Euskal Herritik kanpo etorritakoak. Badu, baina, kezkarako arrazoi bat: «Badirudi dokumentuak eta informatuak daudela: oroitarrien leku zehatzak ezagutzen dituzte, mehatxuak egiteko helbideak, telefono zenbakiak...». Hipotesiak «asko» izanik ere, ikerketa serio bat egiteko «aurrekariak» badaudela dio Txuekak. «Oso larria izango litzateke eraso horien atzean talde parapolizialak egotea».
Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko zuzendariaren irudiko, «kanpotik etorritako» taldeak egon daitezke eraso horien atzean. Talde horien eta Nafarroako Opus Deiren artean harremana dagoela uste du historialariak. «Unibertsitateetan badira halako taldeak, ikasleen artean, irakasleen artean, polizien artean, militarren artean... denak kanpotik etorritakoak. Bitxia da eraso gehienak ikasturte hasieran edo oporren bueltan egitea». Nolanahi ere, Esparzaren ustez, gakoa Espainiako Estatuaren jokaeran dago. «Faxismoak beti behar izan du boterea atzean: inpunitatea eta konplizitatea».
Esparzaren arabera, «benetako faxismoa» instituzioetatik dator gaur egun. «Demokraziarekin zerikusirik ez duten neurriak hartzen ari dira: alderdiak legez kanpo utzi, egunkariak ixten dituzte, torturak...». Egoera horretan eskuin muturreko taldeak hazi egiten direla uste du. «Estatuak jartzen du muga. Eta hori oso altua denez, eroso aritzen dira talde horiek. Badakite ez dituztela atxilotuko». Egañarentzat, halaber, argigarria da instituzioek «euskal ikur eta presoen ikurren aurka» abiatu duten «ofentsibarekin bat egitea eraso falangistak». 36ko gerrako eta diktaduraren biktimen oroitarriei egin diete eraso, eta baita gerra zikinaren biktimak izandako Lasa eta Zabaleren oroitarriei, ezker abertzaleko zinegotziei, euskal preso ohiei, gizarte mugimenduetako kideei... Adituak kezkatuta azaldu dira horrekin.
Memoriaren biktimak
Memoria historikoari eginiko erasoen inguruan, zenbait alderdiren jarrera salatu dute iragana berreskuratzeko lanetan dabiltzan lagunek. Txuekak uste du «UPN eta halako alderdiek» ez dutela asmorik memoria historikoaren gaia eztabaida publikora eramateko. «Gai hori zintzilik daukate oraindik». Ikerketa bat abiatuz gero instituzioek «biderik motzena» aukeratuko dutela dio. Lander Garcia Ahaztuak 1936-1977 taldeko kideak eta Koldo Pla Txinpartako kideak salatu dute biktimen inguruan instituzioek egiten duten «interpretazio partziala» eta elizaren «isiltasuna». Ioseba Ezeolaza Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko bozeramaileren ustez, halako erasoen aurka «alderdi guztien batasuna» behar da.
Eskuin muturreko joera ideologikoa duten «taldeen» ekintzak ikertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Auzitegi horretako fiskal nagusi Javier Zaragozak Daniel Campos Navas fiskala izendatu du lan horretarako. Espainiako Zigor Kodearen arabera, halako taldeak ezin dituzte «talde terroristatzat» jo, baina delitu terroristak egiteagatik epaituak izan daitezke, «konstituzio-ordena iraultzeko edo herri bakea modu larrian hausteko asmoz (...), herri bateko biztanleak edo gizarte, politika nahiz lanbide talde bateko kideak ikaratzen» dituztelako.
Argitu gabeko erasoak, 2009an
Argitu gabeko erasoak, 2009an
Hona hemen sinadurarik gabe edo Falangearen izenean eginiko hainbat ekintza.
Oroitarrien aurka. Pintaketak egin eta kalteak eragin dituzte: Amaiurko gotorlekuan (Nafarroa); Intxortan (Gipuzkoa); Artesiagan(Nafarroa); Aritxulegi mendian (Gipuzkoa); Ezkaba mendian (Nafarroa); Aitzoaingo eta Berriobeitiko hilerrietan (Nafarroa) eta Lasa eta Zabalaren oroitarrietan (Tolosan, Gipuzkoa). Halaber, Bidarrai eta Gixunen (Nafarroa Beherea) svastikak margotu dituzte. Heriotz mezuak. Mehatxatu dituzte: Lesaka, Bera, Orkoien eta Arbizuko (Nafarroa) udaletako hainbat zinegotzi eta langile; Iruñerriko hainbat gazte; Bilboko jaietako txupinera; Iruñeko Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri tabernak eta memoria historikoa berreskuratzeko taldeetan dabiltzan hainbat lagun.
Suteak. Lehergailuak jarri eta suteak eragin dituzte: Tuterako Herriko Tabernan; Argedasko Gaztetxean (Nafarroa). Arkaitz Goikoetxea presoaren gurasoen etxean(Getxo, Bizkaia).
Bahiketak / desagerpenak. Ordu batzuk bahitu eta laguntza emateko eskatu diete Lander Fernandez bilbotarrari eta Alain Berastegi arbizuarrari. Jon Anza donostiarrak bost hilabete darama desagertuta.
19 Alderdi falangistak.
19 Alderdi falangistak.
Espainiako alderdi bakarra izateko sortu zen Falangea, 1933an. Egun, baina, 19 alderdi falangista daude erregistratuta. Hego Euskal Herrian 450 boto inguru bildu dituzte azken hauteskundeetan Falangearen izenean parte hartu duten bi alderdiek.
@sarean'www.askatu.org'. Falange Vasca deituriko talde bat sortu zuten duela hamar urte. Kale Gorria aldizkariak talde horren eta Guardia Zibilaren arteko lotura salatu zuen, 2001ean. 35 abertzale hiltzeko asmoa zutela zioen ikerketak. Salaketa jarri zuten Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Kasua artxibatuta dago.
Frankismoko biktimek egia eta justizia eskatu dute Donostian
@sarean'www.askatu.org'. Falange Vasca deituriko talde bat sortu zuten duela hamar urte. Kale Gorria aldizkariak talde horren eta Guardia Zibilaren arteko lotura salatu zuen, 2001ean. 35 abertzale hiltzeko asmoa zutela zioen ikerketak. Salaketa jarri zuten Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Kasua artxibatuta dago.
Frankismoko biktimek egia eta justizia eskatu dute Donostian
73 urte beteko dira gaur frankistek Donostia hartu zutela. Ordutik frankistek hildako eta ihes egin behar izan zutenen omenez ekitaldia egin zuten, atzo, Bulebarreko kioskoan. Genozidioaren biktimen elkarteak eta Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak antolatu zuten ekitaldia, eta 200 lagunek bat egin zuten deialdiarekin, biktimentzat egia, justizia eta kalte-ordaina eskatzeko. Ezker abertzaleak, Aralarrek eta EAk ere ekitaldian parte hartu zuten.
Adarraren eta txalapartaren musikak eta dantzarien agurrak hasiera eman zioten ekitaldi xumeari eta hunkigarriari. Lehen ilaretan, omentzen zirenen ondorengoak zeuden, eta haiei eskerrak eman zizkien Iñaki Egaña historialariak, beren senideen oroitzapena bizirik mantentzeagatik. 1936a urruti egon arren beren samina fresko dagoela gogorarazi zuen Egañak, eta «Euskadi aske eta gizarte burujabea» erdiesteko borrokan haien «erreleboa» izango direla esan zien. 36ko gerran, Donostia frankistek hartu zutenean, 385 zibil hil zituztela gogorarazi zuen. Errepublika defenditzen 5.855 donostiar manifestatu zirela eta haietako 418 hil egin zituztela. Horregatik inor ez dela epaitua izan eta biktimei aitortzarik ere ez zaiela egin salatu zuten. Are gehiago, falangea bera inpunitate osoz eta legearen babesarekin Donostiako kaleetan manifestatu dela gogorarazi zuen. Ohartarazi zuen ere falangea ondo errotutako mugimendua dela, «erakundeetan, polizia etxeetan, hedabideetan eta abarretan». Felix Sotok ere hartu zuen hitza, antolatzaileen izenean. Estatuak tragedia ezkutatzen saiatzen dela salatu zuen, eta horren adibide, memoria historikoaren legea jarri zuen. Horrek «Francok gizadiaren aurka egindako hilketak ezkutatzen ditu», eta 70 urte geroago, eraikuntzako makinek gorpuak azaleratzea salatu zuen. «Estatuak bilatu beharko lituzke Estatuak desagerrarazitakoak».
(Berria. 09 / 09 / 13)