Nekez idatz daiteke Kandido Sasetari buruzko lerrorik, goresmen hitzetan lardaskan aritu gabe. Izan ere, Sasetari -eta haren irudiari eta egintzei- buruz idatzi den guztia irakurri dut berriro ere, eta jabetu naiz goresmen hitzez eta laudorioz josita daudela. Iruzkin txar bat bera ere ez da ageri, ezta balorazio omen-kentzailerik ere. Eta ez bakarrik bere egin zuten haien artean, nazionalistengan; libertarioek, komunistek, errepublikanoek eta dena delako aurrerakoiek, guzti-guztiek estimu berbera zioten, eta ikur handi bat eta segurtasun berme bat da faxismoaren aurkako borrokari guztientzat. Ikur, ideia eta konpromiso argiak zituelako; eta segurtasun berme, haren aginduetara ez zelako izaten inolako zalantzarik eta alderik: zapalkuntzaren aurka eta askatasunaren alde borrokatzen ziren, abagunean-abagunean inolako ñabardurarik egin gabe; inolako zalantza izpirik gabe jokatzen zuten. Haren pertsonarekiko ikuspegi global hori areagotu egiten da, berriz, iritzi horixe gailentzen delako oro har. Antzeko iruzkinak irakur daitezke: besteak beste, CNT del Norte libertarioan, Euzkadi Roja komunistan, Acción Vasca ekintzalean, eta Jagi-jagiko independentisten Patria Libre izenekoan eta mendigoxaleenean. Bat-etortze horrek, askotariko ideologiatatikoa izaki, egiaztatu egiten du gizasemearen handitasuna eta buruzagiaren balioa. Eta horrek erakusten du, argi eta garbi, gerrako buruzagi huts bat baino gehiago izan zela.
Abagune hartan, susmo txarrez begiratzen baitzioten edozein militar profesionali, susmagarria izaki merezimenduz, eta ez baitzegoen sekula jakiterik ziur norbere jaieraz edo halabeharrez borrokatzen ziren errepublikanoen aldean. Leialtasun geografikoa benetako estigma bat zen indarrean zegoen legeriari leial zitzaizkionen artean, eta duda-muda ugari sortzen zituen.
Sasetaren inguruan izan ezik. Huraxe izaki, agian, erresistentziako herriarekin konprometitua zegoen militar profesionalaren ikurrik sinbolikoena, eta herri eskubideen bandera altxatzen zutenen ondoan borrokatzen zena faxisten zapalkuntzaren aurka. Hantxe, lehen lerroan baitzuten Saseta buruzagia.
Amaigabea dirudi hura definitzen duten epitetoen zerrenda luzeak: ausarkeriaraino adoretsua, ahaltsua, estratega bikaina, zintzoa, solidario erabatekoa -salbuespenik gabe-, beti lehen buruan, edozeinen eredu... Kualitate horiek guztiek goresmenaren pareko leialtasuna sortzen zieten inguruan zituen gizonei; hura buruzagi zutelarik, botere politiko urrunetik agindutako edozein umekeria egiteko gai ziren, edota arriskurik heroikoenak eta muturrekoenak bereganatzeko gauza. Saseta zen, ezbairik gabe, 1936ko borroka armatura herrestan joan ziren gudarien buruzagirik behinena. Beste Zumalakarregi bat, hura bezala garaia baino lehen erori zena, arerioen bala batek jota, azken garaipen zalantzazkoa lortzearren egin ahal zuen guztia zeharo egin gabe. Azkeneko hilabeteetan bizi izan zen bezala hil zen, bere gizonak alboan zituela; euren baliabide gabezia eta miliziano altxatuen gailentasuna zirela bitarteko, sagu zulo lakiozkoan sartu zituen, eta haiek handik aterarazteko ahaleginean erori zen. Hilurren zelarik, honela esan omen zion laguntzaile zuenari: «Ez gaituk istilu makalean sartu, asturiarrei laguntzearren». Zeharka ebakita geratu zen betiko haren bizia, Pradón de los vascos-en, ia ehunka gudarik inguraturik, haren lehen lerroko batailoi kutunekoak gehienak ere, ANVren Eusko Indarraren bigarren konpainiakoak; haien gorpuzkinak atzerriko lurretan daude oraindik ere, eta norbaitek zerbait egin beharko luke aberrira ditzaten.
Kondairak dioenez -hala esan zuen lehendakariak berak ere 1956an, Parisen egindako Euskal Mundu Biltzarrean-, lehendakariaren aurrera joan omen zen Saseta, eta Asturiasera joateko boluntario gisa aurkeztu omen zion bere burua. Hauxe esan omen zion: «Zure aginduetara naukazu; agindu nora, eta haraxe joango naiz. Eta halaxe joan, eta hantxe erori omen zen».
Historiako pasarte hori ez da erabat egia, eta hala aitortu zuen Manuel de Irujok handik urte Batzuetara. Euskal batailoien lekualdatzea, errepublikano asturiarrak babestera joateko, behartua izan zen. Boluntarioak norbaitzuek apetaz aukeraturikoak izan ziren, euskal kausarekin konprometituenen artean. Ez Saseta ez espedizioko ezein batailoi ez zeuden ziur hark guztiak ezertan hobetuko ote zuen euskal frontearen egoera, ez eta errepublikanoen kausa ere -ANVren Eusko Indarra izenekoa oso kritiko agertu zen bai betekizun harekiko bai hura bete behar izatearekiko, hainbat ofizial eta soldaduren gutunetan eta iruzkinetan argi asko jasotzen denez- Baina Asturiaseraino joan ziren, diziplinari zintzo jarraiki: batetik, eta hein batean, lehendakariak diseinaturiko nazio eraikuntzaren idealei leial izaki; eta, bestetik, Gobernu autonomoaren lehen agintaldiak berak benetan eragindako urratsaz baino harago joanik. Gaur egun, izan ere, pil-pilean dago 1936an egin ahal izan zenari edo egin behar izan zenari buruzko eztabaida -erresistentzia estatutistatik hasi eta askapen prozesu nazional bihurtzeraino, mendigoxaleek eta militante ekintzale batzuek eta zenbait jelkidek nahi zuten moduan-; eta, horren inguruan, Sasetak behin baino gehiagotan adierazi zuen bere jarrera soberanista, eta idatziz jasota geratu dira haren iruzkinak: «Lehen egunetik, eginkizun independentista baterako deitu ninduen euskal Gobernuak, eta ez zeregin autonomista baterako».
Sasetak, militar gisa, argi zeukan honako hau: begirunea eta obedientzia zor zien bere gainetik zeuden agintariei. Eta horri men egin zion betiere, nahiz eta lehendakaria bera baino askoz ere aurreratuagoa izan ideologia aldetik; komandanteari ez zitzaion sekula burutik pasatu Franco, Mola eta haien jarraitzaileak antzeratzerik edo berdintzerik. Beste bertute batzuek ez ezik, bere balio demokratikoek ere eragozten ziotelako. Nolanahi ere, Sasetaren pentsamendu askatzailea argi eta irmo jasota geratu zen hark utzitako ondarean: «Guri dagokigu orain errebeldeei erakustea libre izateko hartu dugun erabakia. Garaitzen bagaituzte, hurrengo belaunaldikoek harro altxatuko dute ikurrina, eta aurrerantzean ere hor iraungo du guk askatasunaren alde hasitako borrokak. (...) Eusko Gudarostea antolatzeko ardura neure gain hartu nuenez geroztik, behin eta birritan esan izan diet gure buruzagiei, Euskal Errepublika sortu behar dugula lehenbailehen, denbora gehiago alferrik galdu gabe».
Aspaldi batean idatzi nuen Kandido Sasetak Euskal Herri aske batekin amets egin zuela. Amets hori gogoan zuela hil zen, eta, amets harekin, betiereko iraungo du gugan, eta ohorezko toki bat izango du jaioterri zuenean, Hondarribian, harik eta guk guztiok haren ametsari eitea eman eta ahalik eta gorazarrerik handiena egiten diogun arte.
(Berria. 08 / 05 / 06. Erredakzioan itzulia)