sábado, mayo 10, 2008

SARTAGUDAN EKITALDI "HUNKIGARRIA" PREST DA GAUR "MEMORIAREN PARKEA" INAUGURATZEKO

Egun historikoa izanen da gaurkoa. 1936ko gerraren eta frankismoaren 3.420 biktima nafarrei (2.868 fusilatuei eta Ezkaban hildakoei, adibidez) «herri omenaldia» eginen diete. Sartagudan (Nafarroa) izanen da, "Memoriaren Parkea"ren inaugurazioan. Nafarroako Fusilatuen eta Alargunen Herriko elkarteek abiatu zuten 2002an egitasmoa, eta gaur egun «hunkigarri» nahiz «alaia» izatea nahi dute. 4.000 bat lagun bilduko direla espero dute. Hildakoen 3.420 izenak zizelatuak dituen horma dago parkean, eta Joxe Ulibarrena eta Nestor Basterretxearen obra bana.

Inaugurazioa 12:30ean hasiko da Jose Mari Asin aktoreak gidatuta. Roldan Jimeno historialariak, Jimeno Jurioren semeak, hitz batzuk eskainiko ditu, eta, gero, Fusilatuen Senideen elkarteko Mirentxu Agirreren eta Alargunen Herriko Julio Sesmaren txanda izanen da. Lizarrako koroa, jotak eta aurreskua izango dira gero. Bazkalostean -2.700 lagunek eman dute izena-, Bide Ertzean, Taller de Corcheas, Fermin Valentzia, Aurora Beltran, Ruper Ordorika eta Jose Antonio Labordetak joko dute. Gero, Enrique Villareal El Drogas-ek memoria historikoaren aldeko agiria irakurriko du. Bukatzeko, Fusilatuen Senideen Elkarteari eta Memoriaren Parkeari buruzko dokumentalak emango dituzte.

Elena Torres Foru Parlamentuko presidenteak baieztatu du bertan izanen dela. Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragilek ere atxikimendua adierazi diote ekimenari.

Kausak, gertatutakoa, ondorioak
Nafarroako herririk zigortuena izan zen Sartaguda 1936an. Orotara, 86 lagun fusilatu zituzten, alegia, herriko populazioaren %8. Sartaguda 1936. "El Pueblo de las Viudas" liburua aurkeztu zuten herenegun, Memoriaren Parkearen inaugurazioaren harira. Jose Maria Jimeno Juriok bildutako dokumentazioak hornitu du obra eta Fernando Mikelarena historialariak osatu du, zenbait kapitulu gehituz. Gertatutakoa argitzeaz gainera, kausak eta ondorioak azaltzen ditu liburuak.

Dokumentazioa aberatsa da: elkarrizketak eta CNTko kide baten egunerokoa ageri dira, adibidez. Argazki historikoak ere ugariak dira, 1977tik aurrera egindako exhumatzeenak, besteak beste. 1970eko hamarkadan Jimeno Jurio saiatu zen 1931 eta 1945. urteetan bildutako informazioarekin liburua argitaratzen, baina Triple Aren (komunisten aurkako taldea) mehatxuek galarazi egin zioten. Orain, Jimeno Jurioren obren barnean argitaratu du lana Pamielak, Udalbide eta EKEren laguntzarekin.

(Berria. 08 / 05 / 10)