Andoaingo "Oroituz" Taldearen (1936ko biktimen aldeko herri erakundea) eta Lasarte-Oriako Landaberri ikastolako helduen antzerki taldearen elkarlanari esker, "Garraxi ixilak" antzezlana izango da ikusgai gaur, 20.00etan, Bastero kultur gunean. Sarrera doan izango da.
Antzerki eskolako kideek sortu eta eginiko muntaian eta Joserra Fachadoren zuzendaritzapean, Gerra Zibilean Andoaingo errepublikarrek jasandako bizipen tragikoak taularatuko dituzte, "Oroituz" Taldeko Xabier Lasa andoaindarrak idatzitako "Ahozko historioa: lokartutako ahotsa" liburuan bildutako testigantzak oinarri hartuta. Hortaz, Gerra Zibilean galtzaile izan zirenen ikuspegitik landutako obra da "Garraxi ixilak" , beraz. Gogoratu behar da 1936. urteko abuztuan Andoaingo biztanleen erdiak ihes egin behar izan zuela.
Talde amateurra
Erabat amateurra da Landaberriko gurasoek osatutako antzerki taldea. Urtero, gai bat aukeratu eta antzezlana prestatzeko ohitura hartu zuen orain urte batzuk.
Aurten, Andoaingo 36ko biktimen testigantzetan oinarritu da, ordubeteko antzezlana atontzeko. Gaur Andoainen eta ekainaren 6an Lasarte-Oriako kultur etxean antzeztuko dute lana, antzerki astearen baitan, baina prest daude interesa agertu dezaketen beste udalerrietara ere joan eta prestatutakoa aurkezteko.
(Noticias de Gipuzkoa. 08 / 05 / 22)