Sartagudari lehen tokia dagokio, zoritxarrez, Nueva Españako aitzingidariek 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ostean Nafarroako lurretan osatu zuten izu-laborriaren argazkian. Zorigaiztoko pribilegioa, inondik ere, eta deitura ikaragarria, alargunen herria zeritzotenarena, horrek berekin dakarrenarengatik.
Han egongo da -dago-, Memoriaren Parkea ere esaten dioten hori, gaur inauguratzekoa dutena; faxismo garaileak eraildako eta zigorturiko milaka nafarren oroigarri izango da lekua. Alabaina, Nafarroako eta Erriberako maparen gune horretan egonagatik, askoz ere geografia zabalago bati dagokio Sartaguda, bai zuzenbidez bai norbanakoen sufrimenduari dagokionez: alegia oroimenaren geografiari, faxismoaren aurkako oroimen demokratiko nafarrari, euskaldunari... Espainiako Estatuko beste zenbait herri eta hiritako jendeak ere partekatzen duenari: nola Sartaguda, hala Gernika, Badajoz eta Madril... faxismoaren aurkako oroimen demokratiko global eta unibertsalaren ondare eta erreferentzia dira.
Gaur, Sartagudan, dardara bizian izango gara, oroimenak gogora ekarriko baitizkigu hainbat irrika, musu galdu, malko, eta batzuetan ezinezkoak eta besteetan behartuak izan ziren agurrak. Horretarako gertaturiko harri handietan, zizelak izenez izen eta heriotzaz heriotza zizelkatu du garai hartan benetako demokrazia politiko, sozial eta ekonomiko bateko ideiei aberatsek, ahaltsuek, eta haiek zeru-lurretan zituzten aliatuek ezarri zieten prezioa, eta, batik bat, ideia haiek aurrera eramateko izan zuten ausardiari jarri zieten prezioa.
Gaur, Sartagudan, oroimenaren izenean gaude deituta, eta bizien eta hilen kontzientziaren izenean ere bai. Agian krabelin batekin korapilaturiko sentimendu bat eramatera joango gatzaizkien -ekartzera joango garen- ehunka eta milaka pertsonekin batera iritsiko dira: besteak beste, Gaztelugibelgo fusilatuak, eta Ezkaba mendikoak, eta Igari eta Bidankoze gainetakoak, eta Fortunato Agirre, Ramon Bengarai, Felipe Amatria, Gregorio Oyon; Maravillas ere etorriko da -Ferminek kantatzen digun Larragako loreño hori-, aita Vicenteri eskutik helduta, eta bere arimaren urmargoa erakutsiko digu, handik askatasun koloreak har ditzagun eta geure etorkizuna margotu dezagun.
Gaur, Sartaguda, toki aproposa da, egokiera ona, haien guztien heriotzari buruzko gogoeta egiteko, heriotzara eraman zituzten ideien inguruan aritzeko, eta guk geuk pertsona haiek eta haien ideiak ez ahazteko egiten dugunaz gogoeta egiteko. Haien izenek, harrian idatzita egongo baitira -baitaude-, han bilduko garen guztion kontzientzia iratzarriko digute zuzen-zuzenean, dagoeneko egin dugunaren eta eginkizun dugunaren inguruan; lur honetan, izan ere, oraindik bere hartan baitiraute hiltzaileen eta haien gaizkideen ohorezko kaleek, sarraskia diseinatu zutenen gorpuzkinak gordetzen dituzte mausoleoek, eta Nueva Españaren loria handirako armarriek -hemen gogorarazitakoen heriotzari sorgor eraikitako keinu gisa-. Zer esan behar diegu fartsa hutsezko epaiketa bidez fusilatu zituzten haien guztien artekoei, legez gaur egun oraindik indarrean dituztela orduan ezarri zizkieten kondenak? Sekula ez zela ezer egin bahitu zizkieten ondasunak haien familiei edo haiei beraiei itzultzeko? Ikusitakoak ikusirik, hainbat eta hainbat oraindik beldurrez bizi direla gaur egun, hitz egiteko, bila aritzeko, ezer kontatzeko beldurraren itzal likatsuaren pean, «betikoek hor jarraitzen dutelako» beldurrez? Edota duela hilabete batzuk Memoriaren Legea izenekoa onartu dutela, eta Francoren erregimeneko arduradunak zigorgabetzat berretsiko dituela? Bizi guztiko «demokratatzat» jo dituztela haietako asko eta asko? Uztarriak eta geziek eta eguzki-arranoak oraindik ere kalean dirautela, tenpluetan, eta zentro ofizialetan?
Sentimendu, gogoeta horiek guztiak metatuko dira gaur Sartagudan, Memoriaren Parkean. Gu ere hara joango gara, ekitaldi hori mugarri bat izan dadin aurrerantzean ere egiaren, justiziaren eta ordaintzaren aldeko borrokan jarraitzeko. Hara joango gara, burutazio bakarra gogoan: Sartaguda ez dela amaia, baizik eta ibilbide baten jarraipèna, herritarren erabakitasunak eta jardunak oztopo guztien gainetik agertu duen gaitasunaren erakusgarri. Sartagudan ez delako ezer ixten, eta ez delako ezer bazter uzten. Sinetsita gaudelako ez geniekeela saldukeria handiagorik egingo han gogora ekarritakoei, ezpada omenaldi horixe baliatuz haiek ahanzturaren hondoan zokoratzen hasteko, modu ezkutuan zein agerikoan. Egin geniezaiekeen saldukeriarik handiena izango bailitzateke omenaldi hori baliatzea, hain zuzen, hitz hotsandikoen eta ekitaldi arranditsuaren gibelean mozorrotzeko eta zuritzeko geure koldarkeria, eta geure uko egitea borrokan jarraitzeari, haiek beren aurrekoen ondoren jarraitu ez bezala, «demokrazia-demokrazia» bateko idealen aldeko borrokan, gaur egun oraindik ere hain premiazkoak zaizkigun ideal horien aldekoan... Alegia, ekitaldi horren bidez aldatzea benetako egia, justizia eta ordaintza.
Nola Ahaztuak 1936-1977 taldekoontzat, hala fankismoaren beste biktima askorentzat, Sartaguda ez da hilobi bat izango. Han ez dago ezer lurperatuta, ezer ez baita amaitu, baizik eta guztiz alderantziz, dena dilindan dago, pendiente abrazo, despedida, beso, flor... Pedro Guerra kantautore kanariarrak zioskun bezala. Eta halaxe egiaztatzen digu, bere ausentziatik, Galiziako lurretan ehortzitako Tomas Urdiain nafarrrak, Mar Cantábrico izeneko itsasontziko eskifaia-kide izaki, Kantauri Itsasoan preso hartu baitzuen itsasontzi faxista batek -Errepublikarentzako armak zekartzala-eta-, eta kide zituen marinelekin batean Ferrolen fusilatu baitzuten, eta gaur arte ez baitzen ageri faxistek eraildako nafarren zerrendan...
Haren ororimenez, eta duela hirurogeita hamar urte amets baten atzetik pedalei eragin zieten haien guztien izenean, bete-betean harrapatu baitzituzten maldan gora zihoazelarik. Horixe dakarkigute gogora, esate baterako, Fernando Traverso argentinarrak Sartaguda herriko horma batean marrazturiko bizikletak eta haren herrikide Rafel Amorren kanta batek.
Eta, batik bat, berriro ere maldan gora ahalegintzeko asmoz gaur egun amets haren atzetik pedalka dabiltzan guztien oroimenez.
(Erredakzioan itzulia)
(Berria. 08 / 05 / 10)