jueves, mayo 15, 2008

MEMORIAK AIREA HARTU DU MUESEN. Izaskun Moiu Pinillos, 1936ko Irailaren 7an eraildako Ramón Pinillosen iloba


Duela 72 urte, 1936ko uztailaren 18an, estatu kolpe frankistaren egunean, gerora Nafarroako beste herri askotan errepikatu zen izua bizi izan zen Muesko herrian.

Herritarron harridura eta zintzotasuna baliatuz, etxeetako ateak jo eta hiru gizonezko eraman zituzten: Lucas Ortega, Ramon Pinillos eta Corpus bere anaia. Ramon nire aitona zen. 36 urte, emaztea, hiru seme eta hiru alaba zituen; txikienak sei hilabete zituen, eta handienak, 11 urte.

Hilabete eta erdi geroago, irailaren 7an, sufrimendu eta kartzela egun eta gau luzeen ostean, Oteitza herriko kanpoaldeko bide bazter batean hil zituzten, zitalki, Andosillako beste sei gazterekin batera.

Lizarrako espetxetik lotuta atera, eta San Kristobalgo gotorlekura eraman behar zituztela esan zieten; aldiz, beren bizitzek, beste 3.400 pertsonenak bezala, Nafarroako landetan aurkitu zuten amaiera. Beren gorpuzkinak apurtuta eta landa horietan barreiatuta geratu ziren.

Ramon nire aitonak eta bere kideek ez zuten guda fronterik ezagutu; ez zuten inongo guda zibiletan parte hartu. Exekutatu, fusilatu, eta bide bazter batean lurperatu zituzten.

Egun horretan, eta jarraian etorri ziren beste askotan, ahaztura eta isiltasun oihal beltzek estali zituzten Mues eta beste hainbat herri.

Gertatutakoa salatu zutenek, gertatutakoa txalotu zutenek, gertatutakoa eragozteko aukera izanda egin ez zutenek urte luzez zapaldu zuten nire amonak, Julia Monrealek, zapaltzen zuen lur gorri bera, giza biziraupenaren ekintzarik ausartenean bere eskuekin urratzen zuen lur gorri hura.

Minez eta bakardadez jositako malkoen artean, aire garbi bera arnastu zuten; gau luzez, izarrez beteriko zeru beraren azpian lo egin zuten.

Francisco Francoren diktadura osoan zehar, familiako kideak batzuen eta besteen oroimenak ehuntzen joan ginen, sarri isiltasunari gogor garrasi eginez; helburua Ramon zerbait gertuago izateko beharrezkoak genituen altxorrak sakontasunetatik berreskuratzea zen. Ahaleginak ahalegin, aitonaren aurkako salaketa eragin zuen UGT sindikatuaren txartela bera ere ez genuen eskuratu.

Ahaztura oihal bat erori zen bere bizitza gazteen gainean. Inork ez zuen haiei buruz hitz egiten. Inork ez zuen galdetzen nolakoa zen bizitza haiek gabe.

Demokrazia iritsi zen, baina elkartasuna, aitorpena, konplizitate keinuak... ez ziren iritsi. Iraganeko denborak, denbora hilak.

Baina historiaren liburu bizia ez da orrialde zuriekin idazten, eta, azkenik, joan den larunbatean, 2008ko maiatzaren 10ean, Memoriaren Parkea-ren orrialdea ausardiaz eta malkoz betetako hizkiekin bete zen Sartagudan.

Eraildako hiru lagunen izenak irribarre egiten dute bertan dagoen murrutik eta, larunbatean, lehen aldiz, ezezagunak ziren lagunen artean, beldurrik gabe, negar egin ahal izan genuen gure hildakoengatik, desgaraian eginiko doluaren errituak egin ahal izan genituen, guztia lorez estali eta beren alde topa egin ahal izan genuen.

Nire amak, Ramon eta Juliaren alaba zaharrenak, beste behin ere, handienaren handitasuna erakutsi zigun larunbatean: belztasuna gaindituz bizitzea; mendeku egarria gaindituz bizitzea; indarrak hartu eta aurrera egiteko bakarrik erortzen uztea; burua ongi altxatuta lantzea aske eta miragarri egiten gaituen giza duintasuna.

Sartagudan, Memoriaren Parkean, nire aitonaren ondorengoen hiru belaunaldik oroimenaren eta itxaropenaren oihala ireki genuen.

Ezagutzen ez dugun jende askoren ahalegin eta lan gogorrari esker egin ahal izan genuen; bakea eta elkar ulertzea eskaintzen digun leku kutuna zizelkatzeko ikertu, idatzi eta lan egin duen jende askoren ahaleginari esker. Gure esker onik zintzoena horiei guztiei.

Larunbatean, dena den, betetzeko zailak diren hutsuneak ere egon ziren. Pertsona asko ezin izan dira heldu; bidean geratzen joan dira, gure bihotzetan beti bidelagun izan ditugun arren. Beste batzuek egoteko aukera izan zuten; baina ez ziren etorri.

Esaten dutenez, 1936ko irailaren 7ko egunsentian, hiru uso zurik Aldapako Andre Mariatik aire hartu eta Mues gainetik hegan egin zuten justizia eta askatasun hegalak irekiz.

Ea orain, 72 urte geroago, jaiotzen ikusi zituen herriak zirraraz dar-dar egiterik duen goiz hauetako batean usoak berriz ere dotore aire hartzen ikustean!

(Berria. 08 / 05 / 15)