domingo, mayo 11, 2008

MEMORIAREN, ARO BAT ITXI DUTE SARTAGUDAN

"Memoriaren Parkea". Frankismoko 40 urte eta diktadura osteko 30 igaro behar izan dira 36ko gerran eta ostean nazionalek Nafarroan hildako 3.420 lagunek -beste 11 fusilatu ere identifikatu dituzte berriki- behar bezalako omenaldia jasotzeko. Sartagudan Memoriaren Parkea inauguratuta, historiaren aro ilun bat itxi dute. Zazpi metroko horma, hilen izen eta abizenekin, biktimak ahanzturatik argitara ateratzeko.

Nafarroako Fusilatuen Senideek eta Alargunen Herriko Elkarteak sustatu dute Sartagudako Memoriaren Parkea, eta Foru Parlamentuak --hasieratik-- eta 86 udalek lagundu dute diruz. Asko kostata, Nafarroako Gobernuak ere laguntza ematea lortu zuten azkenerako.

Atzoko ekitaldian, euripean baina milaka lagunen aterkipean, erakunde, alderdi eta elkarte askotako ordezkariak bildu ziren Sartagudan, altxamendu frankistaren biktimak gogora ekartzeko. Hiltzaileek bazter lekuetako zanga zuloetan ezkutatu nahi izan zuten biktima horien oroimena, eta senideek urte luzeetako zauriak itxi nahi dituzte, haien memoria argitara ekarrita.

Absentziak. Ez UPNko ez Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zen izan atzo Sartagudan, Memoriaren Parkean. Nafarroako kaleetatik ikur eta izen frankistak ezabatzeko garaian uzkur azaldu dira orain arte, eta altxamendu frankistaren gaitzespenik ere ez dute egin. Iragana zama astuna baita oraindik. Eta batzuek nahiago izan dute atzera ez begiratu. Aurrera egiteko, baina, biktimen hezurrak zuloetatik atera eta garai ilunetako historia txikiak argitara ekarri beharra dago. Horretarako, plaza egokia da Sartaguda.

(Berria. 11 / 05 / 08)