"Oroituz" taldearen eta Lasarte-Oriako "Landaberri" ikastolako antzerki taldearen elkarlanari esker, "Garraxi ixilak" antzezlana izango da ikusgai hilaren 22an 20.00etan Andoaingo Bastero kultur gunean. Antzerki eskolako kideek beraiek egindako muntaian, Andoaingo errepublikarrek Gerrate Zibilean jasandako bizipen tragikoak taularatuko dituzte. Xabier Lasa Oroituz taldeko andoaindarrak idatzitako "Ahozko historia: lokartutako ahotsa" liburuan jasotako testigantzak oinarri hartuta egin dute lana. Zentzu horretan, Gerrate Zibilean galtzaile izan zirenen ikuspegitik landutako obra da "Garraxi ixilak" .
Mailu Arruti antzerki taldeko kidearen esanetan, "Joserra Fachado zuzendariak fusilatutako errepublikarrei buruzko an-tzezlana egitea proposatu zigun ikasturte hasieran. Erronka onartu eta informazioa biltzen hasi ginen muntaia egiteko". Hortaz, urrian ikasturtea hasi zutenetik obra honen inguruan aritu dira ilusio izugarriarekin baina baita ardurarekin ere, "gertuko jendeak bizitako tragedia islatu nahi izan baitugu eta gaiak karga emotibo itzela duelako".
Elkartasuna
"Garraxi ixilak" obrak elkartasuna adierazi nahi die "hainbat urtetan beldurpean isilik egon diren biktimei eta denbora guzti honetan jasandako irainak nolabait konpentsatu nahi genituzke lan xume honekin" dio Arrutik. Ildo beretik, "historia garaileek idazten dute. Guk, ordea, buelta eman nahi izan diogu eta inongo historia ofizialetan agertuko ez diren drama pertsonalak, sarritan familiak ere ezagutzen ez dituenak, plazaratzea da gure helburua" dio.
Ekimen honen bitartez, euren aportazio xumea egin nahi diote memoria historikoa berreskura-tzeko mugimenduari. Hilaren 22an Basterora gerturatzerik ez dutenek, bigarren aukera izango dute, lana ekainaren 6an taularatuko baitute Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, antzerki astearen baitan.
(Noticias de Gipuzkoa. 17 / 05 / 08)