jueves, mayo 29, 2008

ARANISMOAREN MUINA ASTINTZEN. Emilio Lopez Adanen "El nacionalismo vasco en el exilio" berrargitaratu du "Txalaparta" Argitalexeak

Itsasoak izozmendiaren erpina soilik agerian uzten duen bezala, memoriaren kutxa ez da kaxa huts bat. Kanpotik hala dela dirudien arren, memoriaren biltegian, handitik txikira ordenatutako hainbat kaxa daude, eta horiek osatzen dute osotasuna. Emilio Lopez Adan Beltza-ren "El nacionalismo vasco en el exilio" (Euskal nazionalismoa erbestean) liburuaren berrargitalpenaren azaleko irudia esanguratsua da oso.
Duela 30 urte Txertoa argitaletxeak argitaratutako liburua jantzi berriarekin dator, Txalapartaren eskutik. Arestian aipatutako kutxen dilema matrioshka bat izango balitz bezala irudikatu du Esteban Montorio irudigileak. Irudia ez da nolanahikoa, azalak liburuan gakoa zein den uzten baitu agerian. Lopez Adanek esana da: «Nazionalismoaren barnetik aranismoaren kritika egiteko izpirituarekin egina da liburua».

Euskal Herriko egungo historia ulertzeko jada «klasiko» bihurtu den lanaren berrargitalpena aurkeztu zuten atzo Jose Mari Esparza Txalapartako editoreak eta Lopez Adan egileak. «Desagertua» zegoen lanari bizi berria emateaz pozarren azaldu zen Esparza. Lopez Adanen liburuak «belaunaldi baten prestakuntza intelektualean izan duen garrantzia» gogora ekarri zuen, eta azalari so eginez, «historia agerian uzten» duen liburu baten aurrean gaudela adierazi zuen.

«EAJrentzat bereziki mingarriak diren zenbait gai jasotzen dira bertan», Esparzaren arabera. Horietatik bi baino ez zituen aipatu, «gehiago dauden arren». Batetik, EAJko kide batzuek nazismoarekin izan zituzten harreman «ez ofizialak» eta, bestetik, Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuekin izandako hartu-eman «ezagunak».

Bi adibide horiek adibide hutsak baino gehiago 1937tik 1960ra EAJren historiaren adierazleak ere badirela uste du Lopez Adanek. Halako mugimendu estrategikoek EAJren jarrera «erreakzionario eta immobilista» agerian uzteraino. «EAJko buruzagiek ez zuten ikusten militantzia aktiboaren beharra».

Lopez Adanek gogorarazi duenez, EAJ «halako dantzetan» zebilen bitartean, 50eko hamarkadatik aitzina Hego Euskal Herriko gazteengan indar berri bat pizten hasi zen. Industriaren berrindartzearen garaia zen eta kanpotik etorritako langileak «nazionalismotik integratzeko» beharra ikusi zuten. «Euskal burgesia nazionalarentzat, aldiz, langileak maketoak ziren. Boterean mantendu nahi ziren, negozio onak egin». Orduan hasi zen pentsamendu marxista errotzen.

Lopez Adanen aburuz, Federiko Krutwigen eragina ere nabarmena izan zen garaiko gazteengan. Pentsamendu aranistaren kontrakoaren kritikekin abertzaletasuna bide berriak urratzen hasi zen. «Garai horretan aranismoaren dekonstrukzio osoa egin genuen». Txalapartak argitaratutako liburua «izpiritu» horren isla dela dio Lopez Adanek.

(Berria. 08 / 05 / 29)