Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, salatu du, Ezkaba mendian hondatu egin dutela han 1938. urteko maiatzaren 22an hil zituzten presoen alde jarritako monolitoa. Kalte «handiak» egin dituztela salatu du elkarteko ordezkari Maria Santos Santa Quiteriak. «Estelaren eskuineko aldea txikitu egin dute». Ez da, gainera, antzeko jazoera bat gertatzen den lehenengo aldia. «Behin eta berriro gertatzen da», salatu du Ahaztuak-eko ordezkariak, eta «gaitzidura» erakutsi du. Agintariei ahalegina eskatu die oroigarria zaintzeko. «Modu horretan, etorkizuneko belaunaldiek memoria mantendu ahal izango dute».
Monolito hori 1988. urtean jarri zuten Ezkaba mendian. 1934-1945 urteetan, bertako militarren gotorlekua, espetxe gisara erabili zuten, eta 1936ko gerran Francoren kontra jardundakoak preso hartzeko erabili zuten. Gehienak errepublikazaleak ziren, eta 2.000tik gora egotera heldu ziren, aski egoera gogorrean.
1938. urteko maiatzaren 22an, espetxeko bizi baldintza ankerrak jasan ezinik, ihesaldia saiatu zuten795 presok, baina horietatik hiruk bakarrik lortu ahal izan zuten ihesa gauzatzea. Beste 207 hil zituzten eta 585 harrapatu. Hildakoak oroitzeko asmoz eraiki zen, propio, monolitoa, eta urtero gogora ekartzen dute jazoeraren urtemuga.
«Askatasunagatik eta Errepublikagatik» preso horiek bizia eman zutela dio monolitoaren idatziak. Eta monolitoa hondatzen den bakoitzean haien memoria ere hondatzen dela salatzen du Ahaztuak-ek.
(Berria. 08 / 05 / 16)