martes, mayo 13, 2008

SARTAGUDAKO "MEMORIAREN PARKEA". Jon Urruxulegi. Idazlea.


Aurtengo maiatzaren 10ean Sartagudan egin genien omenaldia Nafarroan fusilatu zituzten 3.240 euskalduni. 72 urte igaro behar izan da hain merezia zuten omenaldia burutzeko. Baina egun hartan bertan gogoeta serio batek hartu ninduen bortizki. Zergatik omenaldia nafar fusilatuei bakarrik? Askoz gutxiago izanda ere, ez al zituzten erail era berdinean Hegoaldeko beste hiru herrialdeetan? Eta hausnarketa honi bueltak eman eta eman, hona hemen zein ondoriotara iritsi naizen. Omenaldi horrek Hego Euskal Herriko fusilatu denak hartu behar zituen bere baitan, hortxe, Sartagudan, besteen izenak ere bertan jarriz. Ez dut ikusten inolako arrazoirik beste fusilatuak diskriminatzeko. Sarraskia Nafarroan askoz handiagoa izan zela ez dago dudarik, baina beste herrialdeetakoak ere ez dira gutxi. Maiz deitoratzen ditugu Madrilek eta Parisek inposatzen dizkiguten zatiketak baina guztion batasuna (Hegoaldekoona behintzat) demostratu dezakegunean ere berdin jokatzen dugu. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban beste monumentu bana jaso behar al diegu? Ala hauei ez diegu omenaldirik egin behar?

Ea oker larri hau nola zuzentzen den.

(Berria. 08 / 05 / 13)