Egiaren batzordeak sortzea diktadorea hil eta berehalako lana eta zeregina izan behar zen, Errepublikaren aurka estatu kolpea egin zutenean nahiz Gerra Zibilean eta diktaduraren garaian egindako krimen larriak ikertu eta argia ikusteko.
Frankismoaren biktima garenok diktadurarekin berrogei urteko errepresioa eta isiltasuna jaso dugu. Franco hil eta gero, alderdi antifrankista askok frankismoaren erreforma onartu dute: frankisten sarraskiak eta krimenak isilpean mantentzeko ituna egin zuten.
Trantsizioa sekulako belarrondokoa izan zen gure aita-amentzat. Kasu askotan haien aita-amak militante izan zireneko alderdiek albora utzi zituztela ikusi zuten, ezertan aintzat hartu barik, bazirudien gure familiako kideak existitu ere ez zirela egin.
Senideoi ez ziguten ezer galdetu, ez ziguten ezer kontsultatu, gure gainetik erabaki zuten eta isilik egoteko esan ziguten, ahanzteko.
Frankismoak fusilatutakoen senideok berrogei urtean bizi izan ginen diktadurapean eta gero beste 32 urte egiarik gabe, ordainik gabe, justiziarik gabe.
Egoera honetan dator Garzonen ekimena, Memoriaren Legearen filosofiatik aldenduta. Printzipioz pozez hartu genuen, autoan bertan inoiz Espainiako botere batek esan ez dituen gauzak esaten zituelako :
-Frankismoa nazismoarekin parekatzen du.
-Desagerpenen delituak ezin direla preskribitu, gizateriaren aurkako krimenak izan zirelako.
Hori esanda, hainbat zalantza ere bagenituen:
-Ikertzeko muga historikoa 1951n jarri izana.
-Hildako militarrei egoztea delituaren ardura guztia.
Garzonen autoak itxaropena sortu zuen, leiho bat irekitzen zuen, jende askorentzat astindua izan da baina, esaten genuen bezala, bidean ikusiko dugu noraino heltzen den justizia, eta oso bide motza egin du.
Garzonek frankismoaren aurkako auzia bertan behera uztea frankismoaren biktimentzat beste zaplastako bat izan da. Ez da izan lehendabizikoa, 72 urte luze daramatzagu justizia eskatzen. Estatuak orain arte bizirik egon den zigorgabetasun eredu horri eustea erabaki du. Estatuan inpunitatea justiziaren gainetik dago.
Biktima guztiak berdin-berdin tratatu behar direla dioen printzipioa aplikatu gabe, berriz ere, frankismoaren biktimekiko justizia egiten hasteko borondate eza adierazten ari dira.
Horren aurrean, orain arte bezala, biktimen, familien eta gizartearen esku dago gaia bizirik mantentzea. Orain, lehen bezala, gizartearen mobilizazioaren esku dago, batez ere, benetako justizia lortzea. Gobernuek ezingo dituzte frankismoak egindako gizateriaren aurkako krimenak betiko estali.
Irtenbidea borondate politikoan datza. Orain egun batzuk borondate politiko horren adibide izan zen Arrasateko Udala: Talde Mistoa, PSOE, PNV, Ezker Batua-Zutik, EA eta Aralar alderdiek bat egin eta honakoa onartu zuten: «Frankismoaren epaiketa penal eta historikoa egitearen alde gaudelako, gertaera horien inguruan Debagoieneko Fusilatuen, Senitartekoen eta Lagunen Batzordeak gizateriaren kontrako krimenen salaketa prozeduretan eta egiten dituen ekintzetan laguntzeko borondate politikoa eta elkartasuna adierazten du». Hori da egitekoa.
Matxinada militar faxistaren biktimen egia, justizia eta ordaintza ez da inolaz ere gauzatu. Diktadura, trantsizioa, demokrazia... 72 urte igaro dira: Noiz arte egon behar dugu injustizia egoera honetan?
(Gara. 08 / 11 / 21)