sábado, noviembre 22, 2008

FRANKISMOKO ETA GERRAKO BIKTIMEN ORDAIN DEKRETUA KALERATZEAR DUTE

1936ko gerrako eta frankismo garaiko biktimen aitortza eta diru laguntzak arautuko dituen dekretua «egun gutxi barru» kaleratuko du Espainiako Gobernuak. Hala aurreratu zuen atzo Ramon Jauregi PSOEko diputatuak, eta iragarri zuen biktimak lurpetik ateratzea ere arautuko duela arauak.
Memoria Historikoaren Legea 2007ko abenduaren 28an sartu zen indarrean, eta lege hura garatzeko dekretuak egiten ari da Espainiako Gobernua. Jauregiren arabera, kaleratzear denak bilduko ditu 1936ko gerrako eta frankismoko biktimen aitortza lortzeko egin beharreko urratsak eta emango dituzten diru laguntzen inguruko arauak. Hasiera batean, Memoria Historikoaren Legeak dio aitortza egiteko eskaera Espainiako Justizia Ministerioari egin behar zaiola, eta aitortza egiteak ez dakarrela berekin kalte-ordainak jasotzea. Dekretu berriak, gainera, arautuko du Gobernuak nola baimenduko duen lurpetik hildakoak ateratzea, «gerran desagertutakoen hilobi komunak daudela dioten frogak dauden lekuetan».
Jauregiren ustez, «guztiz duina» da erakunde publikoek laguntza ematea beren senideak lurpetik atera nahi dituztenei. Horregatik, Memoria Historikoaren Legea «herri honek historiarekin duen zorra kitatzen joateko tresna egokia» dela iritzi dio diputatuak. Bide beretik, Maria Teresa Fernandez de la Vegak, Espainiako Gobernuko presidenteordeak, adierazi du lege horrek lagundu egiten duela «zauriak itxi ezin izan zituztenen mina konpontzen».
«Zalantzazko oinarria»
Gerran eta frankismoan egindako delituengatik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak auzia ireki eta ondoren ikertzeari utzi diola eta, Ramon Jauregik dio epaileak hasitako ibilbidearen oinarri juridikoa «oso zalantzazkoa» dela. «Argi dago ezinezkoa dela hilda dauden pertsonen aurkako jarraipen penala hastea».
Diputatu sozialistaren esanetan, 1977ko Amnistiaren Legea Garzonek hasitako ekinbidearen aurka doa. Areago, lege hori «guztien adostasunarekin» onartu zela eta «adiskidetze hitzarmena» izan zela uste du. Legea «lehenago gertatu zenagatik erantzukizun penalak ez izateko» zela adierazi du, eta haren ondoren «erregimen politiko eredugarri baterako trantsizioa» etorri zela.
(Berria. 08 / 11 / 22)