domingo, junio 14, 2009

MAKIEI OMENALDIA NABASKOZEN: OLLATEKOAK GOGOAN

Faustinoren Bordan zen, Ollate mendiaren inguruan. 1944an, Nabaskozen, Nafarroako Pirinioaurreko mendi zabal eta itxietan. Frantzia hegoaldetik iritsitako gerrillari antifrankistak ziren. Dozena erdi bat edo. Bakarrik. Francoren aurkako borrokalari saiatuen gordelekua ziren Pirinioak. Espainian sartu, bertan geratutako borrokalari ohien babesa lortu, altxamendu orokorra piztu, eta diktadorea betiko garaitzea zen haien helburua. Pirinioak ziren talaia.

Euskal Herrian ez zen gerrillari talderik antolatu, baina pasabide garrantzitsua gertatu zen Asturias, Kantabria edo Aragoira joan nahi zutenentzako. Makien artean euskal gerrillari gutxi izan zen horregatik, baina Euskal Herrian gertatu zen, esaterako, borrokalarien arteko ihesaldirik garrantzitsuena, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekukoa. Eta Faustinoren Bordan esaterako, Ollate mendian, Nabaskozeko lehen etxeetatik kilometro gutxi batzuetara, han ziren dozena erdi bat borrokalari, Francoren armada osoaren aurka borrokatzeko prest, 1944an.

Herrian duela gutxi arte oso ondo gorde dute negu haren gomuta. Atzo, omenaldia egin zieten. Aurrenetako onarpen ofiziala zen.

Ahanzturaren kontra

Dozena erdi bat ziren bordan segurtasun indarrek antzeman, inguratu, eta hantxe garbitu zituztenean. Bi hor daude lurperatuta. Gainontzekoak herrira jaitsi zituzten; batzuk, zaurituta. Fusilatu zituzten. Izan ziren lekukoak.

«Omenaldi hau irain kitatze txiki bat besterik ez da», esan zuen Andoni Urrutia alkateak, atzo, «benetako justizia barkamena eskatzea litzatekeelako, eta lapurtutako ondasunak itzultzea». «Gora Errepublika!» ozen batekin amaitu zuen jarduntxoa.

Nafarroa bera hiru eremutan banatuta zegoen, makien kontrako borrokari zegokionez. Zangoza ingurukoa zen horietako bat, Erronkariraino. Bigarrena, Iruñeko merinaldea zen; eta, hirugarrena, berriz, Erribera. Nabaskozekoaren arduraduna Amadeo Marko zen. Nabaskoztarra, Diputazioko burua izatera iritsi zen politikari ezaguna.

Eta politikaz hitz egin zen atzo, askatasunaren alde borrokatutako jendearen mezu politikoa berreskuratu beharraz. San Kristobaleko iheslari baten ilobak egin zuen, Carlos Otxoak Nabaskozeko herriko plazan, berrogeita hamar bat lagun aurrean zituela.

Zendu berri den Mario Benedetti poetaren hitzekin hasi zen. Ahanztura, historiari burla egiteko modu lausoa dela. Eta orain arteko ahanztura, berez, beldurra dela nabarmendu nahi izan zuen. Eta gogorarazi zuen azken egunotan Ahaztuak elkarteak antolatutako jardunaldien leloa: Gatibu, ez; armarik gabeak, ere ez. «Makien jardunak Francoren azken gerra partea gezurtatu zuen. Guk ere gezurtatzen dugu, gu baikara orduko borrokalari haien oinordekoak. Ez gara ez gatibuak, ez armarik gabekoak, hitzaren arma dugulako».

Memoria berreskuratzeko lana

Memoria selektiboaz hitz egin zuen Otxoak. Eta erroetara joan beharraz. «Kezkatuta gaude, azken puntua eta amaiera jartzeko presa berezia antzematen dugulako. Orrialdea pasa eta erakundeei eskerrak emateko. Oraindik ez da azken puntua jartzeko unea. Memoria berreskuratzeko lana eduki politikoz bete behar dugu, haiek biktima politikoak izan zirelako». «Ezin dugu bakarrik sentimenduez hitz egin, ezin ditugu bakarrik omenaldiak egin», gaineratu zuen. Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarez antzera mintzatu zen. «Aski da, liburu gehiago ez ditugu behar. Borroka egin behar dugu».

Baina omenaldiaren benetako protagonista Jesus de Cos zen, Kantabriako Pablo Komandantea. "Machado" unitatean lotura lanak egin ondoren, makien gerrillan sartu eta, dena galdu zenean, 40ko hamarkadaren amaieran, Frantziara, erbestera joan zen. 36ko gerran fusilatutako eta desagerrarazitakoen gorpuak ez zirela lurretik atera behar esan zuen. «Gero eliza etorri eta hilerrietan sartzen ditu. Utz ditzagun borrokalariak lurrean bakean». Eta borrokari segida eman behar zaiola aldarrikatu zuen. «Borrokan, hil arte».

Eta Alvarezi kontra egin zion, gainera. Baietz, liburuak idazten jarraitu beharra dagoela. «Idazten, eta gazteei kontatzen. Gazteak, jende ona dira. Baina gertatu zena kontatu behar zaie. Ez niri gertatu zitzaidana. Niri guka hitz egitea gustatzen zait».
*Jesus De Cos, "Pablo Komandantea": Makien barruan borrokan aritu zen Pirinioetan, dena desegin eta Frantziara ihes egin zuen arte.

*Omenaldia. Ahaztuak elkarteak De Cos eta Felipe Matarranz omendu nahi zituen, baina azken hori gaixo jarri nonbait, eta ez zuen Nabaskozen egoterik izan.

*Borrokalari sutsua. De Cosek fusilatuen gorpuak lurpetik ateratzeko lanak kritikatu zituen.

(Berria. 09 / 06/ 14)