Emozioa, tristura, alaitasuna. Zirrara. Hamaika sentimenduk egin zuten bat atzo Sartagudan (Nafarroa), Memoriaren Parkearen inaugurazioan. Historia ofizialetik kanpo dauden horiek oroitzeko tokia da parkea. Loreak eramateko tokia. Bertan, «memoria historiko humanitarioa» aldarrikatu zuten atzo, giza eskubideetatik hasi baitzuten parkea egiteko bidea egitasmoaren elkarte antolatzaile biek 2002an: alegia, Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Elkarteak eta Alargunen Herriaren Elkarteak.
Milaka lagun hurbildu zen atzo parkera. Ikusmin handien sortu zuena, dena den, frankismoak fusilatu eta hil zituen 3.420 lagunen izenak erakusten dituen zazpi metroko horma izan zen. Batzuek argazkiak atera zituzten senideen izenaren ondoan, besteek, loreak jarri. Denei bildu zitzaien bihotza. Joxe Ulibarrenaren (Gurutzada Santuan tiroz hildakoak) eta Nestor Basterretxearen (Fusilatzeko hilorma) eskulturak ere badaude, eta aurki Jose Ramon Andaren artelan bat paratuko dute. Gainera, Bernardo Atxagaren, Pablo Antoñanaren, Jokin Muñozen, Castillo Suarezen, Jose Maria Jimeno Jurioren eta ekimenaren antolatzaileen testuak irakur daitezke parkean. «Ez dut hitzik adierazteko guretzat zer esanahi duen parke honek», adierazi zuen Julio Sesmak (72 urte), Sartagudako Alargunen Herriko Elkarteko ordezkariak. Haren aita, Andres, fusilatu egin zuten.
1936tik Sartaguda alargunen herria bezala ezagutzen bada ere, hemendik aurrera «oroimenaren hiriburu» gisa ezagutarazi nahi dute. Nafarroako herririk zapalduena izan zen Sartaguda 1936an, 84 lagun tiroz hil zituzten-eta (populazioaren % 8). «Zuribiderik gabe, euren izana ezabatu nahi izan zuten, baina gaur (atzo) erakusten ari gara ez ditugula ahaztu». Hortaz, senideren bat edo lagunen bat galdu zutenek, lursailak ostu zizkietenek, irainduak izan ziren emakumeek jaso zuten atzo omenaldia, horien senide guztiez aparte. Era berean, Sesmak esan zuen parkeak balioko duela «halako sarraskirik errepika ez dadin gazteek borrokaren bidea jarrai dezaten». Sartagudako alkate Juan Ramon Martinezek, bere aldetik, barkamena eskatu zien horman izena paratuta duten guztiei. «Barkatu hildakoei omenaldia 1936tik 72 urte igaro ostean egiteagatik».
Inaugurazioa ordu erdi berandu hasi zen (13:00ean) euritea zela-eta prestatuta zituzten bi aparkalekuak ezin izan zirelako erabili. Auto ilara luzeak sortu ziren eta 50 boluntario baino gehiago egon ziren lanean. Bi karpa handi jarri zituzten ekitaldirako.
Herritarrek eskainitako «babesa» eskertu zuen Mirentxu Agirre Nafarroako Fusilatuen Elkarteko presidenteak. Lizarrako alkate abertzale Fortunato Agirreren alaba da. Halaber, 2005etik diruz lagundu duten instituzioei «esker ona» adierazi zien Agirrek. Nafarroako Parlamentuak 250.000 euro eman ditu eta 120.000 euro, berriz, Espainiako Presidentzia Ministerioak. Guztira, parkeak 480.000 euroko aurrekontua izan du; gainerako dirua Nafarroako 85 udalek eta herritarrek eman dute.
Inaugurazioan Roldan Jimenok, Jimeno Jurioren semeak, hitz batzuk eskaini zituen eta Sartagudako joteroen ikuskizunaren ondotik, lore eskaintza egin zuten izenen hormaren parean. 2.700 lagun bildu zituen herri bazkariaren ondoren, musika saioen txanda izan zen: besteak beste, Bide Ertzean taldeak, Aurora Beltranek, Carmen Parisek, Inma Serranok, Fermin Valenciak, Ruper Ordorikak eta Jose Antonio Labordetak hartu zuten parte. Azkenik, Enrique Villareal "El Drogas"-ek memoria historiaren aldeko manifestua irakurri zuen.
Alderdi politikoetako, sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkari anitz bildu ziren atzo Sartagudan. Nafarroako Gobernuko eta UPNko ordezkaririk, baina, ez zen azaldu.
BABES HERRIKOIA
Atzo bildutako milaka lagun horien artean asko ziren Nafarroan 1936ko gerran eta frankismoan fusilatu, desagertu edo zigortutakoen senideak. Lodosako Felisa Irisarrik 74 urte ditu eta bere aita, Jose, 27 urte zituela fusilatu zuten. Emakumea negarrez zotinka zegoen. Parkea zer iruditzen zitzaion galdetuta, «ikusten nauzu nola nagoen», erantzun zuen, irribarrez, baina malkoak begietan zituela. «Oso gogorra da», gehitu zuen.
«Parkea zoragarria iruditzen zait, bazen garaia halako zerbait egiteko», esan zuen Carmen Remirezek. Lodosakoa da eta 62 urte ditu. Bere aitona (Manuel Suberbiola) Mendabiakoa zen; 46 urterekin hil zuten. Ziraukiko Carmen Bermejok 14 zituen bere aita (Manuel) fusilatu zutenean 42 urterekin. Herriko postaria zen. Erreniegara eraman eta bertan hil zuten. «Oso ondo iruditzen zait egitasmo hau (parkea), batez ere gure oroimena aldarrikatzeko eta belaunaldi gazteei gertatutako ezagutarazteko».
Iñaki Munduate 38 urteko donostiarraren aitona, Teofilo Etxarri, Artabiakoa zen. 36 urte zituela fusilatu zuten Urbasa ondoan. «Primeran iruditzen zait parkearen herri ekimena. Merezi genuen, eta merezi dute».
«Herri mugimenduen eta instituzioen elkarlana behar da»
Ioseba Ezeolaza "Memoriaren Parkea"ren koordinatzailea
Errepublikazale «amorratua» delako eta argi duelako «bidegabekeri itzela» egin dela. Horregatik batu zen Ioseba Ezeolaza Nafarroa Baiko parlamentaria Memoriaren Parkearen ekimenera 2002an. Harrezkero, egitasmoaren koordinazio lanetan aritu da.
Zein izan zen parkearen abiapuntua?
2002ko udan hiru lagun bildu ginen eta Fusilatuen Senideen Elkartea sortzeko erabakia hartu genuen, bidegabekeria askori oraindik ez zaielako aurre egin. Batez ere instituzioen aldetik. Urte horretako azaroan, bi elkarteak, Alargunen Herriko Elkartea eta Fusilatuen eta Desagertuen Senideen Elkartea jaio ziren Iruñean.
Ordutik makina bat gauza igaro da.
Lehenengo unetik elkarteak mugarri inportanteak ezarri zituen. Adibidez, Parlamentuan ez ohiko bilkura deitu genuen 2003ko martxoaren 10ean. Bertan, guk proposatutako deklarazio ofizial bat babestu zuten, UPNren abstentzioarekin. Eskultura bat paratzearen ideia eta ikur frankistak desagertzeko ekimena jada mahai gainean jarri genituen. Inflexio puntu bat izan zen hura. Instituzioak, behingoz, demokrazian, fusilatuen senideen alde zeuden.
2003an onartu zuten deklarazioa, 1936tik 68 urtera. Berandu, ezta?
Bai. Eta Espainian 2007an behar baldin badute Memoria Historikoaren lege bat, horrek esan nahi du 30 urte hauetan akatsak egon direla. Nahiz eta odoltsua izan, ezin da historia ezabatu. Autokritika egin behar da.
Eskultura batetik parkea egitera zein izan ziren urratsak?
Denborarekin, senideen batzarretan apustuak egin genituen. Eskultura batetik parke batera igarotzea erabaki genuen, sendo. Apustu eroa izan zen hasiera batean, ez diru laguntzarik ezta baliabiderik ere ez genuelako. 2004ean udaletara mozio bat bidali genuen proiektua babesteko. Dokumental bat ere egin genuen, herriz-herri azaltzeko zein zen gure asmoa.
Diru laguntzak lortzea gakoetako bat izan da.
Nafarroako Parlamentura joan ginenean lehen hitzak gure aldekok izan ziren eta 150.000 euroko diru laguntza onartu zuten. Gero, kolpea jaso genuen Nafarroako Gobernutik: diru horrekin 1936ko gerrako biktima guztiak omentzeko eskultura egin zuen, Clemente Ochoarena. Biktimekin ez zuten hitz egin eta Memoriaren Parkea kolokan geratu zen. Gogorra izan zen Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramileak egindakoa. Ez dugu ahaztuko. Baina senideek bere horretan jarraitu zuten.
Ondoren, ordea, gizartean memoria historikoaren eztabaida gailendu zen.
Bai, izan ere, laguntza instituzionalik gabe proiektua ez zitekeen aurrera eraman, kostuaren %90 ordaindu dute-eta. Nahiz eta hasierako uneetan kolpe mingarri anitz jaso, 2005etik egun arte instituzio gehienek parkearen aldeko apustua egin dute.
Txalotzekoa da ekimena herritarrena izatea, baina instituzioek ere horrelako proiektuak jartzen ahal dituzte martxan.
Elkarlana egon behar du. Eta mugimendu sozialek rol nagusia eduki behar dute. Instituziorik gabe eta seniderik gabe ekimenak ezinezkoak dira. Alegia, instituzioek senideekin kontatu behar dute.
Eta, inaugurazioa igarota, zein izanen da hurrengo erronka?
Gure garaipenak ongi barneratzeko unea da, mugarri bat ezarri baitugu. Sei urte hauetan lan nekagarria egin dugu. Orain, desagertutakoen arazoari aurre egiten eta ikertzen jarraituko dugu Aranzadiren laguntzaz.
«Zuribiderik gabe haien izana ezabatu nahi izan zuten, baina erakusten ari gara ez ditugula ahaztu» Julio Sesma ("Alargunen Herria" elkarteko kidea)
«Memoriaren Parkea zoragarria iruditzen zait, bazen garaia horrelako zerbait egiteko» Carmen Remirez (Fusilatu baten iloba)
«Primeran iruditzen zait parkearen herri ekimena. Merezi genuen, eta merezi dute» Iñaki Munduate (Fusilatu baten iloba)
«Barkatu, hildakoei omenaldia 1936tik 72 urte igaro ostean egiteagatik» Juan Ramón Martinez (Sartagudako alkatea)
(Berria. 08 / 05 / 11)