martes, mayo 06, 2008

3.273 FUSILATU OROIMENEAN

Maravillas Lambertoren izenaren gainean arrosa gorri bat itsatsi du norbaitek. Larragakoa zen, eta 14 urte zituela,1936an, faxistek bortxatu eta fusilatu egin zuten aitarekin batera. Bere izenaren alboan, Nafarroan 1936an eta frankismoan fusilatu zituzten gainerako 3.272 pertsonaren izenak erakusten ditu Sartagudako Memoriaren Parkean dagoen zazpi metroko hormak. Lambertori arrosa jartzearen gisako helburua du parkeak, alegia, pertsona horiek ez ahazteko eta herri omenaldia egiteko toki bat sortzea; sarraski hura errepika ez dadin, memoria historikoa aldarrikatzea. Larunbatean inauguratuko dute parkea, eta milaka lagun espero dituzte; izan ere, bazkarirako dagoeneko 2.700 lagunek eman dute izena.
Fusilatuen zerrenda bukaezina ez ezik, Joxe Ulibarrenaren eta Nestor Basterretxearen eskultura bana daude parkean. Jose Ramon Andaren lan bat ere paratuko dute, baina ez da inaugurazioaren egunean jarrita egonen. Bernardo Atxaga, Jokin Muñoz, Castillo Suarez, Jose Maria Jimeno Jurio, Pablo Antoñana eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak eta Alargunen Herriko Elkarteak egindako testuak ere irakur daitezke parkean. «Hilik nahi zintuzteten, nahi zaituztete ahanzturaren gatibu, baina bizirik dirauzue gure buru bihotzetan», dio Muñozen testuak.

Parkea egiteko kokaleku Sartaguda hautatu izana ez da kasualitatea izan. Herri horrek jasan zuen Nafarroan errepresiorik handiena 1936an. Hiru hilabete eskasetan, Sartagudako 84 lagun fusilatu zituzten, populazioaren %8. Harrezkero, alargunen herria deitzen diote. Hala ere, parkeak Nafarroako fusilatu guztiak omendu nahi ditu, eta dagoeneko foru erkidego osoko jende ugarik bisitatu dute. Fusilatuen zerrenda herrika sailkatuta dago, eta ordena alfabetikoari jarraitzen dio. Identifikatu gabeko gorpu kopurua eta Ezkaban fusilatutakoak ere agertzen dira. Halaber, Nafarroatik kanpo fusilatutako nafarren izenak daude, besteak beste, Aragoin (Espainia), Santanderko (Espainia) espetxean eta Gussen II (Austria) nazien kontzentrazio esparruan hildakoak.

Parkearen proiektua 2002an abiatu zen, eta 500.000 eurotik gorako aurrekontua izan du. Egun, ia erabat ordainduta daude gastu guztiak; hala ere, iazko azaroan jasan zuten lapurretaren kalteak ordaintzeko 15.000 euro falta zaizkie. Zoruko 11 proiektoreak eta instalazio elektrikoa ostu zuten parketik. Finantzaketa hainbat erakunderen laguntzaz egin dute. Foru Parlamentuak hasieratik babestu zuen ekimena, eta Nafarroako 86 udalek diru laguntzak eman dituzte. «Asko kostata», azkenean, Nafarroako Gobernuak ere lagundu du, parkearen koordinatzaile Ioseba Ezeolazak gogoratu duenez. Behin inauguratuta, parkearen mantentze lanak Nafarroako Gobernuak bere gain hartzeko urratsak egiten saiatuko dira. Horrez gain, gerora begira, parkearen interpretazio zentro bat eraikitzeko proiektua ere badute.

«ELKARBIZITZAREN EREDUA»

Proiektuaren sustatzaileak Nafarroako Fusilatuen Senideen eta Alargunen Herriaren Elkarteak izan dira. Kideek behin eta berriz azpimarratu dute memoria historikoa berreskuratzearen garrantzia. Alargunen Herriko kide Delfin Martinezen aita (Delfin hura ere) berak sei hilabete zituela fusilatu zuten. «Orain badakit aitaren izenean ahal den guztia egin dudala, lasai hil naiteke». Julio Sesmaren aita (Andres), berriz, berak lau hilebete zituela hil zuten. Sesmak dio bere bizitzan bi une garrantzitsu izan direla; lehena, 1978an fusilatuen gorpuzkinak berreskuratu zituztenean. «Bagenekien non zeuden gutxi gorabehera, eta Suarez Espainiako Gobernura iristean euren bila joan ginen». Bat izan ezik, Sartagudako 83 hilotz exhumatu zituzten. Bigarren une garrantzitsua parkearen inaugurazioa izanen da.

Martinezek kontatzen du 1936ko gerran Murchanten bazela emakume bat egunero senarraren hiltzailea ikusten zuena. Haren leiho ondotik pasatzen zen, egunero ordu berean. Emakumeak adreilu bat zuen leiho ondoan hiltzaileari burura jaurtitzeko. Egunero saiatzen zen, baina ez zen inoiz ausartu. Sartagudan ere ez ziren horretara ausartu. Bertako alkate Juan Ramon Martinezek uste du herria «elkarbizitzaren eredu» dela. «Fusilatuen seme-alabak hiltzaileekin bizi ziren, eta ez da inoiz arazorik egon». Carlos Martinez Alargunen Herriko Elkarteko kidearen ustez, «gertatua mendeku sutsua egiteko aukera eman zuen, baina ez zen halakorik egin».

«Orain badakit aitaren izenean egiten ahal nuen guztia egin dudala. Lasai hil naiteke»
Delfin Martinez
Delfin Martinez fusilatuaren semea

«Hemen gertatutakoak mendeku sutsua eragiteko aukera eman zuen, baina ez zen halakorik egin»
Carlos Martinez
"Alargunen Herriko Elkarte"ko kidea

EGITARAU ZABALA LARUNBATERAKO

Egitarau zabala prestatu dute Sartagudako Memoriaren Parkea inauguratzeko. Mirentxu Agirre Nafarroako Fusilatuen Elkarteko lehendakariak, Julio Sesma Sartagudako biktimen ordezkariak eta Roldan Jimeno historialariak hitz batzuk eskainiko dituzte. Jarraian, Lizarrako Koroaren emanaldia izanen da. 17:30ean, aldiz, Bide Ertzean taldeak, Taller de Kortxeas koroak, Aurora Beltranek, Carmen Parisek, Inma Serranok, Fermin Valenciak, Ruper Ordorikak eta Jose Antonio Labordetak abesti bana abestuko dute. Enrique Villarreal El Drogas-ek memoria historikoaren aldeko manifestua irakurriko du gero, eta bi dokumental aurkeztuko dituzte.

Terrorea islatu dute Ulibarrenak eta Basterretxeak euren artelanetan

Joxe Ulibarrenak 11 urte zituen 1936an. Egun batean, Iruñeko Gaztelu gibelean futbolean ari zela, bi gizon fusilatzera zihoaztela ikusi zuen. Besarkatuta zeuden biak. Hiltzaileek «Gora Espainia» oihukatzeko eskatu zieten, eta orduantxe 17 bat urteko neskatxa bat biktimengana hurbildu zen. Hirurak besarkatuta zeudela «Gora Errepublika» oihukatu, eta akabatu zituzten. Une hori hain justu adierazi du Ulibarrenak Sartagudako Memoriaren Parkerako egindako eskulturan.

Gurutzada Santuan tiroz hildakoak lana zimurtsua da, artistak adierazi nahi duena bezala. «Oso gogorra izan zen hura, abstraktua, ezin diot izenik jarri», dio Azkoiengo artistak. Erraietan bizi zuen terrore hura. «Oso garrantzitsua da sarraski hura oroitzea, baina nahiz eta ulertzen saiatu, ez dut uste bizi ez dutenek nolako sarraskia izan zen uler dezaketenik, alegia, hura senti dezaketenik». Ulibarrenaren aita ere fusilatu egin zuten, eta amari ilea moztu zioten.

Guztira, 6.000 metro koadro ditu parkeak, eta herritik 500 metro ingurura dago. Sei banku, hainbat landare eta 200 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte. Pinuak, zumarrak, arteak eta ereinotzak daude, besteak beste. Ahalik eta tokirik atseginena izatea nahi izan dute antolatzaileek. Hala ere, Ulibarrenaren obra parketik kanpo dago, metro batzuk haratago. «Ez nuen toki atsegin batean egotea nahi, lore politez inguratua. Horregatik dago albo batean, arroilan bezala, eta edozein zelaitan hazten diren landarez inguratua, tiroz hil zituztenen antzera». Izan ere, olibondo zaharrak, erromeroa eta ezkaiak ditu ondoan obrak.

Hasieran, Ulibarrenaren lana soilik egon behar zuen bertan. Gero, parkea eraikitzea erabaki zuten. Nestor Basterretxea eta Jose Ramon Anda batu ziren ekimenera. Andarena hilabete batzuk barru jarriko dute, eta parkeari sarrera eginen dion ataria izanen da.

Basterretxearen obra, bestalde, hilorma bat da. Hain zuzen ere, Fusilatzeko hilorma du izenburu. Lotutako pertsona bat agertzen da tiroen zuloez inguratuta. 6,5 metroko luzera du eskulturak eta, halaber, igitai baten itxura dauka. «Hiltzeko egina da igitaia, eta horrek gerraren krudeltasuna adierazteko laguntzen dio obrari», adierazi du Basterretxeak.

Bermeoko artista ere 1936ko gerrako biktima izan zen. 12 urte zituela deserriratu behar izan zuen, aitak EAJn zuen ibilbideagatik. «Asko sufritu genuen gure herrian gertatzen ari zenarekin. Bost urtez Frantzian egon nintzen, eta gero odisea iritsi zen; 15 egun iraun behar zuen bidaiak 465 iraun zuen. Casablancan (Maroko) eta Argentinan izan nintzen, esaterako».

Sartaguda, alargunen herria

1935ean Sartagudan 40 urtetik beherako alargun bakarra zegoen. 1940. urtean kopuru hori 40ra igo zen. Horregatik deitzen diote alargunen herria. Nafarroan, Erriberan izan zen zapalkuntzarik handiena 1936ko gerran, nahiz eta berez guda fronterik ez zegoen. Sartagudan izan zen fusilatu gehien beste herriekin alderatuz. 84 fusilatu zituzten, eta emakume askori ilea moztu zieten eta jendaurrean iraindu. Tasa, zehatz-mehatz, mila biztanleko 64,4 fusilatuena zen, eta inguruko herrietan (Carcar, Lodosa, Mendabia...) 30 ingurukoa zen.
Oso herri txiroa zen Sartaguda, eta 1936an artean ere jaun batena zen. Duke haren administratzaileak lur sailak alokatzen zizkien herritarrei. Haiek, beraz, ez zuten deus, oso egoera latzean bizi ziren. Ezkertiarrak zirenak horren kontra borrokatzen saiatu ziren urte askoan, eta 1936an mendekua etorri zitzaien.

Julio Sesma Alargunen Herriko Elkarteko kidearen arabera, herritarrak ez ziren sarraskiaz jabetu. «Nola hil behar gaituzte ez badugu ezer egin?», pentsatzen zuten. Hortaz, ez zuten aurre egin; ez zuten ezer antolatu. Ez zuten, gainera, baliabide nahikorik. Faxistak iristear zeudela herriaren sarrerako bidean horma txiki bat jarri zuten. Besterik ez.

Fusilatutako gehienak UGTko afiliatuak ziren. Herrian zeuden 145 afiliatuetatik 45 hil zituzten. CNTko ia guztiak ere akabatu zituzten. Gainera, hildako gehienak 20 eta 39 urte bitartekoak ziren, familia buruak ia guztiak. Hala, orobat behatzarekin hautatzen zituzten eraman behar zituztenak. Horretarako, erretorearen eta Guardia Zibilaren laguntza izan zuten militarrek. Semeari Progreso izena jartzeagatik fusilatu zuten haietako bat. Eskale soil bat ere akabatu zuten faxistek. Baina 84tik gehienak, 40 bat, Sanjurjoren armadan sartzera behartu ondoren fusilatu zituzten, 1936ko urrian.

LIBURU BATEN AURKEZPENA

Ostegun honetan Sartagudaren historiari buruzko liburua aurkeztuko dute, parkearen inaugurazioaren karietara. "Sartaguda 1936. El Pueblo de las Viudas" Fernando Mikelarenak osatu du Jose Maria Jimeno Jurio historialariak utzitako dokumentazio aberatsarekin. Material asko argitaratu gabe da, gainera. Adibidez, elkarrizketak egin zituen herrian eta UGTko kide baten egunerokoa biltzea ere lortu zuen. «Gertatutako hura salatzeak berebiziko garrantzia du», ohartarazi du demografia historikoan aditu den Mikelarenak.

(Berria. 08 / 05 / 06)