«Euskal Herriaren memoria historiko demokratikoa eta antifaxista» omentzeko, ekitaldia egingo du Ahaztuak 1936-1977 frankismoaren biktimen elkarteak etzi Eibarren (Gipuzkoa). 1931ko apirilaren 14an II Errepublika aldarrikatzean herritarrek demokratikoki gobernu mota baten alde egin zutela eta handik bost urtera estatu kolpearekin «esperientzia demokratiko hura armen indarraz suntsitu» zutela gogora ekarri nahi du elkarteak ekitaldiarekin.
Ekitaldia ez dutela «oroimen historizista edo ezin eginezko utopia» gisa deitu nabarmendu du elkarteak, baizik eta «etorkizun demokratikoago bat aldarrikatzeko». Herritar eta era guztietako talde eta eragileak etzi Eibarko Unzaga Plazan 13:00etan hasiko den ekitaldira deitu ditu elkarteak.
FUSILATUAK GOGOAN
Etzi bertan, 1936an Iruñean fusilatu zituzten 298 pertsonak omenduko ditu, urtero legez, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak. Ekitaldia 12:30ean eginen dute, Gotorleku gibelean.
Fusilatuen Senideen Elkarteko kide Olga Alcegak zehaztu du Iruñean fusilatu zituzten 298 pertsonak omentzeaz gain, 1936an Nafarroan hil zituzten 3.000 pertsonak ere omendu nahi dituztela. Era berean, Iruñeko Udalari «maila etikoa» izateko eskatu dio, «espero duten omenaldia» bultza dezan. Fusilatuek idatzitako eskutitzak irakurriko dituzte, eta haien omenezko aurreskua eta lore eskaintza ere izanen dira.
(Berria. 08 / 04 / 10)