martes, octubre 11, 2011

"ESPAINIAKO FESTA NAZIONALA" INPOSATURIKOA DELA SALATUKO DUTE BIHAR

«Izugarrizko burrunba» egitera deitu du Independentistak sareak, bihar arratsaldeko bostetatik aurrera Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta, «Espainiako festa nazionala» delakoaren inposizioa salatzeko.

«Espainia: inposaketa eta hondamendia. Independentzia» lelopean abiatuko da martxa, eta Plaza Eliptikoan geldialdia egin ostean, Areatzan amaituko da. «Espainiar inposaketaren aurka eta gure herriak bere etorkizun politiko, sozial eta ekonomikoa erabakitzeko tresna propioak behar dituela aldarrikatzeko izango da burrunba: independentzia eta euskal Estatuaren sorrera aldarrikatzeko, Madrileraino helarazi nahi dugun burrunba», azaldu zuten.

Dena dela, martxa ez dela soilik manifestazioa izango nabarmendu zuten. «Ekimen alai eta parte hartzailea eta, era berean, oso erreibindikatzailea egin nahi dugu». Horrela, agertoki ibiltaria prestatu dute ibilaldia musikaz girotzeko.

Internazionalistak eta ikasleak

Musikak jarraipena izango du 18.00etatik aurrera, Aclai, Ahaztuak, Anitzak eta Askapena elkarteek antolatuta, Arriaga antzokiaren aurrean kontzertua izango baita Gaztelako Rojo Cancionero taldearen eskutik.

Emanaldi hori «519 urteko erresistentzia» lelopean egunotan Bilbon egiten ari diren jardunaldietako beste ekimen bat izango da, 1492ko urriaren 12an Amerikaren konkista hasi zela gogorarazteko. «80 milioi jatorrizko herritar erail, hainbat eta hainbat generazio esklabo bihurtu, lurrak bahitu eta garaiko baliabide preziatuenak, urre, zilar eta gainerakoak ustiatu zituzten», azaldu zuten genozidioa salatzeko.

Ikasle Abertzaleek ere, urtero bezala, herri eskolak egingo ditu bihar Euskal Herriko hamaika tokitan, jai arrotzekiko jarrera intsumisoa aldarrikatuz. «Ikasle eta abertzaleok ez ditugu onartzen gure bizi erritmoa, lan eta jai egunak markatzen dizkiguten egutegi arrotzak», adierazi zuten.

(Gara. 2011 / 10 / 11)