martes, mayo 05, 2009

ZORNOTZAKO PSEk EZ DU "TXIKI ETA OTAEGI" IZENAREN AURKA EGIN


Antonio Castellet Zornotzako PSE-EEren bozeramaileak adierazi duenez, ez du «kezkatzen» Txiki eta Otaegi plazak frankismo garaian fusilatu zituzten bi etakideen izenarekin jarraitzeak. 1975. urtean fusilatu zituztela eta bizi izan balira 1977ko Amnistia Legearekin kaleratzeko aukera izango zutela ohartarazi du. «Ez litzateke gauza bera izango herriko kale bati Artapalo edo beste etakide batzuen izena jartzea», zehaztu du. Hortaz, Txiki eta Otaegi plazaren izenaren inguruan ez duela eztabaidarik sortuko jakinarazi du.

Hala ere, auzitegien erabakiak errespetatuko dituela esan du zinegotzi sozialistak. Eta izena aldatzeko erabakia iristekotan ez duela horren aurkako helegiterik aurkeztuko, ez duela horretan udal gobernuarekin bat egingo.

Izan ere, Txiki eta Otaegi plaza izen horrekin mantentzearen alde ahal duen guztia egingo duela esana du Dabid Latxagak, alkate jeltzaleak, izena alda ez dadin «auzitegietako instantzia guztietara» joko duela. Hori bai, epai irmoa iristen bazaio agindua bete egingo duela eta plazari izena aldatuko diola azaldu du.

Zornotzako PPk, berriz, bi etakideen izena duen plazaren izena berehala ezaba dezatela nahi du. Horretarako, hurrengo udalbatzarrera proposamen zehatza eramango duela ere jakinarazi du. Auzitegien epaiaren zain egon gabe, Txiki eta Otaegi izena kentzea eta Terrorismoaren biktimak jartzea proposatuko du. Halaber, aldaketa hori egiten den egunean ETAk eragindako biktima guztiei Zornotzan omenaldia egiteko eskatuko du..

(Berria. 09 / 05 / 5)