Pasa den maiatzaren 16an, Nafarroako Irurita eta Eugi herrien artean, Artesiagan, monumentu bat inauguratu zen Baztango Udala, Iruritako Herria, Memoriaren Bideak eta Geronimo de Uztariz Institutuaren ekimenez. Monumentua gerra ondorengo bortxazko langileen omenez inauguratu zen. Maiatzaren 17an, monumentuari eraso zioten, plaka hautsi, pintadaz zirriborratu eta bestelako barrabaskeriak egin zituzten.
Altxamenduaren Nafarroako multzo batek ez du Historiaren digestioa egin. Noizik behin, buxatu eta burutu gabeko digestioa dela kausa, multzo honi haizeren batek ihes egiten dio, eta giroa kirasten du. Besteetan, eragin kaltegarriak isilean jasotzen dira eta ia ezin sumatuzkoak dira. Gertakari horiek elkarrekin ulertu behar ditugu, ezer ulertu nahi badugu. Jatorri bera dute, Garaipenak izan zuen balore aldaezina, balore aitorrezina.
Faxista multzo batek gogorarazi digu hau guzti hau: «Irebazi giñun eta beti irebeziko» idatzirik utzi digute monumentuan, berau mustu eta egun oso bat igaro ez zela. Monumentua errepresio frankista jasan zutenen omenez inauguratu genuen. Bortxazko langileek kolpez kolpe, pikotxa baliatuz ireki zuten NA-1740 errepidea, Irurita eta Eugi lotzen dituen errepidea. Bortxazko langile horiek borreroen eta klimaren gogortasuna jasan behar izan zituzten. Bortxazko langile horiek ordain ekitaldi hau, omenaldi hau gizarte zibilaren eskutik jaso dute. Omenaldia behetik gora garatu da, elkarte eta udalak izan dira omenaldia bultzatu dutenak eta ekimenak Espainiako Lehendakaritza Ministerioaren laguntza izan du. 2009ko maiatzaren 16an inauguratu monumentuak jasan zuen erasoak eta bertan zirriborratu mehatxuak egiazko terrorismoaren apologia dira, eta gorroto eta koldarkeria islatzen dute, orduko terrorezko erregimenaren oinordeko enboskatuen gorroto eta koldarkeria.
Taldexka honek lortu duen ospe hutsalak ez du zereginik gertaeren indarraren aurrean, hori bai, ekintzak balio izan du hedadura handiko medio batek zeharka eta berandu omenaldiaren berri eman dezan. Gertaerek aspaldi utzi zuten agerian altxamendu odoltsu haren hutsaltasun anker eta gaitzesgarria. Horrenbeste urtez «Espainia eta Jaungoikoaren alde Erorikoak» gurtzen igaro ondoren, bada garaia frankismoaren biktimak ahanzturatik berreskuratzeko. Agian, aurki, bai batzuk bai besteak oroimen kolektibo komun baten partaide izanen dira, oroimen dokumentatua, jasandako eta eragindako oinazea ezagutu eta aitortuko duen oroimena.
Horra iristeko, ezkutuan Nafarroa bakarra eta ohoratuan sinetsi zutenek, sinetsi dutenek Historia digeritzen asmatu beharko dute.
(Berria. 09 / 05 / 22)