martes, mayo 19, 2009

FRANKISMOKO ESKLABOEN OMENEZ ARTESIAGAN JARRITAKO ESKULTURARI ERASO EGIN DIOTE

Irurita eta Eugi (Nafarroa) batzen dituen NA-1740 errepidea 1936ko gerrako 1.756 preso inguruk eraiki behar izan zuten, bortxaz, 1939 eta 1941 urteen artean. Preso horien omenez, joan den larunbatean Bidegabeko Bidea eskultura inauguratu zuten Pitzamarren (Irurita, Nafarroa). Hala ere, Mikel Iriarteren eskultura inauguratu eta 24 ordu baino gutxiagora Baztango Falangearen izenean faxismoari gorazarre egiten dieten pintaketaz josita agertu da. Besteak beste, Viva Cristo Rey eta 39an irebazi giñun ta irabazikou irakur daiteke. Horrez gain, NA-1740 errepidean dagoen oroitarrian hiru lagunen izenak ere agertzen dira, horiei «kontuz» ibiltzeko mehatxua eginez.
Dena den, pintaketak ez dira eskulturan soilik agertu. Izan ere, Iruritako elizako sarreran dagoen horma zuria ere pintaketaz josita agertu zen atzo goizaldean. Bertan, gerran ustez Franco diktadorea defendatzeagatik hil ziren lagunen izenak idatzita agertu dira. Bestalde, Arraiozko (Nafarroa) herritar baten etxeko hormak hiltzeko mehatxuz bete ditu, ustez, Baztango Falangeak.
Virginia Aleman Baztango alkatea, eta Santiago Aldako eta Agustin Olabe zinegotziak atzo joan ziren Pitzamar ingurura, gertatutakoaren berri izatera. Alemanek jakinarazi duenez, «Pitzamarren gertatutakoaren berri Foruzaingoari eman diogu, egin beharreko ikerketak egin ditzan». Guardia Zibila ere pintaketen egileak identifikatzeko ikerketan ari da. Dena den, Iruritan jazotako eraso faxista ez da era horretako bakarra izan. Hain zuzen, azken hilabeteetan, antzeko ekintzak izan dira Doneztebe, Amaiur, Bera eta Lesakan, besteak beste. Esaterako, duela gutxi, bai Beran baita Lesakan ere, herriko alkateei mehatxu egiten zieten pintaketak agertu ziren hainbat tokitan.
Merezitako omenaldia
Eskultura inauguratzearekin batera, 1939 eta 1941 urteen artean esklabo gisa errepidea egiten aritutako 1.756 presoak omendu zituzten. Haietako bat izan zen Pako Barrena. «Errepide hau egiteko zuloak egin behar izaten genituen pikotxaz eta palaz, eta zuloa estaltzeko agintzen ziguten ondoren. Hori hamaika aldiz egin behar izan genuen, irainak entzunez», azaldu zuen. Alemanek errepidea egiten aritutako presoak ekarri zituen gogora. «Isiltasuna zigorgabetasunaren tokia da, eta hori hautsi dugu».
(Berria. 09 / 05 / 18)