Atzokoa bezalako egun batez, duela 72 urte, gerra iritsi zen Oiartzunera, Nafarroatik Gipuzkoara zabalduz. Orduko gertaera latzak oroituz, errepresaliatuak izan ziren gudariak omendu zituzten atzo, eta, bide batez, horiei eskainitako Oroimenaren Basoa aurkeztu zuten. Izen hori duen parkean fusilatutakoen gorpuak aurkitu dira, zehatzago errateko bi hobi, eta leku hori fusilamenduetarako eta horien osteko lurperatzeak egiteko erabiltzen zutela jakin da. Atzo estreinatutako gunearen xedea herritarrei eta bisitariei errealitate hori ezagutaraztea da.
Ramon Gaztelumendi egitasmo hau bultzatu duen Kattin Txiki elkarteko kide da, eta berak azaldu zuenez, «altxamendu faxista izan zenean gune horretara eramaten zituzten ezkutuan fusilatzera». Orain arte 14 lagunen gorpuak berreskuratu dituzte; horietako 13 parkean bertan zeuden, eta beste bat berriz handik hurbil, dirudienez ihesari eman zionean hil zuten-eta. Gaztelumendik azaldu zuenez, askoz ere gorpu gehiago dagoen susmoa dute, Artikutzarako bidean adibidez, baina parkeak horiek guztiak biltzen dituen oroitzapenerako lekua izan nahi du, orduko errepresioaren sinbolo bilakatuz.
Atzoko ekitaldia 12.00etan hasi zen, eta bertan izan ziren, herritarrekin batera, oiartzuarren ordezkari den alkatea, "Kattin Txiki" elkarteko kide bat eta Andoni Lekuona soziologoa. Bertsolariek eta dantzariek girotu zuten omenaldia.
Parkean ikusgai dauden hobietan aurkitu zituzten gorpuak, eta Gaztelumendik adierazi zuenez, «zirrara sortzen du hain karratu txikian hainbeste gorpu sartu zirela ikusteak». 1960an aurkitu zuten lehen hobia, zortzi gorpu zituena, eta duela pare bat urte topatu zuten bigarrena, bertan bost lagun lurperatuta zeudelarik. Hobi horiez gainera, informazio-panelak eta Antton Mendizabalek egindako oroigarria daude Oiartzungo Oroimenaren Basoan.
Memoria historikoa berreskuratzeko eta parkea eratzeko herritarrek parte hartu dute, eta, beraz, «Oiartzungo jendearen lanez sortutako gunea» dela azaldu zuen Gaztelumendik. Bestalde, joan den uztailaren 18an erakusketa bat ireki zuten, bi edo hiru astez ikusgai izango dena, eta bertan bildu dira Iragarri hilerrian aurkitutako piezak eta adineko jendearen testigantzak, besteak beste. Horren harira, lekukotasun horiek duten garrantzia azpimarratu zuen Gaztelumendik: «Herriarentzat eta historiarentzat ondare handia dira».
Gipuzkoari dagokionez, Oiartzungo herria izan zen altxamendu frankistak gehien kolpatu zuenetako bat. Hernaniren ondotik Oiartzun izango litzateke fusilamendu gehien jasan zituen herria, herrian bertan 21 herritar horrela hil baitzituen erregimen frankistak. Horrez gainera, Ezkaba mendiko San Cristobal gotorlekuko bezalako espetxeetara, Gurs-eko zelaietara nahiz langile batailoietara zigortutako dozenaka oiartzuarren kasuen berri eman dute, guztien izenak biltzen dituen triptikoak argitaratuz.
Parkea testigantza moduan
Oroimenaren basoa testigantza bihurtu da, beraz, eta gisa horretan, hemendik aurrera «hausnarketa gunea» izatea du helburu. Izan ere, oraindik argitu gabeko kontu asko omen daude, eta, horregatik, egia argitzeko exijitzen dute ekimen honen bultzatzaileek. Era berean, oraingoz inork erantzukizunik hartu ez duenez, «justizia egiteko beharra» nabarmendu zuen Gaztelumendik, eta horrekin batera, eragindako kaltea «osatzeko» ere aldarrikatzen dute. Bai erakusketa eta bai parkea bera ere ezagutzera joateko animatu zuten Oiartzundik.
(Gara. 08 / 07 / 28)