domingo, julio 20, 2008

FRANKISMOAREN ERAILDAKOAK OMENDU DITU SARTAGUDAN EZKER ABERTZALEAK


«Frankismoan eraildakoei egin dakiekeen omenaldirik hoberena haien ideiak defendatzen jarraitzea da». Tesi hori oinarri, 1936an bezala, askatasuna eskatu zuten atzo ehunka lagunek Sartagudan (Nafarroa), ezker abertzaleak deitutako manifestazio eta ekitaldian. Antolatzaileen arabera, 700 bat lagun bildu ziren Memoriaren Parkean, "Atzo gaur eta beti, askatasunaren alde" borrokan lelopean.

Maiatzaren 10ean inauguratu zuten "Memoriaren Parkea" alargunen herrian, Sartagudan, 36ko gerran eta frankismoan askatasunaren alde borrokatzeagatik eraildakoen memoria berreskuratzeko, hain zuzen ere. Ezker abertzalearen iritziz, ordea, ekitaldi ofiziala «faltsua» izan zen. Haren arabera, maiatzaren 10ean bi arrazoik eragin zuten tristura: batetik, errepresioa gogoratzeak eta, bestetik, erakundeek egindako «mespretxuak». «Hildakoen borrokaren oinarri politikoa ezkutatu egin zuten Nafarroako politikagintzan aberastea besterik nahi ez dutenek. Ioseba Ezeolaza (Batzarre), Vicente Ripa (PSN), Roberto Jimenez (PSN)... Guztiek interes bera zuten: alegia, kapitulua amaitu eta gertatutakoa azaleratzen lagundu duten sektoreak baztertu».

Iruñeko Udaleko ezker abertzaleko zinegotzi Marine Pueyok ere maiatzaren 10ean zauriak «era faltsuan» itxi nahi izan zituztela salatu zuen. «36tik gertatutakoa kontatzeko eta ikertzeko garaia da, eta ez hura ahanzturan uzteko unea, batzuek nahi duten moduan».

Sartagudako Udaleko ezker abertzaleko ordezkari Gabriel Martinezek ere hartu zuen hitza, bere esanetan, parkearen inaugurazioan «jokoz kanpo» utzi zutelako. Hala, egun hartan esan nahi zuena adierazteko parada izan zuen atzo. «Parkearen inaugurazioan esan zuten Foru Parlamentuari esker egin ahal izan dela egitasmoa, baina, zer da Parlamentua, alderdi politikoak ez badira? Alderdi politikoek, baina, Franco hil zenez geroztik egia ezkutatzea ahalbidetu dute. Orain, diru publikotik lau sos eman dituzte parkea eraikitzeko, eta badirudi horrekin zorra kitatu dutela».

Horrenbestez, Martinezen iritziz, 3.420 zigortuen izenak erakusten dituen horma eraikitzearekin «ez da inolaz ere aski» --Joxe Ulibarrenaren eta Nestor Basterretxearen artelanek osatzen dute parkea eta aurki Jose Ramon Andaren eskultura bat ere paratuko dute--. Besteak beste, Nafarroako Parlamentuari Egiaren Batzordea eratzeko eskatu zion Martinezek, hots, gertatutakoa «argitzeko» xedea izanen lukeen Batzordea sortzea. «Eraildakoen izenen hormaz gain, hiltzaileen izenak erakusten dituen horma bat ere behar dugu, eta baita min hori guztia eragin zutenena ere, Eliza tartean».

Batik bat, PSN kritikatu zuen Martinezek. «1986. urtean, PSNk ez zuen bat egin Nafarroako fusilatuak omentzeko antolatu genuen ekitaldiarekin. Hala ere, guk legealdi guztietan aurkeztu ditugu mozioak herriko alkate fusilatua [Eustaquio Mangado] oroitzeko plaka bat jar dezaten eskatzeko, baina ez digute inoiz jaramonik egin». Horiek horrela, ezker abertzaleko Shanti Kirogak Sartagudako ezker abertzalearen «koherentzia» nabarmendu zuen.

Lore eskaintza hunkigarria

Atzoko ekitaldiko unerik hunkigarriena Progreso Mangado Alargunen Herria elkarteko presidenteari lore eskaintza egin ziotenean izan zen. Haren aita, Narciso, eta aitona, Eustaquio, 1936an hil zituzten.

Halaber, espontaneoki, ekitaldiaren erdian poema bat irakurri zuen fusilatuen senide Lucia Manerok. Haren aitona biak fusilatu zituzten eta amonari ilea moztu zioten. Sartagudan, 36ko gerra hasi zenetik lau hilabetera, 86 lagun hil zituzten (biztanleen %8), beste hainbeste alargun utziz.

(Berria. 08 / 07 / 20)