jueves, junio 12, 2008

"PERTUR"REN DESAGERTZEARI BURUZ KEREILA JARRI DU FAMILIAK AUZITEGI NAZIONALEAN

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" ETA politiko-militarreko kidearen desagertzeari buruzko kereila aurkeztu berri du familiak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auziari buruzko datu berririk ez dago kereilan, baina, familiako iturriek azaldu dutenez, lehendik ezagunak ziren informazioei buruz azterketa sakonagoa egin dezaten aurkeztu dute kereila, Perturren desagertzearen erantzuleak zein izan ziren argitzeko helburuarekin. Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio Epaitegiko Fernando Andreu magistratuari egokitu zaio auzia.

"Pertur" 1976ko uztailaren 23an desagertu zen, ETA politiko-militarreko kidea zelarik. Geroztik gorpurik ez da azaldu, eta inoiz ez da argitu zer gertatu zen. Pertur desagertu eta hiru egunera, uztailaren 26an, "Triple A" erakundeak hartu zuen bere gain, eta uztailaren 30ean "Batallon Vasco-Español" erakundeak "Pertur" hil izana errebindikatu zuen. Baina familiak ez zituen errebindikazio haiek sinetsi, eta sinesgarritasun handiagoa eman izan dio beste hipotesi bati: "Pertur" ETA politiko-militarreko "Bereziak" taldekoek desagerrarazi zutela. Izan ere, Pakito Mujika eta Miguel Angel Apalategi "Berezi"etako kideek ikusi zuten azkenengoz "Pertur": haien arabera, Pausura eramateko eskatu zien "Pertur"rek egun hartan, eta berak esandako lekuan utzi zuten, bidegurutze batean. Geroztik, ez da haren berririk izan.

Beste hipotesi batek indarra hartu zuen iaz, Angel Amigok zuzendutako dokumentala -"El año de los demonios"- plazaratzearekin batera: Italiako neofaxista talde batek bahitu zuela, Espainiako zerbitzu sekretuen enkarguz.

(Berria. 08 / 06 / 12)